PLATILLU SOIÑUA DURANGON

Durangoko Kriskitin dantza taldeak Platillu Soñua dantzatuko du, San Fausto egunez, Udaletxe plazan. Ekitaldia eguerdian izango da, 12:30etatik aurrera egongo diren txalapartariak, aurreskua eta artopilen banaketaren ostean.

PlatilluSoinuaPlatillu Soñuaz gain, Agintariena, Binangoa, Txontxongilloa, Gorulariena, Domingilloa eta Erregelak eskainiko dituzte agerraldian parte hartuko duten dantzariek.

Berreskuratutako ‘Platillu Soñua’ dantza 1999. urtean eskaini zuen lehenengoz Kriskitin dantza taldeak. Koreografia hori birsortzeko, talde durangarra Alexander von Humboldt bidaiari eta ikertzaile prusiarraren azalpenetan oinarritu zen.

Von Humboldt 1801. urtean etorri zen Euskal Herrira eta “Durangaldera egindako bidaian Durangon ikusi zituen dantzen deskribapen zehatza utzi zigun”, Kriskitineko Marisa Barrenaren esanetan. Abiapuntu horri helduta, taldeko kideek folklore arloan aditua den Iñaki Irigoienekin jarri ziren harremanetan eta bere “aholku eta orientabideak jarraituz”, aspaldiko dantza berreskuratu zuten.

Von Humboldtek “ocho muchachos” ikusi bazituen dantzan XIX. mendearen hasieran, 2015etik aurrera “neskek zein mutilek eragiten ditugu platilluak Durangon, armonia ederrean”, Barrenaren esanetan.

Igandea, Urria 13, 2019 - 12:30