Basque FEST Bilbon ospatuko da apirilaren 17tik 21era

Bizkaiko Dantzari Eguna

BILBO. Basque FEST, Euskal Kulturaren Jaialdia, Bilbon ospatuko da apirilaren 17tik 21era. Guztira, 300 jarduera baino gehiago izango dira eta aurtengo nobedadea zinema da, Koldo Serra zuzendariaren Gernika filmarekin.

basque

Jarduera gehienak doan izango dira, eta mundu guztiarentzat pentsatuak. Hori guztia Bilboko Udalak prestatu duen egitarauari esker.

basque FEST jarduera ekonomikoa sustatzeko eta bisitariak hiribildura erakartzeko tresna da, zeinak hiria dinamizatu nahi duen, “hurbileko merkatua” delakoa bultzatzeko eta kultura-turismoa sustatzeko, bai eta Aste Santuan hirian geratuko diren bilbotarrei kalitate oneko proposamena eskaintzeko ere. Azken edizioan parte-hartzaileen markak hautsi ziren 100.000 pertsonarekin.

Bilboko Udalak honako merkataritza-elkarte hauekin batera programatu ditu jarduerak: Bilbao Dendak, Bilbao Erdigunea, Casco Viejo-Zazpi Kaleak eta San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala. Horrez gain, beste erakunde, entitate eta eragileren laguntza ere izan du, besteak beste: Bizkaiko Ostalaritza Elkartea, Bilbao Historiko, Baskegur, Metro Bilbao, BBK Fundazioa, turismo-eskualdeak (Aiaraldea, Iparralde, Arabako Errioxa, Enkarterri, Gorbeia, Lea Artibai, Urdaibai, Uribe, Goierri, Tolosaldea, Euskal Kostaldeko Geoparkea), Bilbao Musika, Euskal Museoa eta kultura-eragile batzuekin, hala nola Kafe Antzokia eta La Ribera. Horrenbestez, hirian ekitaldiak martxan jartzeko erakundeen arteko kooperazioaren eta kolaborazio publiko eta pribatuaren beste adibide bat da.

KALAKAN &KHAMI TALDEEKIN HASIKO DA

Euskal kulturaren jai handia apirilaren 17an hasiko da, asteazkena, Azkuna Zentroan. Kalakan eta Khami taldeek sortutako MUGAK ikuskizunarekin abiaraziko da, eta Errobiren eskutik iritsiko da, aurtengo gonbidatua den Lapurdiko Itsasu herriko jaialdia. Kalakan hirukoteak euskara eta txalaparta ezagutzera eman zituen Madonnaren munduko biran, eta 20:00etatik aurrera txalapartaren, albokaren edo txirularen antzinako soinuak hainbat perkusio instrumenturekin lotuko dituzte, bai eta planetako beste leku batzuetako tresnekin eta musika elektronikoaren zertzeladekin ere.

EUSKAL ZINEMA, JANTZI TRADIZIONALAK ETA AKELARREA

Aurten, jaialdiaren ohiko atalez gain –Kultura, Musika, Market, Sport eta Gourmet–, beste atal bat izango dugu: Zinema. Bertan, Koldo Serra zuzendari bilbotarraren Gernika filma egongo da ikusgai. BBK Salan filmaren hiru emanaldi eskainiko dira apirilaren 18an, 19an eta 20an, arratsaldeko 18:00etan. Horrez gain, David Herranz argazkilariaren “Gernika, kameren atzean” argazki-erakusketa egongo da ikusgai.

Jaialdiaren ekintza-eremua zabalduko da;izan ere, hiribilduko bi leku garrantzitsu gehituko dira: Arriaga plaza eta Zabalguneko eraikina. Bi leku horietan, halaber, aurtengo bi berritasun ospatuko dira. Arriaga plazan akelarrea ospatuko da, Negua, eta basque FEST jaialdiaren azken gauean jai bat antolatuko da iluntasunean eta suaren inguruan. Bertan, gazteek mitoak interpretatuko dituzte erritualen eta dantza tradizionalen erritmora. Bestalde, Zabalguneko eraikinean dantza tradizionalen jantzien erakusketa prestatuko da, bai eta haurrentzako eta familientzako erraldoien tailer bat ere, non eramateko eta erraldoiekin dantzatzeko teknika irakatsiko den. Jarduera amaitu ostean, kalejira egingo da Ledesma eta Villarias kaleak dauden eremurantz.

135 euskal musika-tresna tradizional baino gehiago egongo dira, Oiartzungo Soinuenea Museotik ekarriak, eta Euskal Museoaren protagonistak izango dira. Jardueran, bisita gidatuak eta tailerrak antolatuko dira haurrek beren jostailuak eta musika-tresnak egin ditzaten. Horrez gain, hainbat musikarik erakustaldiak eskainiko dituzte erakusketako musika-tresnak erabiliz.

https://www.deia.eus/2019/04/15/bizkaia/bilbao/basque-fest-bilbon-ospatu...

Deia
Astelehena, Apirila 15, 2019