Hiru Bat dantza-taldeak 50. urteurrena ospatuko du urrian

Hiru Bat dantza-taldeak 50. urteurrena ospatuko du urrian

Aurten 50 urte bete dira Hiru Bat dantza-taldea sortu zenetik eta, haren kideek adierazi dutenez, urteurrena urriaren 23an ospatuko dute. Zenbait ekitaldi antolatu dituzte egun horretarako, hala nola dantzen agerraldia, herri bazkaria eta musika-ekitaldia.

Kalejira goizean egingo dute eta horretan parte hartuko dute dantzariek, Gazte Elai taldeko txistulariek, Bertokoko trikitilariek eta zanpantzarrek. Herriko futbol-zelaira abiatuko dira eta bertan dantzen agerraldia izango da gaur egungo dantzarien zein dantzari ohien eskutik. Eguerdian, herri bazkaria egongo da Agirre Lehendakariaren plazan ipiniko den karpan eta, esan moduan, momentu horretan indarrean egongo diren osasun- eta segurtasun-neurriei eutsiko zaie. Ondoren, Tio Teronen Semeak taldearen ikuskizuna egongo da, eta egunari amaiera emateko, musika-ekitaldi bat.

Hiru Bat dantza taldeak deia egin die dantzariei eta herritarrei, leihoetan eta balkoietan puxikak, kartelak eta bestelako apaingarriak ipin ditzaten, agerian uzteko egun horretan zamudioztarrak ospakizunetan egongo direla. “Espero dugu ekitaldietan ahalik eta jende gehien batzea, eta egun polita izatea. Era berean, bizitzen ari garen egoerari alaitasun apur bat ere ekarri nahi diogu”.   

https://aikor.eus/zamudio/1632816148073-hiru-bat-dantza-taldeak-50-urteu...

aikor.eus
Asteartea, Iraila 28, 2021