Urdaibai Dantza Taldeak 50. urteurrena ospatzeko ekitaldi berezia egingo du

Aste Nagusia 2019

Zapatuan Foruko kultur etxe ondoan dantzan aritzeko batuko dira azken mende erdian taldean aritu diren dantzari gazte zein nagusiak.

50 urte Taldeko kideak, 50. urteurrena ospatzen. Argazkia: Txebi Arriaga.

Forutarrak ospakizunetan murgiltzekotan daude. Herriko jaiei hasiera eman aurretik, baina, Foruko ikurretako baten bilakatu den Urdaibai Dantza Taldearen urteurren berezia ospatuko dute herrikoek.

Benetan berezia, izan ere, aurton mende erdiko ibilbidea bete du herriko dantza taldeak. Hori ospatzeko ikuskizun berezia prestatu dute dantzariek zapaturako. Jaialdi Nagusi horretarako 200 dantzaritik gora bilduko direla azaldu du Jesus Irazabal Urdaibai Dantza Taldeko ordezkariak. 50 urteko ibilbide luze horretan taldetik igaro diren dantzari beterano zein gazteak batuko dituzte aparteko ikuskizuna eskaintzeko.

Foruko udaletxe aurrean batuko dira 12:00etan. Egun berezia hasteko txupina jaurti ostean, kalejiran irtengo dira motorrak berotzeko, eta kultur etxe ondoan hasiko dute ikuskizuna. Denak batera dantzan hasiko dira, baina nahi duenak ere bere dantzak bakarka edo taldeka aurkeztuko ditu.

Gazte zein beteranoak. Irazabalek azaldu duenez, taldetik 350 dantzari inguru igaro dira azken 50 urteetan. Horiei guztiei zapatuan Forun batzeko deia egin diete taldekoek. Dagoeneko hainbatekin entseguak egin dituzten arren, izena eman ez duten taldekide ohiei ere ikuskizunean parte hartzeko gonbita egin diete.

Goizeko ikuskizuna amaituta, urteurreneko bazkaria egingo dute kultur etxean. Eguna bukatzeko jai giroan eta dantzan jarraituko dute, erromerian batuko baitira gainerako herritarrekin. Urdaibai Dantza Taldekoek herritar guztiak animatu dituzte taldearen 50. urteurrena ospatzeko Forura hurbiltzera.

https://busturialdea.hitza.eus/2019/07/16/urdaibai-dantza-taldeak-50-urt...

hitza.eus
Asteartea, Uztaila 16, 2019