Deustuko andrazkoek plaza bereganatuko dute hogeigarrenez

Martxoaren 19an, asteartea, Deustuko emakumeak plazaren jabe egin eta haien aurreskua dantzatuko dute. Egun horretan Deustuko Andreen Aurreskua liburua aurkeztuko dute, XIX. mendeko dantza berezi hau berreskuratu zenetik hogei urte beteko direla ospatzeko.

Revista pintoresca de las provincias Bascongadas aldizkariko 1846ko ale batean izan zuen Iñaki Irigoienek andrazkoen aurreskuaren berri, ordurako galdua zen ohitura. Bihotz Alai dantza eta folklore taldeari proposatu zion tradizioa berreskuratzea, eta bi urteko lanaren ondoren, 1999an hartu zuten Deustuko emakumeek berriz ere herriko plaza.

Goitik behera birsortu behar izan zuten dantza, izan ere, Revista pintoresca-ko aipua baino ez zuten erreferentzia gisa. Bertan irakurri daiteke Deustuko jaietako egun nagusian, San Pedro egunean, Bilboko alkatea hurbiltzen zela oraindik anexionatu gabe zegoen Deustu herrira, agintari nagusiaren plantak egitera. Deustuarrek ez zutenez hori batere atsegin, San Pedro osteko lehen domekara aldatu zuten euren jai nagusia. Egun horretan eguerdiko ekitaldi garrantzitsua andreek dantzatutako zortzikoa eta herriko dantzari onenaren aurreskua izan ei zen. 

Aipu horri tiraka, dantza berreskuratzeaz arduratu zirenek bazekiten Deustun, ia inon ez bezala, andreei zegokiela desafioa eta zortzikoa egitea, eta haiek ateratzen zituztela gizonak dantzara Kontrapasak zirauen bitartean, eta ez alderantziz. Gero, eskualdatzekoan, neskak dantzatzen zuen mutilaren aurrean, eta neskak oparitzen zion txokolatezko gozoki bat mutilari, denek elkarrekin fandangoa eta arin-arina dantzatu eta gero. Gaur eguneko koreografia, noski, asmatua da, eta urratsak zein doinuak tradizioaren tegi zabaletik aukeratuak izan dira.

XX. urteurrena

Aurten hogei urte beteko dira Andreen Aurreskua berreskuratu zenetik. Deustu Bilboko auzoa da orain, eta jai nagusiak ez dira sanpedroetan egiten, sanjoseetan baizik. Azken urteotan egun honen aurreko igandean dantzatu izan dute aurreskua deustuarrek, baina aurten jaieguna izango denez, egunean bertan egingo dute dantzaldia andrazkoek.

Aurtengo protagonistak 1999. urtean aurreskulari eta atzeskulari izan ziren emakumeak izango dira. Gainera, bi hamarkadak ospatzeko tradizio berezi honen inguruko liburua aurkeztuko dute egunean bertan, eta argazki erakusketa ere izango da Done Petri plazan goizean zehar.

Ekitaldiaren garapena

  • Lehenengo, Aurreskulariak Alkateari dantza hasteko baimena eskatzen dio.
  • Dantzaren hasiera.
  • Desafio: aurreskulariak eta atzeskulariak beste andreei soka egiteko proposatzen diete.
  • Zortziko: andre guztiek soka eginda dantzatzen dute.
  • kontrapas: mutilak dantzara ateratzen dituzte.
  • Esku-aldatzeko: andreek mutilentzat dantza egiten dute.
  • Gero, andreek mutilei Aurreskuaren zapi bordatua oparitzen diete.
  • Honen ostean, guztiok fandangoa eta arin-arina dantzatuko dute festa giroan.
  • Biribilketa.
  • Azkenik, neskek mutilak gozoki bat dastatzera gonbidatzen dute.

Kartelahttps://uriola.eus/deustualdea/1552466979612-Deustuko-andrazkoek-plaza-b...

uriola.eus
Asteazkena, Martxoa 13, 2019