Bermeoko Erraldoien Konpartsak laburmetraia bat egin du umieri pipie kentzien laguntzeko

Bermeoko Erraldoien Konpartsak joan den urtean ‘Ekau pipie Xixilintzako’ liburuxka argitaratu zuen. Aurten beste pausu bat eman du eta liburuxka horretan oinarrituta, titulu berdina duen laburmetrai bat egin du, Markel eta Gorka Goikoetxea anaiek zuzendutakoa. 

Liburuxkan bezala, ‘Ekau pipie Xixilintzako’ laburmetraian pertsonaiak, Anton eta Josefin eta Lorentzo eta Mari Bermeoko erraldoiak, sorgin bat eta gure Xixili ere ipuin honen protagonista bat da. Istorio honekin Bermeoko umetxoei pipie kentzen lagundu nahi diete gure erraldoiek, izan be, beste leku batzuetan, Iruña bezala, ohitura da erraldoiak herriko txikienei pipie kentzen laguntzea. 

Aingeru Astuik, Kultura zinegotziak, Bermeoko Erraldoien Konpartsako ordezkariek eta Markel Goikoetxea zuzendariak  aurkeztu dute ekimen polit hau Gizarte eta Kultura etxean egindako prentsaurrekoan. Laburmetraiak hamabost minutu inguruko iraupena du eta irailaren 4an, eguenean, estreinatuko da Nestor Basterretxea aretoan hiru pasetan 20:00etatik aurrera. Sarrera dohainekoa izango da. 

Bermeoko erraldoiez gain, hainbat dira laburmetrai honetan parte hartzen duten aktoreak, esate baterako, sorgina Eneritz Artetxe aktorea izango da,  Xixiliren papera Lupe Etxebarrietak antzeztuko du eta umea Urtzi Etxebarriostek. Erraldoien ahotsak Aingeru Astuik (Anton), Begoña Laiunok (Josefin), Aizbea Renteria Laiunok (Mari) eta Jose Luis Ormaetxeak (Lorentzo) jarri dituzte.  

Horrez gain, hainbat herritarrek parte hartu dute laburmetraian, izan ere, Olatuan eszena graba zen, herriko ume eta nagusien parte hartzearekin, denak mahoiz jantzita. 

Laburmetrai honek baduela beste helburu bat ere azaldu du Astuik, laburmetrai honek modu oso erakargarrian gure herriko erraldoiak ezagutzera emateko aukera paregabea eskaintzen digu. “Bermeok duen ondare garrantzitsu bat dira, itsas eta baserri munduaren isla, eta bermeotar guztiak, txikiak eta nagusiak, gure erraldoiak ezagutzea nahi dugu eta, gure ustez, laburmetrai honekin beste pausu bat ematen dugu helburu hori lortzeko”, nabarmendu du.  

Anton arrantzalea da eta Josefin saregina eta Lorentzo eta Mari baserritarrak dira, hain zuzen ere, garai batean Bermeoko bizitza zertan oinarritzen zen islatzen dute. 2002 urtekoak dira Anton eta Josefin erraldoiak eta 2004koak, berriz, Lorentzo eta Mari. Bermeoko Erraldoien Konpartsa 2006an sortu zen. Ordutik gaur arte, Bermeoko erraldoiak Euskal Herri osora eraman dituzte.  

Gure herrian erraldoiek hainbat ekimen eta jaietan parte hartzen dute, besteak beste, Arrain Azokan, Erromeridxen eta Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan. Bermeoko erraldoien taldeko ordezkariak azaldu duenez, “erraldoiak umeei hurbiltzea erabaki dugu eta horretarako hainbat ekimen jarri ditugu martxan, izan be, normalean beti izaten dira umeak erraldoiengana hurbiltzen direnak”.  

Azkenez, herritar guztiak gonbidatu dituzte eguenean, irailaren 4ean, ‘Ekau pipie Xixilintzako’ laburmetraia ikustera joan daitezen Nestor Basterretxea aretora “txikiak eta nagusiak gure erraldoi eta gure pertsonaiekin ondo pasatzeko aukera izango dute laburmetrai honekin”. 

http://www.bermeokoudala.net/187.html?&no_cache=1&tx_ttnews[tt_news]=789...

bermeokoudala.net
Astelehena, Iraila 1, 2014