XLVIII Euskal Herriko Dantza Agerketa

agerketa 20202020. urte hau desberdina izaten ari da gure bizitzako alde guztietan; horregatik hain zuzen ere, ‘EUSKAL HERRIKO DANTZA AGERKETA’ren Antolakuntza Batzordekook ez dugu huts egin nahi eta aurtengo edizioa, berrogeita zortzigarrena, egitea proposatzen dugu.

Guk uste dugu urtez urte jarraitzen digun publiko fidela ezin dugula utzi “Dantza Agerketa” gabe, Euskal Herrian ekitaldi bakarra baita non zazpi herrialdeetako dantza autoktonoak erakusten diren, beti ere bertako dantzariek dantzatuta. Era berean, horrelako dantza taldeek euskal folklorea eta bere sustraiak zaintzeko eta bere horretan mantentzeko egiten duten lana ere aitortu nahi dugu.

Bestalde, norberaren osasuna eta osasun publikoa ere zaindu behar dira. Horregatik, aurten EHDAren XLVIII. edizioa egin egingo da, baina beste era batera. Irailaren 19an, larunbata, 20:00etan egingo da Social Antzokian, segurtasun neurri guztiak errespetatuz: baimendutako gehienezko kopurua, maskarak nahitaez erabiltzea, gutxieneko segurtasun-tartea eta gomendatutako neurri guztiak. Sarrerak -doakoak- Basauriko Teatro SOCIAL Antzokiko leihatilan egongo dira eskuragarri irailaren 12tik aurrera, ohiko ordutegian

Hori dela eta, ezinezkoa da zazpi herrialdeetako taldeek bertan parte hartzea eta, beraz, lurralde bakoitzeko dantza adierazgarrienen bideo-muntaia laburren bidez irudikatuko da bertako folklorea: Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Bideo horiek aurreko berrogeita zazpi edizioetakoren batean grabatutakoak dira, eta antzokiaren formatu handiko pantailan proiektatuko dira. Bideo bakoitzak herriko hiru taldeetako (Agintzari, Basauritar eta Edurre) dantzari bikoteek egindako zuzeneko dantza-sarrera bat izango du, Bilboko 'Beti Jai Alai' eta 'Bizkaiko Gaiteroak' taldeetako dantzari eta musikarien laguntzarekin. Ohiko aurkezpenak ere ez dira faltako ikusleak gidatzeko eta ikuskizunaz gehiago gozatzen laguntzeko.

Segurtasun arrazoi berberengatik, aurten ez da erromeria herrikoirik izango ostiralean, ezta Basauriko taldeen emanaldi berezirik ere igandean. Kalejirarik ere ez da egingo larunbateko saioa hasi aurretik.

ZUZENEKO EMANALDI OSOA “STREAMING” BIDEZ:

Jakin badakigu, gaur egungo egoera hau dela eta, jende askorentzat zaila izango dela larunbat iluntzean Social antzokira joatea –sarrera, beti bezala, doan izango da–; horregatik, EHDAren antolatzaileok ikuskizun osoa ‘streaming’ bidez ematearen aldeko apustua egin dugu. Euskal Herriko Dantza Agerketak Facebook-en eta Twitter-en dituen profilen bidez jarraitu ahal izango da, baita YouTubeko kanalaren bidez ere. Estekan errazago sartzeko, QR kode bat sortu da. Kode hori kartelean dago eta WhatsApp, gonbidapenak eta abarren bidez zabalduko da.

Talde autoktonoek euren herrietatik ikus dezaten ere erraztu nahi da, bai eta sare sozialen bidez #DantzaAgerketa hashtag-arekin zuzenean elkarreragiteko aukera ere izan dezaten.

Bai zuzeneko emanaldia bai bideo historikoen muntaia ERREKA ikus-entzunezko kooperatibaren esku daude, berori izan baita azken urteotan EHDA grabatzeko ardura izan duena.

 

 

DUELA GUTXI HIL DIREN ANTOLAKUNTZAKO BI PERTSONARI OMENALDIA:
2020. urte hau bereziki tristea da, pandemia-egoeragatik ez ezik, urteetan EHDAren antolakuntzari oso lotuta egon diren bi pertsona hil direlako hilabete gutxitan:
    • Urtarrilean Nerea de Egurrola hil zen, Basauritar Dantza Taldeko dantzari ohia eta batzorde antolatzaileko kidea azken urte hauetan. Gainerako taldekideekin partekatutako zereginez gain, Nerea Iparraldeko talde askorekin izan ditugun harremanez arduratzen zen; bestalde, Basauriko taldeek Dantza Agerketan egin ohi zuten emanaldiaren arduraduna zen eta ohiko laguna prentsaurrekoetan.
    • Hilabete batzuk geroago, maiatzean, Pedro Lezameta hil zen, "Peto", Edurre Dantza Taldeko "betiko" kide eta sustatzaileetakoa baita, urte askoan, EHDAren antolatzailea ere, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrarekin eta Basauriko Udalarekin elkarlanean. Petok Dantza Agerketaren funtsa eta ezaugarririk behinenak mantentzearen garrantzia erakutsi zigun, garai berrietako gustu eta aukeretara egokitu arren ere: talde autoktonoen topaketa izatea, euren lanari balioa eman eta ikusleei ere gure jatorrizko folklorea ezagutzeko aukera emango diona. Antolakuntza-lanak utzi eta gero ere, ikusle leial mantendu zen beti Peto eta ezinbesteko erreferentzia izan da horretan jarraitzen dugunontzat.
Haien senide, lagun eta taldeei gure elkartasun eta animoa erakutsi nahi diegu; eurei, Nerea eta Petori, Peto eta Nereari, gure oroitzapenik sentikorrena eta gure eskerrik beroenak beraien eskuzabatasunagatik, Basauriko dantza eta euskal kulturaren alde hainbeste urtetan egin duten lan eskergagatik: eskerrik asko bihotz-bihotzez!! !

‘EUSKAL HERRIKO DANTZA AGERKETA’:
Euskal Herriko Dantza Agerketaren ezaugarri nagusia honako hau da: dantza-talde autoktonoek hartzen dute parte. Horrela deitzen zaie beren herrietako edota eskualdeetako dantzak gorde dituzten taldeei. Talde autoktonoek bertakoentzat esanguratsuak diren egunetan egiten dituzte dantzak (herriko jaiak, inauteriak, etab.). Beraz, Basaurin erakusten diren hainbat dantza jatorrizko lekuetan eta egun berezietan soilik ikus daitezke. Hala ere, jatorrizko herrietan dantza egiteari utzi baldin badiote, dantza horiek egiten dituzten taldeak ere gonbidatu izan dira inoiz edo behin Basaurira.
Euskal Herriko Dantza Agerketa duela 48 urte sortu zen euskal folklorea bere horretan mantentzen duten taldeak suspertzeko eta ezagutzera emateko asmoz. Horrela, aukera paregabea da beroriek ezagutzeko egun horietan haien herrietara joan beharrik gabe. Gaur egun, ikuskizun honetan parte hartzea pizgarria da talde askorentzat, harrotasunerako arrazoi bat, egindako lana aitortu egiten zaiela ikusten dutelako.

BASAURIKO DANTZA TALDEAK
EH Dantza Agerketak talde autoktonoen erakusleiho gisa 48 edizio betetzea pozgarria da, bai Basauriko udalerriarentzat, bai antolatzaile diren bertako dantza-taldeentzat -Agintzari, Basauritar eta Edurre-. Bere ibilbideari esker, ‘Euskal Herriko Dantza Agerketa’ folklore tradizionalaren erreferentzia-gune bihurtu da.
Gainera, emanaldiak grabatu izana Basauriko udal artxibo grafikoari eta, oro har, euskal kulturari egiten zaien ekarpena da; izan ere, bideo horiei esker antolatu da edizio “berezi” hau.

ANTOLAKUNTZARI BURUZKO DATUAK
Euskal Herriko Dantza Agerketa Basauriko dantza-taldeek antolatzen dute Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babes eta diru-laguntzaz. Horrez gain, BBK, Social Antzokia, Starlan eta herriko zenbait erakunderen laguntza ere jasotzen da (txokoak, Herriko Taldeak, Danbolin Txistulari Elkartea, Sustraiak, San Jose eta Bizkotxalde Ikastetxeak…), baita Bizkaiko Dantzarien Biltzarrarena ere. Ekitaldiaren antolakuntza-lanetan, orotara, 100 boluntario baino gehiago ari dira. Gaur egungo baldintzek programa aldatzera eta murriztera behartu gaituzten arren, pertsona eta kolektibo horiei guztiei gure esker ona adierazi nahi diegu eta hurrengo edizioetan eurekin jarraitzea espero dugu.

Laguntza guztien artean bereziki nabarmendu nahi dugu Etor Basabe Basauriko diseinatzaile eta irudigilearena, bera baita urtero-urtero, duela hamar urte baino gehiagotik hona, edizio bakoitzeko horma-irudiak eta esku-programak diseinatzen dituena. 'Euskal Herriko Dantza Agerketa'ren aurtengo XLVIII. edizio honetan ikus-entzunezkoak duen pisu nabarmenari keinu egin dio, primerako kartelean filmak irudikatuz. Bereak dira, halaber, 'ikono' gisa 'Euskal Herriko Dantza Agerketa'rekin batera agertzen diren 'dantzariak', baita prentsa-ohar honek goiburuan duen logotipoa ere, urtero antolakuntzaren agiri guztietan agertzen dena.

Larunbata, Iraila 19, 2020 - 20:00