Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldea protagonista, Garaian aldizkariaren zenbaki berrian

Garaian aldizkariaren 53. zenbakia kalean dago. Nahiz eta aldizkaria, oro har, ez den monografikoa izaten, batez ere Zerutxu Dantza Taldearen ibilbidea jaso du Garaian Kultur Elkarteak zenbaki berrian. Horrela, Markina-Xemeingo Dantza Taldeari buruzko elkarrizketa, solasaldi eta argazkiak aurkitu daitezke aldizkariaren orrialde gehienetan.

Garaian elkartekoek aurreratu dutenez, Berbetan atalean Zerutxugaz urte askoan lotura estua izan duten hiru markina-xemeindarren arteko solasaldia eta bi elkarrizketa irakurtzeko aukera egongo da. Markinarrak Munduan atalean, berriz, Connecticut-era arte bidaiatu du aldizkariak eta beti bezala, argitalpenaren erdian hainbat argazki ikusteko aukera izango du irakurleak, garai batekoak zein oraintsu ateratakoak.

Garaian aldizkariaren 53. zenbakiaren azala. Argazkia: Garaian Kultur Elkartea

Garaian aldizkariaren 53. zenbakiaren azala. Argazkia: Garaian Kultur Elkartea

Hala ere, aldizkarian beste gai batzuk ere jorratu dituzte. “Azken orrialdeetan, Historian Barrena atalean hain zuzen, 60. hamarkadako Gazte Alaiak markinar gazteen elkarteari buruzko artikulua, BeraKruz Ikastolaren mendeurrena eta kanposantuaren 1732ko eraberritze eta handiagotze lanen inguruko testuak irakurri daitezke”.

Ohi modura, herriko saltoki ezberdinetan eskuratu ahalko da Garaian aldizkariaren zenbaki berria: prentsa saltokia, Zuriñe, Zutoia eta Kareaga jostailuak dendetan.

http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/2018/09/20/markina-xemeingo-zerut...

hitza.eus
Osteguna, Iraila 20, 2018