Bizkaitarrak dantza zaleak izan dira beti, bai plazan, andra-gizonen edo neska-mutilen arteko soka dantzak dantzatuz, edo, bai herriko jai nagusietan parte hartuz, taldeka, santuen edo agintarien aurrean, dantzariak dantzan eginez. Askotan, eskualde bakoitzak, edo herri bakoitzak, bere aurresku mota berezia izan dau. Beste batzuetan Kaixa edo Mahai ganean dantzatu da, errito zaharrei jarraituz. Aratustetan be mozorrotuta dantza izan da nagusi, soka dantza zaharrak edo modako dantza barriak dantzatuz. Bizkaian, gaur egun daukaguzan dantza tradizionalen zehaztasunak jakiteko jarraitu aurrean daukazuzan aginduei.
SARRERA
Herri-dantzak, tradizioz, beti egon izan dira lotuta herriaren bizitza sozialarekin. Jendea elkartu den une garrantzitsuetan dantzatu izan da. Une horiek, orokorrean, hainbat egoera eta testuingurutan gertatu dira. Une bakoitzak berezko forma eta koreografiak garatu ditu, bai lekuagatik, bai parte hartzen duten pertsonaia motagatik, bai antzezleek ekitaldiari emandako esanahiagatik. Esate baterako, desberdinak dira dibertsiorako edo ondo pasatzeko diren ekitaldiak eta ikur eta pertsonaia garrantzitsuei omenaldi modura egiten zaizkien ekitaldiak. Lehenbizikoetan andrek zein gizonek har dezakete parte, eta bigarrenetan ekitaldi horretarako aukeratu eta prestatu den dantzari taldeak hartuko du parte. Horrexegatik, Bizkaiko folklore edo herri-dantzak aurkeztean, aniztasunari eta dantza bakoitzaren ezaugarriei buruz hitz egin behar da.
Dantza mota honen beste berezitasuna tradizioa dutela da. Herriak bere dantzatzat hartzen ditu, urteetan zehar egin izan direlako bertan eta zaharragoei ikasitakoak direlako. Horrexegatik, herri bakoitzak apartekotzat hartzen ditu bere dantzak, eta beste dantzetatik bereizten ditu. Hala ere, batzuk antzeko ezaugarriak dituzte eta multzoka bereiz daitezke.
Dantza guztiek dute hasiera bat; baita ingurune edo herri bakoitzari berezko izaera eman eta egokitu zaion historia ere. Jarraian, Bizkaiko herrietako jai eta dantzei buruz orain arte jaso izan ditugun zenbait datu historiko emango ditugu, aipatu dantza eta jaien antzinatasuna eta tradizioa erakutsi asmoz. Beste dantza batzuk ere aurkeztuko ditugu, orain arte dantzatu eta gaur egun ezagutzen ditugunak, dantza bakoitzaren berezitasun eta ezaugarriak aipatuko ditugularik.
SOKAN ETA BOROBILEAN EGITEN DIREN GIZARTE-DANTZAK
Aurreskua
Dantzei buruz aurkitu dugun lehen aipamena, Bilboko Udalak 1505ean egindako agindu batean agertzen da. Bilboko Ascao kalean zegoen dantza-eskola bati buruzkoa da. Ez da aipatzen zer dantza mota irakasten zen bertan, udal-ordenak bertan ematen ziren portaera zantarrei aurre egiten saiatzen baitzen bakarrik. Hala ere, Bilbok Europako beste hiri batzuekin zeukan harremana eta bertako giro kosmopolita kontuan hartuta, garai bateko gizarte-dantzak irakatsiko zituzten ziurrenik, kanpotik ekarritako dantzak.
Garai hartan, Euskal Herriko dantzen artean, ustez gizarte-dantza jatorrenaren modalitate bat egiten zela suposatzen da. Gero, Bizkaia osoan zabaldu zen dantza hau; Aurreskuaz ari gara, protokolo eta handitasuneko dantza. Zenbaiten iritziz Europako Erdi Aroko dantzetan du jatorria. Beste batzuk urrunago joan dira, dantza grekoekin ahaidetu baitute. Ez dakigu Bilboko Ascao kalean zegoen eskola horretan irakasten zen ala ez dantza hau, edota geroago dantza horretan sartu ziren parteak. Posible da, mende horretako bukaera baino lehenago, 1588. urte inguruan idatzitako kronika batzuek, Ibargüen-Cachopinenan deritzatenak, gaur egungo Aurreskuaren zati batzuk dituen dantza bat agertzen baitute. Hori da gainera, Bizkaian aurkitu den lehen deskribapen historikoa. Hala egiten da dantzan danbolin, txirula eta albokaren doinuan “a su uso vizcaíno, trabándose por las manos muchos de ellos y todos los que quieren danzar y así hacer un muy grande corro de danza, metiendo y tomando por las manos a una mujer o moza entre medias de dos hombres, y de esta manera, cantan y bailan y se huelgan y regocijan”. Interesgarria da “a su uso vizcaino” esaldia aipatzea, horrek, dantzaren berezitasun bat aipatzen duelako. Geroago, erreferentzia gehiago aurkituko dugu neska-mutilez osatutako soka-dantza honi buruz. Alde batetik, gotzainen erreferentziak ditugu. Horiek debekatu egiten zuten neska-mutilek elkarri lotuta dantzan egitea. Bestetik, beste iturri batzuetako erreferentziak ditugu, eta horien artean zenbait pertsonek elkarri idazten zizkioten gutunak nabarmendu behar dira.
XVIII. mendeko historialari bizkaitarra zen Juan Ramón de Iturriza eta Zabalak agertzen digu ordura arte egindakoa baino deskribapen zehaztuagoa. Berak egindako deskribapenean koreografia guztia agertzen digu. Garai hartan dantzak estimazio handia zeukan bizkaitarren artean. Askotan dantzan egiten zuten elkarrekin erlazionatzeko eta elkarri opariak egiteko. Aldi berean, dibertsiorako uneak izaten ziren, eta zenbait egoeratan, alkateak eta erregidoreak buru zirenetan, beraiek zeukaten agintea agerian uzteko uneak.
Jai guztietan egiten zen dantzan, igandekoetan zein beste edozeinetan. Orokorrean arratsalde osoa ematen zuten dantzan, otoitz ordura arte. Jai nagusietan ordea, goizeko meza nagusiaren ostean egiten zen dantzan. Garizuman debekatuta zegoen dantzan egitea, erlijio-aginduengatik. Andreak zein gizonak izaten ziren dantzen buru edo zuzendari, baina orokorrean, eta batez ere jai nagusietan, gizonak ziren protagonismoa hartzen zutenak. Andreen dantzak 1682an aipatzen dira, Lekeition egindako jai batean. Geroago, beste erreferentzia batzuk ere agertuko dira zenbait idatzitan, batez ere gure ohiturei buruz bisitari kanpotarrek egindakoetan.
Erromeriak
Aurreskua dantzatzeko txistua eta danbolina ziren erabiltzen ziren musika-tresna bakarrak. Hala ere, XVIII. mendearen amaieran, lehenago aipatutako albokaz gain, beste zenbait musika-tresna aurkitzen ditugu Bizkaiko herri-jaietan: dultzaina, biolinak, gitarra, zarrabeteak eta beste musika-tresnaren bat edo beste. Panderoa ere geure erromerien hainbat deskribapenetan agertzen da erritmo-akonpainamendu modura. Aipatu musika-tresnak dantza laburretan jotzen ziren, hau da, Aurreskuak duen protokolo eta handitasuna ez duten dantzetan. Aurreskua, ordea, dantza luzetzat hartzen da, eta horregatik deitu izan zaio Dantza Luze behin baino gehiagotan. Dantza labur horiek, unean uneko moda orokorragoen eragina dute, fandango, kontradantza, baltsea, polka eta abarren eragina, eta denborarekin gaur egungo erromeria klasikoaren jatorria dira. Geroago, XIX. mendearen amaieran, eskusoinu diatonikoa ere erabiltzen hasiko da herri-jaietan. Horren ostean trikitixa ezagutuko dugu. Hori ere borobilean egiten diren antzeko dantzak egiteko jotzen da.
MUTILEK TALDEAN EGINDAKO DANTZAK
Aipatu gizarte-dantzak borobilean jarrita egiten dira orokorrean, eta plazaren osotasuna hartzen da horretarako. Dantza horiekin batera, badaude mutilek egiten dituzten beste dantza batzuk ere. Talde bat osatzen dute, eta ezpatekin edo beste erreminta batzuekin uztartzen dira, kate luzeak edo laburrak sortuz. Katearen amaieran kapitainaren papera betetzen duen dantzaria dago; dantza taldea bi ilaratan ere jartzen da, ilara bakoitzean dantzari kopuru mugatua egongo delarik. Horiekin batera banderaduna, kapitaina, eta abar joango dira. Dantza talde horiek urtean egun zehatzetan parte hartzen dute bakarrik, jai garrantzitsuren bat ospatzen denean.
Taldeak bi ilaratan, dantzari kopuru mugatuarekin
Mota honetako dantzei buruz aurkitu ditugun lehen datuak 1519an Markinako Hiribilduan egindako saio batekoak dira. Jaia egin zen Carlos V erregea Alemaniako enperadore izendatu zutela ospatzeko. Hauxe da Udaleko ordainketek diotena: "en los dichos tres días anduvieron con el dicho tambolin, con una bandera, veinte mancebos dispuestos bailando y danzando por todas las dichas calles de la dicha villa y por su derredor". Ez da aipatzen zein dantza mota egin zen, baina taldeko dantzariek bandera ateratzen zutela esaten da.
Geroago, herri berean, Felipe II erregearen koroatzean, 1566an, danbolinjoleari ordaindu egin omen zitzaion eta baita dozena bi dantzariri ere. Hala agertzen da ordainketetan: “dos docenas de hombres mancebos danzantes con sus máscaras y cascabeles”. Geroagoko zenbait daturen arabera, bi ziren parte hartu zuten dantza taldeak. Taldeetako dantzari kopurua zehatza izango zela ondorioztatu dugu, normalean zortzi edo hamabiko dantza taldea. Hori da sailkatu dugun dantza mota bateko egitura normala. Gaur egun Durangaldeko Dantzari Dantzan ikus dezakegu.
Dantza horri buruzko agiriak Durangoko Hiribilduko paperetan ere agertu dira. Paperok XVI. mendekoak dira. Hurrengo mendeetan agiri argiagoak aurkituko dira Udaleko kontu-liburuetan. Agiri horien arabera, zortzi dantzarik hartzen zuten parte. Horiekin batera, banderaduna eta domingiloa zeramana joaten ziren. Domingiloa zintadun masta luze bat da, goiko muturrean panpina bat duena lotuta. 1801. urterako, Guillermo W. Humboldt bisitari alemaniarrak hartutako oharrei esker, dantza honen koreografia orokorrak ezagutuko ditugu. Eta gaur egun Abadiño, Berriz, Garai, Mañaria, Iurreta eta Izurtzako Elizateetan egiten den Dantzari Dantza garai hartako dantzaren antzekoa dela ikusiko dugu. Hala ere, badago zenbait desberdintasun gaur egungo eta orain berrehun urteko dantzen deskribapenaren artean. Gaur egun zati batzuk berriak dira eta beste batzuk desagertu egin dira. Zenbait Udaletan dauden datuei esker dantza hau zaindariaren jaietan noiztik egiten den ikusiko dugu.
Beste zenbait Udaletako agirien arabera, mota honetako beste dantza batzuk ere egiten ziren, baina guk ez ditugu ezagutzen, garai batetik hona ez baitira egin. Horrexegatik esan dezakegu, aurreko mendeetan mutilek dantzan egiteko ohitura oso zabalduta zegoela, bai zaindariaren jaietan, bai Kofradietako Santuen egunetan, bai bestelako jai-ospakizunetan.
Erremintekin uztartuta dantzan egiten duten taldeak
Aipatu dugun bezala, mutilak oinarrizko bi modutara agertzen ziren horrelako ospakizunetan. Lekeitioko Hiribilduan, esate baterako, ospatzen zen jaiaren arabera egiten zen. Gorpuztiaren jaietarako, hauxe atera dugu 1719an ondo gobernatzeko egin ziren jarraibideetatik: “el Señor Alcalde debe mandar disponer para la dicha procesión una danza de Espadas al uso de la tierra”. Ezpata dantza hori San Pedro egunean ere egiten zen, arrantzaleen jai egun nagusian. XVII. mendeko datuen arabera, hogei dantzari baino gehiagok hartzen zuten parte, guztiek erremintekin uztartuta dantzan egiten zutelarik. Abuztuaren 15ean eta San Roque egunean egiten ziren jaietan ordea, zortzi edo hamabi dantzariko taldeek makil dantza egiten zuten.
Xemeinen, gaur egun Markinari lotuta dagoen Elizatean, Bizkaian tradizioz egin izan den ezpata dantza bakarrari eutsi diote. 1714ko kontu liburuetan aurkitu ditugu horri buruzko datuak. Horien arabera, dantzaren gidariari ordaindu egin zitzaion San Migel eguneko prozesioan. Geroago ere agertuko dira dantzariei egindako ordainketak. Hortik ondoriozta daiteke aipatu jaietan dantzan egiten zutela. Urte batzuetan egin ez bada ere, gaur arte eutsi zaio.
Lanestosako Hiribilduan ere antzeko dantza bat egiten dute. Dantza horrek egitura berdina dauka, baina kasu honetan, dantzariek, arkuak erabiltzen dituzte ezpaten ordez, beraien artean uztartzeko. Hemen ere XVIII. mendeko datuak aurkitu ditugu eta horien arabera dantzaren antzinatasuna ezagutu daiteke. Batzutan Gorpuztiaren eguneko prozesioan egiten zen. Baina batez ere Elurretako Ama Birjina zaindariaren jaietako prozesioan egiten zen, abuztuaren 5ean.
Mutilek egiten dituzten dantza mota hauek oso aspalditik egin izan dira Bizkaian, aipatu forma bietan. Europako hainbat lekutan antzeko talde-egiturak aurkitu ditugu. Herri edo ingurune bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina argi dago gure eremuetatik kanpo ere zabalduta daudela.
DANTZAK EGITEN DIREN ERRITOAK
Kaixarranka
Dantzak ez dira taldeka jaietan edo prozesio garrantzitsuetan egin bakarrik. Beste ospakizun berezi batzuk ere handitasunez ospatu izan dira erritoak eta dantzak eginez.
Esate baterako, Kaixarranka edo kutxa lekuz aldatzea daukagu. Errito honetan, Lekeitioko arrantzaleen Kofradiako agiri eta objektuak kutxaren barruan eramaten ziren, kargua utziko zuen maiordomoaren etxetik kargua hartuko zuen maiordomoaren etxeraino. Ekainaren 30ean egiten zen, izendatzen zuten egunean bertan, baina gaur egun lekualdaketak ez dauka garai batean zeukan esanahia. Bezperan egiten da dantzan, San Pedro egunean.
XVI. mendearen amaierarako badaude jada jai honi buruzko erreferentziak. XVII. mendearen hasieran jaiaren forma eta ordenari buruzko argibide ugari aurkitu dira, auzi bati esker. Auzia herriko eliz Bikarioaren eta arrantzaleen Kofradiaren artean izan zen. Kalagorriko gotzaina Bikarioaren alde zegoen eta Bizkaiko Epaile Nagusia eta Valladolideko Kantzelaritza Kofradiaren alde. Auzia bedeinkatutako eliz jantzien erabileragatik sortu zen. Bikarioak debekatu egin zuen.
Agiri horien arabera, jaiak San Juan egunean hasten ziren. Egun horretan, jaietan parte hartuko zuten dantzari eta figuranteak izendatzen ziren. Egun horretan, agintari zibilek zein elizako agintariek taldean irteten zuten, herritarrekin batera, arratsaldeko arrosarioaren ostean. Aurio izeneko lekura joaten ziren, eta bertan, jaiak nola egin erabakitzen zuten. Aipatu lekuan erromeria handia egiten zen. 1682ko agiriaren arabera, erromeria horretan, kofradiakideek egindako dantzez gain, nesken dantzak ere egiten ziren. Gaur egun, garai hartako ohiturei jarraituz, eutsi egin zaie Lekeition nesken Aurreskuei.
San Pedro bezperan, parte hartuko zuten dantzari eta figuranteak aukeratzen ziren eta zeremoniei hasiera ematen zitzaien. Partaideak ezpata-dantzariak ziren. Aurkitutako oharren arabera, hogei baino gehiago ziren. Figuranteak San Pedro, San Juan eta San Andres dira. Hirurak dira Kofradiako arrantzaleak. Bezperan hasi eta uztailaren 2ra arte hartzen zuten parte. Kale artean eta eliza edo sakristian egiten zuten dantzan, kofradiako agintariekin batera, prozesioetan, lagun-taldean zein bisitetan.
Jaietako errito-une garrantzitsuena kutxaren lekualdaketa izaten zen. 1606an eskribau batek zeremoniako akta egin zuen, eta beraz, badakigu nola egiten zuten. San Pedrorena egiten zuena, gazteek bizkarrean zeramaten kutxa gainean joaten zen, “con su latria pontifical en la cabeza y una máscara de semblante de hombre anciano en su rostro y un manto a modo de los de la iglesia acuestas y una llave dorada en su mano”. Kutxaren aldamenetan beste bi figuranteak joaten ziren, San Andres eta San Juan. Horiek ere mozorro eta kaparekin. Beren aurretik danbolinjoleak eta ezpata-dantzariak, prozesio handian dantza eginez. Prozesioan gizon mozorrotuek ere parte hartzen zuten, baita zaldi gainean alkabuzekin tiroka ari zirenek ere. Kutxaren lekualdatze prozesio honetan marinel kofradiakideek, kargua hartzen zuen maiordomoak eta kargua uzten zuenak hartzen zuten parte. Agiriaren arabera beste jende batek ere: “juntamente con la Justicia y Regimiento desta dicha villa y los más honrados della y otros que vinieron de fuera parte”. Kutxaren lekualdatzea handitasunez egiten zen etxe batetik bestera “como si trajeran el Santa Santorun con mucho aplauso”. Dauden datuen arabera, ez zen kutxaren gainean dantza egiten. San Pedroren irudia nabarmentzen zen bakarrik gainean, mozorro, pontifize-latria eta elizako kapa eta guzti. Kutxa gainetik bedeinkapena ematen zuen eta, auzian deklaratu zuten lekukoen arabera, jendea belaunikatu egiten zen kutxa beren aurretik pasatzen zenean: “muchas gentes de poco saber e ignorantes se arrodillan viéndoles pasar por las calles dándose golpes en los pechos”.
Denborarekin, kutxa lekuz aldatzeko egiten zen prozesioa aldatu egin da. Orain ez da hain arranditsua. Lehenbizi figuranteak desagertu ziren, eta kutxaren gainean Santuaren irudia jarri zen. Geroago, ezpata-dantza egiteari utzi zitzaion, Hiribilduko folkloretik desagertu egin delarik.
Azkenik, XIX. mendearen hasierakoa da gaur egungo kutxaren gaineko dantzaria, San Pedroren irudiez apainduta dagoen bandera eskuan duelarik. Udalak ondo goberna zezan egin ziren jarraibideak 1822an eguneratu ziren, eta jarraibide horietan ekainaren 30eko betebeharrei buruzko honako ohar hau aurkitu dugu: “acto continuo va todo el Ayuntamiento con el tamboril por delante a las puertas de la casa donde habita el mayordomo saliente y tomando allí por unos hombres buscados al intento por el dicho mayordomo llevan el arca de la Cofradía a la casa del nuevo y le entregan yendo el Ayuntamiento detrás de dicha arca sobre la que va un hombre o mozo bailando con una bandera en la mano”. Kutxaren gainean dantza egiten dela dioen lehen erreferentzia da aurkitutako hau. Beraz, jendeari bedeinkazioa ematen dion San Pedroren irudia dantzari batekin ordezkatu da.
Gaur egun, Kofradiak bulegoak dituenez eta bertako presidentea zenbait urtetarako aukeratua denez, kutxa ez da kargua utzi duen maiordomoaren etxetik kargua hartu duenaren etxera aldatzen. Agintariek ere ez dute kutxarekin batera desfilean parte hartzen. Gaur egun ez da lehenago bezala hilaren 30ean ospatzen, hots, maiordomo berria aukeratzen zen egunean. Orain hilaren 29an ospatzen da, San Pedro egunean; bestalde, kutxa, urte osoan gordeta dagoen lekutik atera, eta leku horretan bertan uzten dute, Bentazarra izeneko eraikinean. Kaixarrankaren jarraigoa eraikin honen ate aurrean sortzen da. Gaur egun arrantzale jantzita dauden gazteek, kutxa bizkar gainean daramatenak, eta kutxaren gainean dagoen dantzariak hartzen dute parte, txistulariek lagunduta. Jarraian, hiru lekutan egiten dute dantzan; lehenbizi San Pedroren irudiaren aurrean. Irudi hori, jarraigoa sortzen den ondoko eraikinaren horma-konkan dago. Bigarrenik, Kofradiako presidentearen etxe aurrean, eta azkenik, herriko plaza nagusian. Udaletxeko balkoira begira egiten da dantzan. Bertan, Udalbatzako kideren bat egoten da, baina ez zaio horri garrantzi berezirik ematen.
Kaixarrankak eta kutxaren lekualdatzeak izan duten bilakaeraren ondorioz, herri-dantzak aldatu egin direla ikus dezakegu; sortu eta sustatu ziren gizarte-egoeratara egokitzen joan direla ikusiko dugu.
Mahaiganekoa
Lea eta Artibai ibaietako arroan, Mendexa eta Xemein herrietan, beste ohitura bati eutsi diote. Oso errito garrantzitsua da, eta bertan, mahai baten gainean dantza erraz bat egiten dute. Udaleko kontu liburuetan ez dugu ohitura honi buruzko datu ugari aurkitu, ez baitzen gasturik sortzen, alkateak mahai gainera dantzan egiten zuten dantzariei eskaintzen zien ardoarena izan ezik.
Gauez egiten zen dantza hau, udaletxean bertan egiten zen afariaren ostean. Alkatea zen buru, eta afarira bertaratu zirenek eta herriko bizilagunek hartzen zuten parte. Xemeingo kontu liburuetan urte askotan agertzen dira San Migel jaietan egindako afarien gastuak. Itxura denez dantzan egiten zuten afari ostean. Hala deskribatzen dute bertako bizilagunek XX. mendearen hasieran. Geure herriko musika bildu zuen Resurrección María Azkue biltzaile bikainak ere jaso zuen bertsioren bat edo beste. Hauxe dio bere kantutegian Orra or goiko musika-doinuari buruz: “es la danza mai-ganeko de Bizkaia, que, como lo indica su nombre, se baila sobre una mesa, alternando uno por uno los danzantes”. Hitzik gabeko doinua Pio Ansola Lekeitioko danbolinjoleari entzun zion, eta kantuaren hitz batzuk Markinako gizon bati. Bi herri horiek Mendexa eta Xemeinetik gertu daude, hurrenez hurren. Enrique Jordá de Gallastegui musikariak lehenengoaren deskribapen zehatza egin zuen XX. mendearen lehen zatian. Beraz, erraza da dantza erraz hau birmoldatzea.
Gaur egun ez da afaririk egiten Udaletxean, eta alkateak ez dira dantzaren buru izaten. Bi herrietako gazteei esker eutsi zaio ohiturari. Mahai buruan gazte batek alkatearen papera betetzen du. Alkatearen modura janzten da eta mahai gainera igotzen diren dantzariei ardoa eskaintzen die. Mendexan plaza erdian egiten da dantzan, abuztuaren 1ean, eguerdian. Xemeinen ere plazan egiten da, irailaren 29an, San Migel egunean, gaueko erromerian.
Entradillak
Entradillak izeneko dantzak antzeko egitura melodiko eta koreografikoak ditu. Baina ez da mahai baten gainean dantzatzen, Urduñako (Bizkaia) Antiguako Ama Birjinaren Eliza aurrean dagoen plazan baizik. Arrastaria Bailarako (Araba) bizilagunek egiten zuten. Bailarako herri guztien ordezkariek hartzen zuten parte. Banan-banan egiten zuten, elkarri txanda emanez. Maiatzaren 9an egiten zuten. Egun horretan, ondoko herria den Urduña gurutzatzeko baimena dute, eta handitasunez egiten dute, bandera eta zutoihalekin, Ama Birjinaren aurrean aspaldiko botoa bete asmoz. Jai hau 1846ko “Viaje Pintoresco por las Provincias Vascongadas”-eko artikulu batean jaso da. Aipatu artikuluan "Entradillak" aipatzen dira, eta bailarako bizilagunek dantza berezi hau egiten zutela esaten da.
ARMA-ALARDEAK
Errebonbiloak
Herri askotan, bertako prozesio edo ekitaldi nagusietan, ohitura da jende armatuak parte hartzea. Beren helburua, beste herrietakoena bezala, herrialdea babestea zen. Ekitaldi edo prozesio hauetan, konpainia hauek, desfilatu, eta eskopeta edo fusilekin tiro egiten zuten jaiaren une jakin batzuetan.
Herri batzuetan eutsi egin zaio ohitura honi, nahiz eta ejertzitoak egiteko modu hau, bakoitzak bere konpainia armatuekin, ez den urte askotik hona ikusi. Esate baterako, Elorrioko Hiribilduan eutsi egin zaio ohitura honi, eta urriaren azken igandean gazteek armekin irteten dute, eta tiro egiten dute beren eskopetekin Arrosarioaren Ama Birjinaren aurrean, militar itxurako geraldian baleude bezala. Ahozko tradizioaren arabera Lepantoko bataila gogoratzen da egun horretan. Gertaera horren ostean hasi zen ospatzen Ama Birjinaren jaia urriko lehen igandean.
Ekitaldi armatu hauek, bolbora gastuak barne, XVIII. mendean egiten hasi ziren. Hala ere, Arrosarioaren Kofradia, Elorrioko jai honen arduraduna dena, lehenagokoa da. Iritzi hori Elorrioren inguruko herrietan aurkitutako datuen bidez baiezta daiteke. Elorrion bertan, ordea, ez da erreferentzia zehatzik aurkitu. Esate baterako, Durango Hiribilduko Udaleko akta batean oso datu interesgarriak aurkitu ditugu Arrosarioaren Ama Birjina egunaren ospakizunei buruz. 1740ko irailaren 29koa da: “trata sobre los fusileros que deberán asistir a la fiesta de Nuestra Señora del Rosario”. Akta horretan agertzen denez, urriko lehen igandean Hiribilduan ospatzen den prozesiora ehun gizon inguru, eskopeta eta guzti, bertaratzea adosten dute: “asta cien hombres con escopetas o fusiles para hacer la descarga en ella”. Prozesioa egiten den urte guztietan bertaratu behar dute gainera: “este año, y en los siguientes perpetuamente”. Udalak munizioa eta freskagarri bana ematen zien bertaratzen zirenei: “la munición y un refresco a costa de los propios y rentas”. Egun horretako bolbora eta freskagarrien gastuak udal-ordainketetan agertzen dira. Baina gastu horiek ez dira berriro agertuko eta Durangoko jendeak ez du aipatu ohitura ezagutu.
Bestalde, Elorriok eutsi egin dio ohiturari, nahiz eta gastuak ez diren oraintsu arte udal-kontuetan agertu. Arrosarioaren Kofradia zen gastuen arduraduna, baina behar beste diru ez zeukanez, Kofradiako maiordomoa arduratzen zen gastuez. 1891n Kofradiako kontuak banatzea erabaki zen. Kontu horiek Elizako fabrikakoekin nahastuta zeuden. Urte horretan aurkitzen da Errebonbiloei buruzko lehen erreferentzia.
Urte horretan hartutako ohar batzuetan, Kofradiako maiordomoek Ama Birjina daramatenei afaria ematen ziela aipatzen da: “la cena que acostumbran dar los mayordosmos de dicha cofradía a los conductores de la Virgen en la procesión de su día por la tarde y a los que se visten de traje militar para conmemorar la batalla de Lepanto disparando varias descargas de escopetas”. Harrezkero, Kofradiako liburuan jaiaren erreferentziak daude jasota. Gaur egun ere ospatzen da jaia, eta batzuetan, maiordomoen eta konpainia armatua gidatzen zuten kapitainen izenak nabarmentzen dira. Azken urteotan udalerria egin da gastuen kargu.
GORULARIEN DANTZA ETA IRUDIA, DURANGON
1886an Durangon ospatutako Euskara Jaietan, neska-mutikoez osatutako konpartsa batek, linotik haria lortzeko egin behar den lana irudikatu edo antzeztu zuten. Beste bi dantza ere egin zituzten. Hiribilduaren historian bazeuden bi dantza horiei buruzko erreferentziak. Gorularien irudikatze horrek izena eman dio taldeari: Gorularien dantzak edo Gorulariak.
Gorularien irudikatzea momentuan bertan sortu zen baina beste bi dantzak lehenagokoak dira. Lehen dantza Arku dantza da. 1828an Fernando VII.aren omenez egindako jaietan badago dantza honen aipamen bat. Aipamen horretan, neska-mutilek osatutako talde batek alaitasunez herrialdeko dantzak egiten zituela aipatzen da: “dos comparsas de jóvenes de ambos sexos, graciosamente vestidos”. Nesken taldeak kontradantzak egiten zituen: “teniendo en sus manos arcos bailaban contradanzas”. Beraz, dantza hori da urte batzuk geroago neskato eta mutikoen talde batek egingo duena. Mutikoek, ordea, Domingiloa egiten zutela aipatzen da: “trayendo en la punta de un palo largo un muñeco, denominado “Dominguillo”. Musikaren doinuan mugimendu alai eta barregarriak egiten zituzten: “visajes y posturas al son de la música que hacía reir a las gentes”. Dantza hau ere mistoa izan zen aipatu Euskara Jaietan.
Domingiloari buruz, antzinagoko erreferentziak daude Durangoko Udaleko kontu liburuetan. Domingiloari taraska ere deitzen zitzaion. Masta luze baten muturrean eskegitako panpinari deitzen zaio Domingiloa. Masta horretatik zintak daude zintzilik, eta herriko dantzariek zinta bana hartuta egiten dute dantzan Gorpuzti jaietan. Dantzariak XVI. mendeko kontu liburuetan agertzen dira jadanik. Hala ere, ez da beren janzkerari eta erabiltzen dituzten erremintei buruz ezer zehatzik aipatzen. 1801ean Guillermo de Humboldt-ek deskribatu zituen lehenbizi dantza hauek. Hala ere, zenbait ordainketetan egiten da dantza honi buruzko deskribapenen bat. Garai hartan, dantzariek zuzenean Udaletik kobratzen zuten. Aipatu deskribapenen artean, badaude domingiloari buruzkoak. Esate baterako, 1755ean, domingiloa egiteko erabili ziren oihal, mihise, xingola, galtzerdi, kapelu eta listoi makilei buruzko memoria aurkitu dugu. Listoi edo zinta horiek kolore desberdinetakoak ziren, eta dantzariek Domingiloa dantzatzeko erabiltzen zituzten. Beraz, bazeuden erreferentziak garai hartarako. Hala ere, lehenago ere egiten zela uste da.
JOKOAK
Jokoei buruz ez da erreferentzia historikorik aurkitu. Hala ere, XX. mendeko lehen hamarkadetan ahoz bildu ziren eta euskal folkloristek deskribatu egin zituzten. Txakolin dugu joko horietako bat, baina ez daukagu horren deskribapenik, ez baitzen talde antolatu baten programan sartzen, ezta ordainketarik agertu ere; beste jokoekin ere berdin gertatzen da.
ARATUSTEAK
Aratusteak 1331ko idatzi batean aipatzen dira jadanik. Horrek, Euskal Herrian antzinatik egin izan direla erakusten du. Ez dakigu nolakoak ziren garai hartan. XVI. mendeaz geroztik, herri askotako idatzi eta kontu liburuetan aurkituko ditugu argibideak, kontu liburu edo idazti zibiletan zein elizakoetan. Horrela, herrietako artxibategietatik, ondorengo datuak nabarmenduko genituzke: agintariek jaiak kontrolatzeko egiten zituzten errondak, zinegotzien andreek eskatzen zituzten limosnak, jendearen mozorroak, antzina eliza-gizonek ere parte hartzen zuten noizean behin, jaietarako erabiltzen ziren zezen eta antzar kopurua, inguru batzuetako komunitateek ordaindutako tripa-festak, taldeka egiten ziren dantzak, aurreskuak, eta horietan parte hartzaileei egindako gonbiteak, mozorro-festak, eta horietako festa batzuetarako erosten ziren makilak, saragi dantza eta beste dantza batzuetarako erabiltzen zirenak ziurrenik, eta ezpata dantzak ere, 1729an Bilbon egindako auzi batean agertzen den bezala. Aipatutako osagai horiek guztiak eta beste hainbeste oso antzinakoak dira. Tradizio handikoak dira testuinguruan eta forman. Hala ere, leku bakoitzean izaera eta ezaugarri propioak dituzte.
Ikusi dugun bezala, dantza tradizionalak gora-behera handiak izan ditu bere historian zehar. Gaur egungo dantza eta ekitaldi asko antzinakoak dira, mendez mende iraun dutenak. Hauxe da erakutsi eta azpimarratu nahi izan duguna eman ditugun datuekin: Bizkaiko herri-dantzak historian zehar izan duen ibilbidea.
IÑAKI IRIGOIEN