San Migel egunean 50. urteurrena ospatuko dau Irrintzi Alai Jantza Taldeak

Irrintzi Alai 50 urte jantzan ekitaldia Altamira auzoan hasiko da goizeko 10:00etan.

Irrintzi Alai Jantza Taldea, 1968. urtean, Busturian sortu zan jantzari taldea da. Taldea osotu eta Itsasoko Amaren egunean hartu eben Busturiko Altamira auzoko plazea lehenengo aldiz. Busturiko Rafael Ormaetxea izan zan mutilak jantzan jarri zituan irakaslea, eta honen arreba Rosa Mari Ormaetxeak antolatu eban nesken taldea. Ordutik, berrogeita hamar urte luze honeetan taldeak ez dau etenik izan. Neska mutil gazteak nagusitzen joan izan diran heinean, zaharrenak txikienari erakutsiz bidea egin dau. Talde lanean, Busturiko jantza taldea, herri nortasunari eta kultureari eusteko modua izan da.

Gaur egun, 60 bat jantzari dira Jantza Taldean, gehienak gaztetxuak. Herriko txistulariek plaza guztietan laguntzen dabe, eta Taldean soinulariak be badagoz. Herriko auzo guztietako jai egunetan parte hartzen dabe, Axpe auzoko San Blas egunean hasi, karnabaletan, San Antonio jaiak, San Kristobalak, Axpeko Santiago eta Santa Ana jaiak, Edurtzetako Andra Mariaren egunean, Itsasoko Amaren egunean, San Bartolomeetan, San Migel jaietan, eta urtea amaitzeko, Olentzero eta Mari Domingiri harrerea eginez. Herriko jaietaz gan, Busturialdeko Jantzari Egunetan, albo herrietako Jantza Taldeakaz batera, eta Bizkaiko Jantzari Egunean be jantzan egiten dabe.

Irrintzi Alai 50 urte jantzan

2018, urte berezia da guretzat. Aitatutako jai guztietan dogun ohiko egitarauaz gan, aparteko gehigarria landu izan dogulako. San Migel jaiak be hemen dagoz eta irailaren 29an hitzordu berezia dauka taldeak, herriak eta nahi dauen guztiak. Goizeko 10:00etan, Txistularien kalejireagaz hasierea emongo deutsagu jaiari. 11:00etako meza ostean izango da jantza ekitaldi nagusia; Jantza Taldean ibilitako guztiek parte hartu ahal izango dabe, eta azkeneko jantzetan nahi dauen guztiak jantzan egin ahal izango dau. Bazkalaurrean kantu kantari ibiliko gara eta eguerdiko hiruretan izango da Herri Bazkaria. Ostean, barriro egongo da kantu jantzaldiaz gozetako aukerea, eta herri kiroletan be jokatu ahal izango dogu. Egunari, iluntzeko 21:00etan hasiko dan Larrain Jantzeagaz eta osteko EINGO taldearen erromeriagaz emongo deutsagu amaierea.

Azken buruan, irailaren 29tik urriaren 14ra, Busturiko liburutegian, 50 urte honeetako argazkiak izango dira erakusgai.

Ilusinoz betetako urtean, jai berezi honetan geugaz parte hartzen animetan zaituegu.

Eskerrik asko Busturiko Udalari, eta Zorionak Irrintzi Alai!

bizkaie.biz
Ostirala, Iraila 28, 2018