50. EUSKAL HERRIKO DANTZA AGERKETA

BASAURIN SEKULAKOA EGITEN ARI GARA AZKEN 50 URTEOTAN!

Euskal Herriko Dantza Agerketa  logoaAurten, 2022an, zorioneko gaude Basaurin eta Euskal Herri osoan:  Euskal Herriko Dantza Agerketak 50 urte bete ditu! Mende erdia Basauriko eta Euskal Herri osoko herritarrei zazpi herrialdeetako dantza autoktonoak biltzen eta erakusten; hala, euren herri edo eskualdeetako dantza tradizionalak berreskuratzen eta mantentzen ahalegintzen diren dantza taldeak sustatzen eta zaintzen laguntzen du. Talde horietako askorentzat pizgarri eta esker ona da Basaurira Euskal Herriko Dantza Agerketara etortzea tokian tokiko dantzak eta ohiturak zaintzen eta berreskuratzen egindako lanagatik.

Urteurren “biribil” hau ospatzeko, kanpaina bat egin da egun batzuk lehenago hasita, #Basauri50unico eta #Basauri50sekulakoa hashtag-ekin zenbait elementu jarriz, Basaurin ikusmina sortzeko eta bertoko biztanleak hain berezia den Euskal Herriko Dantza Agerketa honetan parte hartzera eta beronen berri zabaltzera animatzeko eta BASAURIN AZKEN 50 URTEOTAN SEKULAKOA EGITEN ARI GARELA goraipatzeko:

  • BASAURIN SEKULAKOA EGITEN ARI GARA AZKEN 50 URTEOTAN! Zerbait berezia, pandemiak berak ere ezin izan baitzuen gelditu. 2020ko eta 2021 urteetan indarrean zeuden arauetara egokitu eta, zailtasunak zailtasun (hilabete askoan entseatu ezinik egon ziren dantza-taldeak, bi urte jai herrikoirik eta ekitaldi jendetsurik egin gabe...), Euskal Herriko Dantza Agerketa egin egin zen.
  • BASAURIN SEKULAKOA EGITEN ARI GARA AZKEN 50 URTEOTAN! Zerbait berezia bere zenbakiengatik:
    • 50 urte (1972tik, oraindik frankismoaren azken hatsetan) Euskal Herri osoko dantza-talde autoktonoekin jaialdi bat antolatzen, beti Basaurin.
    • Euskal Herri osoko 100 dantza-talde ezberdin
    • 5.000tik gora dantzari aritu dira mende erdi honetan Basauriko EHDAn
    • 30.000 ikusle baino gehiago mende erdi honetako ekitaldi guztietan    
  • BASAURIN SEKULAKOA EGITEN ARI GARA AZKEN 50 URTEOTAN! Zerbait berezia, euren eskualde eta herrietako dantzak gordetzen eta berreskuratu dituzten taldeentzat; eskertuta sentitzen dira Basaurira gonbidatzeagatik eta, horietako askok esan digutenez, nolabait ere “beraiek berreskuratutako dantza dagoeneko autoktonotzat jotzen dela ofizialki onartzea bezalakoa da”.
  • BASAURIN SEKULAKOA EGITEN ARI GARA AZKEN 50 URTEOTAN! Zerbait berezia, Euskal Herri osora iristen delako. Urtero-urtero –eta bada mende erdia–, Euskal Herriko Dantza Agerketak Basauri izena darama Euskal Herri osora, herrialde guztietako taldeak aritzen baitira. Gainera, edizio guztiak bideoz grabatu dira eta 2020tik aurrera ekitaldi nagusia streaming bidez emititzen da zuzenean, EHDAren YouTubeko kanalean.
  • BASAURIN SEKULAKOA EGITEN ARI GARA AZKEN 50 URTEOTAN! Zerbait berezia, antolaketa guztia hemengo dantza-taldeen eskuzabaltasunez eta modu altruistan egiten delako, musu-truk, edizio bakoitzeko zereginetan 100 lagun inguruk egindako lanari esker.
  • BASAURIN SEKULAKOA EGITEN ARI GARA AZKEN 50 URTEOTAN! Zerbait berezia, apartekoa, DEIA (Hemendik 2012 saria) eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarra (Esker Onak 2017 saria) bezalako erakundeek onartu dutena. Bestalde, Basauriko Udal Liburutegiak ikuskizun honen berezitasunaren berri eman du bere web orriko “bitxikeria historikoak” atalean eta berrogeita hamar edizioetako kartelen irudiak jaso ditu (https://www.bibliotecaspublicas.es/basauri/COLECCI-N-LOCAL/Nuestra-histo...). Halaber, abenduan, Dantzariak aldizkarian Euskal Herriko Dantza Agerketaren jatorriari, zentzuari eta historiari buruzko artikulu bat argitaratuko da, 1998an 25. urteurrenari buruzko liburuan argitaratutakoaren osagarri.

 ‘EUSKAL HERRIKO DANTZA AGERKETA’

Euskal Herriko Dantza Agerketa talde autoktonoek soilik parte hartzen duten euskal dantzen erakustaldi bakarra da. Horrela deitzen diegu euren udalerri eta eskualdeetako dantzak gordetzen dituztenei. Dantza-talde autoktonoek bertakoentzat esanguratsuak diren egunetan egiten dituzte dantzak (herriko jaiak, inauteriak, etab.). Dantza horietako asko jatorrizko tokian eta egun jakinetan baino ezin dira gozatu, nahiz eta, inoiz edo behin, jatorrizko herrietan dantzatzeari utzi diotenean, dantza horiek egiten jarraitzen duten taldeak gonbidatzen ditugun.

Euskal Herriko Dantza Agerketa duela mende erdi sortu zen, euskal folklorearen sustraiak mantentzen dituzten talde horien lana suspertzeko eta ezagutarazteko asmoz. Horrela, dantza horiek ikusteko aukera izan daiteke, egun jakin horietan jatorrizko lekuetara joan beharrik gabe.

Irailaren 17a, larunbata: EHDAren 50. edizioko ekitaldi nagusiak.
Basauriko herriak urtemuga honetaz goza dezan eta EHDA gure historiaren zati bat, gure nortasunaren ezaugarri bat, dela sentitu eta ospatu dezan, oraingo honetan gonbidatutako talde autoktonoak goizetik etorriko dira eta UDALEKO AUZOETAN BANATUKO DIRA EUREN EMANALDIEN ZATI BAT EGITEKO (San Migel, Basozelai, Kareaga, Ariz eta erdigunean), 12:30etatik aurrera.

Arratsaldean, 18:15etik aurrera, taldeek KALEJIRA bat egingo dute Social Antzokitik hasita Bizkotxalde Parkeko agertoki nagusiraino, han izango baita ikuskizun nagusia.

Han, 19:00etatik aurrera, Basauriko Bizkotxalde parkeko Auditorioan hasiko da dantza-talde autoktonoen ikuskizuna (ateri bada, zeren euria bada ekitaldia Social Antzokira eramango baita). Formatua azken urteotakoa izango da gutxi gorabehera: dantzak jatorrizko herrietan egiten diren bezala-bezalaxe aurkeztuko dira, baina argiztapenarekin eta testuinguruaren irudiekin lagunduta, aurkezleen azalpenekin batera ikuskizuna ikusgarriagoa izatea lortze aldera.

50. urteurrenaren urte berezi honetan, Antolaketa Batzordeak urte hauetan antolatzaile izan diren pertsona guztiak gonbidatu nahi izan ditu. Era berean, aparteko ahalegina egin nahi izan da Basaurira etorri ohi diren taldeen kopurua handitzeko; horrela, Lekeitioko Estudiantinaz gain (folklore tradizionalaren beste adierazpen bat), Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik 10 dantza-talde arituko dira:

  • Indarra (Vitoria-Gasteiz, Araba)
  • Lanestosako Dantzariak (Lanestosa, Bizkaia)
  • Etorkizuna (Lekeitio, Bizkaia)
  • Erketz (Lasarte-Oria, Gipuzkoa)
  • Udaberri (Tolosa, Gipuzkoa)
  • Danzantes de San Lorenzo (Iruñea, Nafarroa)
  • Zubietako Ioaldunak (Zubieta, Nafarroa)
  • Begiraleak (Donibane Lohizune, Lapurdi)
  • Garaztarrak (Donibane Garazi, Nafarroa Beherea)
  • Atharratzeko Dantzariak (Atharratze, Zuberoa)

Jakinik zenbait jendek zailtasunak izango dituela hilaren 17an Dantza Agerketa bertatik bertara ikusteko –sarrera, beti bezala, doan izango da–, EHDAren antolatzaileok larunbat iluntze horretako kuskizuna ‘streaming’ bidez ematearen aldeko apustua egin dugu. Euskal Herriko Dantza Agerketak YouTuben duen kanalaren bidez ekitaldi osoa ikusi ahal izango da:

https://www.youtube.com/channel/UCpEly8k28SSzghYQ4oQXU2w .

Taldeek euren herrietatik ikus dezaten ere erraztu nahi da, bai eta sare sozialen bidez #DantzaAgerketa hashtag-arekin zuzenean elkarreragiteko aukera ere izan dezaten.

Zuzeneko emanaldiak eta bideoak muntatzeko lanak ERREKA ikus-entzuneko kooperatibak egiten ditu, berori izan baita azken urteotan EHDA grabatzeko ardura izan duena.

‘EUSKAL HERRIKO DANTZA AGERKETA’REN 50. EDIZIOKO BESTE EKITALDI BATZUK

Ospakizunari buruzko kamiseta eta poltsak eta argazki lehiaketa.

Edizio honetako logo berezia kamisetetan eta kotoizko poltsetan estanpatu da. Edizio honetako ekitaldietan eta udalerriko denda batzuetan ere erosi ahal izango dira, 10 eta 5 euroren truke, hurrenez hurren.

Halaber, irailaren 13tik (asteartea) 25era (igandea) zabalik egongo da sare sozialetara (Facebook, Twitter eta Instagram) oroitzapenezko ospakizunetako argazkiak igotzeko epea. Lehiaketan parte hartu nahi duten argitalpenak ekitaldiaren edozein hastag-ekin batera igo beharko dira (#Basauri50unico eta #Basauri50sekulakoa). Bi sari izango dira: bata egun nagusiko ekitaldietako argazki onenetarako (irailaren 17a) eta bestea gainerako ekitaldietarako. Honako hauek izango dira sariak: «Euskal Herriko Dantza Agerketa» produktu-sorta bat. Antolatzaileek sari gehiago eman ditzakete, aipamena merezi duten beste argazki batzuk daudela uste badute.

Irailaren 5etik aurrera: 'Intriga' kanpaina

Irailaren 5etik irailaren 12ko edizioaren aurkezpen-prentsaurrekora arte, jakin-mina pizteko kanpaina bat hasi da, dantzarekin zerikusia duten eta naturalak baino askoz handiagoak diren lau elementu fisikorekin: logoko dantzariak, txintxarri batzuk, Domingiloren zintak eta abarka bat. Elementu horiek Basauriko hainbat kokapenetan jarri dira, herrian arreta erakartzeko. Elementu fisikoetan #Basauri50unico eta #Basauri50sekulakoa ‘hashtag’ak jarri dira, herritarrei argazkiak atera eta sareetara igo ditzaten iradokitzeko, irudiaz gain nahi duten iruzkina eginez. Prentsaurrekotik aurrera, EHDAren profiletan partekatuko dira sare sozialetan.

Gure traol-hitzak (hashtag edo etiketak) ideia nagusi batetik abiatzen dira: aurten, 2022an,  Euskal Herriko Dantza Agerketak 50. urteurrena ospatzen du, alegia, BASAURIN SEKULAKOA EGITEN ARI GARA AZKEN 50 URTEOTAN! Horixe da, izan ere, aurtengo jarduera guztietarako argumentu-ardatz nagusia eta dagoeneko herriko iragarki-panel elektronikoetan agertu dena.

Astelehena, irailak 12: Prentsaurrekoa 50. urteurrenaren oroitzapenezko Erakusketa aurkezteko eta inauguratzeko

“BASAURIN SEKULAKOA EGITEN ARI GARA AZKEN 50 URTEOTAN! – ¡EN BASAURI LLEVAMOS 50 AÑOS HACIENDO ALGO ÚNICO!” izenburupean, erakusketa Pozokoetxeko Kultur Etxean egongo da zabalik, doan, irailaren 12tik 24ra, astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 13:15era eta 16:30etik 20:00tara.

Erakusketak Euskal Herriko Dantza Agerketa iragartzeko garai desberdinetan erabili diren kartelak erakusten ditu, baita hainbat ediziotako argazkiak eta 50 urteko historian zehar gertatutako bitxikeriak ere. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak utzitako hainbat jantzi tradizionalekin osatzen da erakusketa. Gainera, ikastetxeetako haurrentzat bisita gidatuak egiteko aukera eskaintzen da. Bisita horietan dantza bat ikasteko aukera ere emango da.

Era berean, eta gaurko prentsaurrekoarekin bat eginez, Etor Basabek 50. edizio honetan parte  hartzen duten dantza-taldeak irudikatzeko diseinatu dituen kartelak jartzen hasi gara. Horrez gain, ekitaldia Basauri osoko udal pantaila elektronikoetan eta Metro Bilbaoko sare osoko makina banatzaileetan argitaratzen da.

Irailaren 16a, ostirala herri ERROMERIA

Urtero, beste ekitaldi batzuekin osatzen da ‘Euskal Herriko Dantza Agerketa’, Basauriko herriak eta bisitatzen gaituztenek folklorearen hainbat alderditara hurbiltzeko aukera izan dezaten.

Hala, ostiralean, hilak 16 (ekitaldi nagusiaren bezperan), 19:00etatik aurrera, Solobarria plazan, herri-erromeria bat egingo da, “parte hartu ahal izango duzu, nahiz eta dantzan jakin ez” lelopean, Basauriko San Miguel auzoan garai batean egiten zirenak gogoratzeko.

Bertan, "Parte hartu ahal izango duzu, nahiz eta dantzan ez jakin" lelopean, Basauriko San Migel auzoan aspaldian egiten zirenak gogoratu nahi dira. Bertan herriko dantza taldeetako hainbat musikari eta kolaboratzailek hartuko dute parte eta, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren laguntzaz, herri-dantzak erakutsiko dituzte, ikusleek ere parte har dezaten bereziki prestatuak.

Aldi berean, jai giroa sortzeko asmoz, txorizo dastaketa txiki bat egingo da sagardoarekin, eta, gainera, erromeria hasi baino pixka bat lehenagotik HAURRENTZAKO TAILERRAK egongo dira.

Bestalde, EHDAren 50. urteurrena dela eta, iraileko “KANTUZ KANTU BASAURIN” deialdia erromeriaren ondoren egitea erabaki da, Solobarria plazatik abiatuta. Horrela, programa “osoagoa” eskainiko da, arratsaldea gure folklorearen inguruan pasatzeko.

Irailaren 25ean, igandea, Basauriko hiru dantza taldeen emanaldia (Agintzari, Basauritar eta Edurre)

Urteen poderioz ‘Euskal Herriko Dantza Agerketa’ folklore tradizionalaren erreferentzia-puntuetako bat bihurtu da. Benetan pozgarria da EH Dantza Agerketak talde autoktonoen erakusleiho gisa dagoeneko 50 edizio bete izana, bai Basauriko udalerriarentzat, bai ekitaldi hau urtero antolatzen duten dantza-taldeentzat -Agintzari, Basauritar eta Edauritar-. Horregatik, hiru taldeek berriro ekingo diote aurten EHDAn, hilaren 25ean, igandea, Social Antzokian. Basauriko dantza-taldeok Danbolin elkarteko txistularien eta Bizkaiko Gaiteroen laguntza izango dute. Emanaldia, igande horretan ere, 19:00etan izango da. Gainerako ekitaldietan bezala, sarrera doakoa izango da aretoa bete arte.

ANTOLAKUNTZARI BURUZKO DATUAK:
Euskal Herriko Dantza Agerketa Basauriko hiru dantza-taldeek antolatzen dute modu altruistan Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babes eta diru-laguntzaz, baita BBK Biltzarraren, Social Antzokiaren eta Kultur Etxearen lankidetzarekin eta udalerriko hainbat talderen laguntzarekin (txokoak, Herriko Taldea, Danbolin Txistulari Elkartea, Bizkaiko Dantzarien Elkartea, San Jose Ikastetxea...). Ekitaldiaren antolakuntza-lanetan, orotara, 100 boluntario baino gehiago aritzen dira.

Lankidetza ugarien artean, berriro nabarmendu nahi dugu Etor Basabe Basauriko diseinatzaile eta irudigilearena, bera baita 2003tik urtero-urtero edizio bakoitzeko kartel eta esku-programak diseinatu dituena, baita 'Euskal Herriko Dantza Agerketa'rekin batera 'ikono gisa' dantzatzen duten dantzariak ere. Edizio berezi honetarako, oroitzapenezko logoa eta kartel bilduma berria diseinatu ditu, parte hartzen duen dantza-talde bakoitza irudikatzeko.

SARE SOZIALAK (INSTAGRAM BERRIA) ETA YOUTUBE

Euskal Herriko Dantza Agerketak bi kontu ditu, bai Twitter sare sozialean (@DantzaAgerketa), bai Facebook-en (https://www.facebook.com/Euskal-Herriko-DANTZA-AGERKETA-119781798124085/), gure lurraldeko dantza autoktonoak mundu osora zabaltzen jarraitzeko. Duela gutxi kontu bat ireki da INSTAGRAM sare sozialean ere (@eh_dantza_agerketa), dagoeneko 250 jarraitzaile baino gehiago dituena.

Halaber, YouTubeko kanaletik zuzenean streaming bidez emititzeaz gain, gogoratu nahi dugu  urtero grabatzen direla emanaldiak bideoan eta azken urteetakoak YouTubeko gure kanalean eskuragarri daudela bertako dantzen ikus-entzunezko artxibo gisa: https://www.youtube.com/channel/UCpEly8k28SSzghYQ4oQXU2w .

Informazio gehiago lortzeko edo elkarrizketak eskatzeko: dantzaagerketa@gmail.com edo zuzenean: Kepa Ogiza (629 20 59 35) + Pili Castro (658 707 653)

 

Ostirala, Iraila 16, 2022 - 19:00 to Igandea, Iraila 18, 2022 - 22:00