46. Euskal Herriko Dantza Agerketa

“Euskal Herriko Dantza Agerketa” 46. ediziora helduko da zenbait berritasun esanguratsurekin (irailaren 14tik 16ra, ostiraletik igandera, BASAURIn):

• Azken 40 urteetan lehenengoz ikusi ahal izango ditugu Basaurin ARABAKO VILLABUENA edo ESKUERNAGA herriko dantzak bertako gazteek eginda; izan ere, Dantza Agerketan 1977an dantzatu eta handik gutxira tradizioa galdu egin baitzen. Dantza horiek Arabako beste herri batzuetako dantzariek egin izan dituzte harrezkero.
• “Mahai gaineko” izeneko dantza ezaguna MENDEXAKO DANTZARIEK eurek eginda ikusi ahal izango dugu. 1981etik ez dute parte hartu Mendexarrek Basauriko Agerketan. Aurtengoan, gainera, eurek erabiltzen duten mahaia ekarriko dute, 5,60 metroko luzera duena eta hainbesteko pisua ezen 15 bat pertsonak garraiatu behar baitute.
• Zuberoaren iparraldean dagoen PETTARRE eskualdeko lau herritako gazteak, “PETTARREKO GAZTEAK”, 2017an elkartu ziren Xiberoko MASKARADA egiteko. Lehen aldiz etorriko dira Basauriko Dantza Agerketara.
• Basaurin urtero egiten dugun Euskal Herriko Dantza Agerketaz gozatzeko eta beraien herrietako dantzak gordetzen dituzten dantza-taldeak bertatik bertara ezagutzeko, ARGENTINAKO EUSKAL ETXEETAKO HAMABOST GAZTE etorriko dira, 19 eta 30 urte bitartekoak, Gasteizen baitaude Eusko Jaurlaritzaren “Gaztemundu” programaren barruan euskal dantzei buruzko prestakuntza trinkoa jasotzen.
• ETOR BASABEk aurten ere SEI kartel ezberdin diseinatu ditu irailaren 15ean, larunbatez, parte hartuko duten SEI DANTZA-TALDE AUTOKTONOAK irudikatuz: Kaxkabar (Arabako Villabuena/Eskuernaga); Mendexako Dantza Taldea (Bizkaia); Kemen (Irun, Gipuzkoa); Makaia (Faltzes, Nafarroa); Luzaideko Bolantak (Luzaide, Nafarroa) eta Pettareko Gazteak (Zuberoa).

Basauri, 2018ko irailaren 6a.- Euskal Herriko Dantza Agerketan dantza-talde autoktonoek hartzen dute parte. Horrela deitzen zaie beren herrietako edota eskualdeetako dantzak gorde dituzten taldeei. Talde autoktonoek bertakoentzat esanguratsuak diren egunetan egiten dituzte dantzak (herriko jaiak, inauteriak, etab.). Horixe da, izan ere, haien ezaugarri nagusia. Beraz, hemen erakusten diren hainbat dantza jatorrizko lekuetan eta egun berezietan soilik ikus daitezke. Hala ere, jatorrizko herrietan dantza egiteari utzi baldin badiote, dantza horiek egiten dituzten beste talde batzuk ere gonbidatu izan ditugu inoiz edo behin.

Euskal Herriko Dantza Agerketa duela 46 urte sortu zen euskal folklorea bere horretan mantentzen duten taldeak suspertzeko eta ezagutarazteko asmoz. Horrela, beroriek ezagutzeko aukera izan daiteke, egun horietan haien herrietara joan beharrik gabe. Talde hauek harrotasunez hartzen dute parte gure ikuskizun honetan eta, ahalegina aitortu egiten zaienez, aurrera jarraitzeko eragingarri izan ohi da beraientzat.

Basauriko ‘Dantza Agerketa’ aire zabalean izan ohi da, jatorriz ere dantzak plazetan, kaleetan eta elizpeetan egiten baitziren. Euskal Herriko Dantza Agerketak ohitura horiek beren inguruan kokatzen laguntzen du, tradiziozko erritu eta dantzen antzezpena argiz eta dantzarien herrietako argazkiz hornituz, era horretara ikuskizun koloretsu paregabea eskainiz. Dantza Agerketaren historia, esanahia eta zentzua Omer Oke-k egindako dokumental batean jaso ziren (laburpen bat ikus daiteke http://www.youtube.com/watch?v=IeGf9bS_Amk helbidean).

46 urtetan zehar EH Dantza Agerketa dantza-talde autoktonoen erakusleiho izan da eta hori, pozgarria ez ezik, harro egoteko modukoa ere bada Basaurirentzat eta antolatzen duten herriko dantza-taldeentzat -Agintzari, Basauritar eta Edurre-. Jarduera horri esker, “Euskal Herriko Dantza Agerketa” euskal folklore tradizionalaren ezinbesteko erreferentzia bihurtu da. Besteak beste, Gaztemundu programaren antolatzaileen interesa ere piztu du; izan ere, 19 eta 30 urte bitarteko hamabost gazte etorri baitira aurten Gasteizera Argentinako Euskal Etxeetatik formazio trinkoa jasotzera eta euskal dantzei buruzko ezagutzan sakontzera. Programa horretako partaideak larunbateko ekitaldira etorriko dira eta, geroago, talde autoktonoetako dantzari eta musikariekin afalduko dute.

Euskal Herriko Dantza Agerketaren XLVI. edizio hau 2018ko irailaren 14tik 16ra bitartean burutuko da. Emanaldi nagusia larunbat arratsaldean izango da, irailak 15, Bizkotxalde parkean (euria eginez gero, Social Antzokira eramango litzateke). Ekitaldi guztiak doan dira.

LARUNBATA, IRAILAK 15. Honako hau da aurtengo emanaldi nagusiaren egitaraua:
18:00 Kalejira. Parte hartuko duten dantza-taldeak kalez kale joago dira Social Antzokitik Bizkotxalde parkeraino, hirigunearen erdialdean dantza-saio laburrak eginez.
19:00 DANTZA-IKUSKIZUNAren hasiera, Bizkotxalde parkeko agertokian, ondoko taldeekin:
• KAXKABAR (Eskuernaga, Araba). Arabako Villabuena edo Eskuernagako dantza-taldea desagertu egin zen, Basaurin 1977ko Dantza Agerketan azken aldiz dantzatu eta gero. Duela sei urte, ordea, herriko gazte batzuek bertako dantzak berreskuratzea eta dantza-talde bat eratzea erabaki zuten. Horretarako beste herri batzuetako taldeen laguntza izan zuten, haiek euren errepertorioan mantendu baitzituzten. Ezpelezko makila zaratatsuak elkar joka egindako zortzi makil-joko edo “paloteado” dira, izen bitxiak dituztenak: Rompecejas (aurpegi ondoan jotzen direlako), Castañuela (eskuan kriskitina erabiltzen delako), Oficios (zenbait lanbide azaltzen direlako), Culo, Te vi… Herrian urtean bi aldiz dantzatzen dituzte paloteadoak: maiatzaren 15ean, San Torkuato egunean, eta azaroaren 30ean, San Andres egunean.
• MENDEXAKO DANTZA TALDEA (Bizkaia). Ia 40 urte dira Mendexako dantzariak Basaurira ez datozela euren “Mahai Gaineko” dantza ezaguna egitera. Nahiz eta 5,60 metroko luzera duen eta mahai astun-astuna den, urtero abuztuaren 1ean dantza hori egiteko erabiltzen duten mahaia ekarriko dute Basaurira. Mendexan tradizio hau XX. mendearen hasieratik mantendu da. Herriko alkatea mahaiburuan jesarri eta mahai gainera igotzen diren dantzariei baso bat ardo eskaintzen die. Hasieran gizonezko helduek soilik dantzatzen zuten baina 90eko hamarkadatik emakumeek eta umeek ere dantzatzen dute.
• KEMEN (Irun, Gipuzkoa). Harrera egiteko eta errespetua adierazteko egiten den Agurra dantzatuz diosala egingo diete ikusleei. Halaber, Gipuzkoako dantza-sortarik ezagunena egingo dute: Brokel Dantza. Dantza horietan trebezia handia erakutsi behar dute dantzariek zenbait tresna erabiliz. Taldeko neskek, berriz, Soinu Zaharrak eskainiko dizkigute.
• MAKAIA (Faltzes, Nafarroa). Faltzes herriko gazteek orain dela 25 urte berregindako bost dantzak dakarzkigu Makaia taldeak. Horretarako Bernardo de Zala y Galdeano faltzestarrak 1.700ko liburu batean argitaratutako doinuetan oinarritu ziren. Dantza batean “faltzea” erabiltzen dute, olibondoak lantzeko erabiltzen zen igitai mota; horri zor omen dio, hain zuzen ere, herriak bere izena.
• LUZAIDEKO BOLANTAK (Luzaide, Nafarroa). Bolantak ez dira, berez, dantza-talde bat, herriko jendea baizik. Entseguetara inoiz 140 pertsona ere joan izan dira. Hasieran inauterietan dantzatzen zuten, baina 1969tik hona Pazko-Igandean egiten da. Basaurin dantzarik esanguratsuenak ikusiko ditugu, hala nola, Bolant-iantza eta zenbait Jauzi. Horrez gain, bikoteka egindako Kontradantzak ere dantzatuko dituzte, Europako jauregietako areto-dantzek herri-folklorean izan duten eragina erakutsiz. Eurekin batera etorriko da Makilaria, makila airera botaz bere trebezia erakutsiko duena.
• PETTARREKO GAZTEAK (Pettarre, Zuberoa). Iaz, 2017an, Zuberoako iparraldean dagoen Pettarre eskualdeko lau herritako gazteak elkartu egin ziren Maskarada egiteko. Haiexek izango dira, hain zuzen ere, Xiberoko Maskaradaren zenbait dantza eta erritu erakutsiko dizkigutenak: Barrikada, Aitzina Pika, Ostalersa eta Godalet dantza ikusgarria (edalontziaren dantza).

BESTELAKO EKINTZAK:

IRAILAREN 14A, OSTIRALA:
‘Euskal Herriko Dantza Agerketa’ beste zenbait ekintzaz osatzen da urtero, horrela herritarrek gure folklorea hobeto ezagutzeko aukera izan dezaten. Irailaren 14an, ostirala, herri erromeria izango da 19:00etatik aurrera Solobarria plazan. Antzinako erromerietako izpirituari jarraitu nahian, “parte har dezakezu, nahiz eta dantzan jakin ez” lemapean, San Migel aldean aspaldian egiten ziren erromeriak ekarri nahi ditugu gogora. Herriko dantza-taldeetako musikari eta laguntzaileek hartuko dute parte eta, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren laguntzaz, herri-dantzak erakutsiko dituzte. Dantzak bereziki prestatuak izango dira ikusleek ere parte har dezaten.
Aldi berean, jai giroa sortzeko asmoz, sagardoz egositako txorizo dastaketa egongo da.

IRAILAREN 16A, IGANDEA:
Basauriko bertako dantzarik ezagutzen ez denez, herriko dantza-taldeek ezin dute parte hartu Euskal Herriko Dantza Agerketa emanaldi nagusian. Hala ere, larunbateko jaialdiaren osagarri gisa, biharamunean (igandean, hilak 16) Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza-taldeek beraien errepertorioko zenbait dantza erakutsiko dituzte Bizkotxalde parkean bertan, 19:00etatik aurrera.

BASAURI, “PLAN EDERRA” IRAILAREN 14-15-16KO ASTEBURURAKO:

Lehen aldiz asteburu berean izango ditugu EH Dantza Agerketa eta “Helmuga Basauri-Pintxo Festa 2018”. Basauriko Udaleko Merkataritza Arloaren ekimen horrek herriko merkataritza eta ostalaritza bultzatzea du helburu eta, hain zuzen ere, asteburu horretan pintxo-lehiaketa eta musika-ekitaldiak antolatu ditu. Horrela bada, EH Dantza Agerketa eta Helmugari esker asteburuko plan ederra izan dezakegu Basaurin: erromeriaz eta dantza-emanaldiez gozatu, bertoko denda eta saltokietara hurbildu eta, musika zuzenean entzuten den bitartean, pintxo-lehiaketan egindako produktuak dastatu.

ANTOLAKUNTZARI BURUZKO DATUAK
Euskal Herriko Dantza Agerketa Basauriko hiru dantza-taldeek antolatzen dute Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babes eta diru-laguntzaz. Horrez gain, BBKren eta herriko zenbait erakunderen laguntza ere jasotzen da (txokoak, Herriko Taldeak, Danbolin Txistulari Elkartea, Sustraiak, San Jose eta Bizkotxalde Ikastetxeak…), baita Bizkaiko Dantzarien Biltzarrarena ere. Ekitaldiaren antolakuntza-lanetan, orotara, 100 boluntario baino gehiago ari dira.

Laguntza guztien artean bereziki nabarmendu nahi dugu Etor Basabe Basauriko diseinatzaile eta irudigilearena. Izan ere, bera baita urtero-urtero, duela hamar urte baino gehiagotik hona, edizio baliotzeko horma-irudiak eta esku-programak diseinatzen dituena.

Aurtengorako -bigarrenez-, horma-irudi bakarra egin beharrean, SEI kartelen bilduma egin du Etorrek, ‘Euskal Herriko Dantza Agerketa’ren XLVI. edizio honetan Basaurin izango ditugun sei dantza-taldeen janzkera tradizionalak jasotzeko asmoz.

Bereak dira, ‘Euskal Herriko Dantza Agerketa’ren ikono bihurtu diren ‘dantzariak’, baita urtez urte ekitaldi honen antolakuntzak erabiltzen dituen dokumentu guztietako logotipoa, prentsa-ohar honen goiburukoan ere baduzuena.

SARE SOZIALAK:
Orain dela gutxi Euskal Herriko Dantza Agerketaren kontu bat abiarazi dugu Twitter sare sozialean (@DantzaAgerketa), lehenagoko Facebook kontua osatzeko eta horrela gure herriko dantza autoktonoak munduan zehar zabaltzeko.
Halaber, gogoratu nahi dizuegu ekitaldiak urtero grabatzen direla bideo bidez, ikus-entzunezko artxibategi gisa, eta azkenaldian gure Youtube kanalean daudela ikusgai: https://www.youtube.com/channel/UCpEly8k28SSzghYQ4oQXU2w

MILA ESKER GUZTIOI!

Informazio gehiago edota elkarrizketarako hitzordua eskatzeko,
dantzaagerketa@gmail.com edo, zuzenean, telefono hauetara deitu:
Pili Castro (658 707 653) edo Kepa Ogiza (629 20 59 35).

Facebook-en ere bagaude: https://www.facebook.com/Euskal-Herriko-DANTZA-AGERKETA-11…/
eta orain baita Twitter-en ere: https://twitter.com/dantzaagerketa, eta Youtube-ko kanalean ditugun bideoak ikusi: https://www.youtube.com/channel/UCpEly8k28SSzghYQ4oQXU2w

Ostirala, Iraila 14, 2018 - 19:00 to Igandea, Iraila 16, 2018 - 21:00