Hamaikagarren Euskal Jaia Arangoitin

Maiatzaren 5etik 10era luzatuko den Arangoitiko XI. Euskal Jaiko protagonista nagusiak musika eta dantza izango dira. Ez dira faltako txikienentzako ipuin-kontalariak, tailerrak eta antzerkia antolatutako jardueren artean.

Iazko urteurren borobilaren ondoren -10. urteurrena- hamaikagarren ediziora iritsiko da aurtengoan Arangoitiko Euskal Jaia. Askoren artean antolatzen duten ekimena da, besteak beste, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Saila, Bihotz Alai Folklore Taldea, Haize Alde Kultur Taldea, Bihotzaran Auzo Elkartea, Arangoitiko Gazte Asanblada eta Arangoitiko Batzokiaren artean.

Euskal Jaia maiatzaren 5ean, arratsaldeko 18:00etan, hasiko da modu ofizialean, txikienentzako zine-forum saio batekin.

Hurrengo egunean, asteazkenean, maiatzaren 6an, ipuin-kontalarien txanda helduko da. Maite Arrese kontalariak, Mau Ziemkewickek biolinarekin lagunduta eta Olatz Landaren irudiekin, Dalai Lamak, maitasuna eta elkartasuna gizakiarentzat ezinbestekoak direla dioen horretan oinarritzen diren Maitasun ipuinak aurkeztuko ditu.

Ostegunean, maiatzaren 7an, musika indarrez sartuko da, Euskotarrak taldearen kontzertuarekin, Araneko elizan, arratsaldeko 18:30ean.

Ostiralean 8 dantza ikastaro emango dira Institutuan arratsaldeko 18:00etan, eta batukada bat Arangoitiko Batuke Bulegoa taldearekin, arratsaldeko 19:30etatik aurrera auzoa erritmoz betez.

Larunbateko, maiatzaren 9ko, goiza, txikienentzako tailerrekin hasiko da, 11:30ean, Araneko plazan. Ordu horretan bertan, Ondalan Erraldoien konpartsak auzotik egingo duen ibilbidea hasiko du, auzokide guztiak eta euskal folkloreaz gozatzera hurbildu gura duten guztiak animatuz. Folkloreak jarraipena izango du 13:00etan, euskal dantzekin, Bihotz Alai taldearekin, Araneko plazan, baita ere.

Bihotz Alai taldeak arratsaldean jarraituko du, 16.00etan Institutuan hasiko den erromeriarekin, eta horren ondoren, 17:30ean, umeentzako berbena. Ekitaldi hori Eidabe konpainiak gidatuko du, Sardina freskue aurkeztuz, itsasoko euskal abesti zaharren bitartez txikienen partaidetza bilatzen duen antzerki ikuskizuna. Jaiak, auzoan arituko diren Deustuko gaita-jotzaile eta txistulari taldeekin jarraituko du, eta horien ostean Gibelurdinek taldea etorriko da, 20:30ean.

Euskal Jaiaren XI. edizioa igandean, maiatzaren 10ean amaituko da, musika gehiagorekin. Goizeko 11:00etan Deustuko gaita-jotzaileak eta txalapartariak arituko dira. Amaitzeko, Mikel Galarzaren eta bere ikasleen bertsoak izango ditugu, eguerdiko 12:30ean, Araneko eta Egileor plazatan.

 

AGENDA:

MAIATZAK 5

18:00 Umeentzako zine-foruma. (Ur-etxean)

MAIATZAK 6

18:30 Ipuin kontalaria MAITE ARRESE & MAU ZIEMKEWICH amodiozko ipuinak. (Agirre Baserria)

MAIATZAK 7

18:30 EUSKOTARRAK Abesbatzaren kontzertua. (Araneko eliza)

MAIATZAK 8

18:00 Dantza ikastaro arina. (Ikastetxean)

19:30 Batukada ARANGOITIKO BATUKE BULEGOA. (Auzoan zehar)

MAIATZAK 9

11:30 Umeentzako tailerrak. (Araneko plaza)

11:30 Erraldoiak ONDALAN ERRALDOIEN KONPARTSA. 30 (auzoan zehar)

13:00 Euskal Dantzak BIHOTZ ALAI. (Araneko plaza)

16:30 Erromeria BIHOTZ ALAI. (Ikastetxea)

17:30 Umeentzako antzerkia EIDABE Sardina freskue. (Ikastetxea)

19:00 Kantu-kalejira musikatua DEUSTUKO GAITEROAK, TXISTULARIAK ETA KANTUGINTZA TALDEA. (auzoan zehar)

20:30 Kalejira GIBELURDINEK. (Auzoan zehar)

MAIATZAK 10

11:00 DEUSTUKO GAITEROAK eta txalaparta. (Parkinga eta auzoa)

12:30 Bertsolariak MIKEL GALARZA, GUTI ETA IKASLEAK. (Araneko plaza-Egileor plaza)

http://uriola.eus/deustualdea/1429714806977

uriola.eus
22 Abril 2015