UPV/EHU, 'Euskal jantzea: tradizinotik sorkuntzara' titulua eskainiko dauen lehenengo unibersidadea

Matrikulea zabalik dago eta 20 plaza baino ez ditu izango.

Euskal Herriko Unibersidadeak beste ikasgai bat sartu dau 2018-1019 ikasturtean bere master eta gradu-osteko propioen eskaintzan: lehenengo aldiz, Unibersidade Hedakuntza Diplomea eskuratzeko azterketa eta prestakuntza helburu izango dan Euskal jantza: tradizinotik sorkuntzara da prestakuntza eskaintza berezia dakarren tituluaren izenburua, eta irakasleak jantza maisu, ikerlari eta koreografo ezagunak izango dira.

Prestakuntza edukiek euskal jantzen ibilbide teorikoa jasoten dabe, jatorrizko bersinotik, tradizinonaletik, egungo abangoardiako adierazpenetara. Ikasturtearen bederatzi hilebeteak hiruhileko hiru modulutan banatzen dira: Euskal Jantzen teoria eta historia; Tradizinotik sorkuntzara, esperientzia eta ekarpen barriak eta Musikea, jantzak eta pedagogia. Modulu horreetako bakotxa modu independentean egin ahal izango da, ikastaro osogarri kalifikazinoa dauka eta 10 kreditu emongo ditu. Hori dala eta, Diplomea osotzeak 30 kreditu dakarz guztira. Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzea dauen irakaskuntza eskaintza barritzailea jantzariei, jantza tradizional eta musika eskoletako irakasleei eta ikasleei zein bestelakoei dago zuzenduta, eta euren gaitasunetan sakontzeko eta ezagutza eta espezializazino handiagoak emoteko helburua dauka. Horretarako, jantza maisuen, ikerlarien eta koreografoen artean izen handikoak dagoz, besteak beste, Jon Maya, jantzaria eta sari asko irabazitako Kukai konpainiaren zuzendaria; Juan Antonio Urbeltz, euskal folklorearen ikerlari eta Argia taldearen zuzendaria; Iñaki Irigoien, jantzaria eta euskal jantzen ikerlari aktiboa; Oier Araolaza jantzaria eta antropologoa; Sabin Bikandi (Etnomusikologian doktorea eta Max 2015 sariduna) eta Patxi Laborda AIKO Taldeko musikari eta jantza maisua; Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektore ohia, Amilotx jantza taldeko zuzendaria; Baionako Maritzuli konpainiako Claude eta Jon Iruretagoyena; edo Jon Gaminde, jantzari eta musikaria. Klaseak ez eze, jardunaldiak, barriketaldiak eta saio bereziak be izango dira.

Esangura horretan, euskal unibersidade publikoak herri kulturearen adierazpen berezi bati zuzendutako gradu osteko diplomea jarriko dau martxan, Europako eta Ipar Ameriketako beste unibersidade batzuetako irakaskuntza eskaintzan dagoeneko badagozan beste ekimen batzuen antzera.

Ikasturtea urritik bagilera izango da Leioako Campuseko Hezkuntza Fakultadean. Modulu bakotxak ehun ikastordu izango ditu, eta bost orduko saioetan emongo dira, astean bi egunez (martitzen eta eguenetan 15:30etik 20:30era). Matrikulearen prezioa 900 eurokoa izango da (hiru moduluetako bakotxa 300 euro). Matrikula epea zabalik dago, eta UPV/EHUren webgunearen bitartez egin daiteke. Klaseak urriaren 2an, martitzenean, hasiko dira.

Ikasleak oinarriak, estrukturak, sistemak eta historia ikasiko ditu, eta kontzeptu teorikoak eta praktikoak jazoteko aukerea izango dau, euskal jantzen sorkuntzea eta eraldaketea ulertzeko, tradizinotik gaur egunera arte. Ikasturtea jantza tradizionalaren oinarrietatik abiatuko da, eta zenbait errepertoriotan sakonduko dau, Zuberoako maskaradetan, besteak beste. Gai guztietan abiapuntua tradizinoa izango da, sorkuntza garaikidearen alorrean egindako ekarpenetara heltzeko.

'Euskal jantzak: tradizinotik sorkuntzara' Unibersidade Hedakuntza Diplomea

- Datak: 2018ko urritik 2019ko bagilera.

- Egunak eta orduak: martitzen eta eguenetan, 15:30etik 20:30era.

- Non: Hezkuntza Fakultadean, Leioako Campusean (UPV/EHU).

- Prezioak: 900 euro (100 ikastorduko hiru moduluetako bakotxa 300 euro; ikastaro bakotxa modu independentean egin daiteke).

- Ezaugarriak: euskeraz eskainiko da, arlo horretan aurretik ezagutza eta prestakuntza daben personei zuzenduta (jantza eta musika eskoletako irakasleak eta ikasleak, jantza taldeetako kideak, etab.).

- Plaza kopurua: 20

https://bizkaie.biz/1538030356031?fbclid=IwAR0DN2AwyD3mlvQ2llzD0fol5kDHy...

bizkaie.biz
Osteguna, Iraila 27, 2018