“X. Dantza Tradizionalaren Esker Onak” Euskaldunan kolkoan esan ezinik gordeak

Sari bat jasotzeko izendatzen zaituenean eta adinean aitzina zoazelarik periferian sartzen zara eta dudamuretan sentitzen duzu zure errotako garaunak eho ezinik. Halan ei zebilen “Lauaxeta” periodista-olerkaria ingurukoen lausengu merkeen astunkeriaz etsita, baina bere lagun Lizardi poeta bikainak, lepoko hautsak astinduz, bideratu omen zuen esanez ieupadok lagunengandik datozenean aintzakotzat jaso behar dira.

Anttonmari Aldekoa-Otalora Zamalloak eskutitza

Pasadizo hau gogoan, Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko buru den Jose Mari Oiartzabalek ekitaldi eta sarien berri eman zidanean Baietza eman nion. Lagun arteko elkartze gozo eta pozgarria delakoan hainbesteren artean jaso, erein, trukatu, … banaka-banaka,taldeka, erakusle, biltzaile, musika, puntu-zuzentzaile, talde-arduradun, soineko-josle, kopla-kantari, atabal tarrrrrapataria … Hor nintzen, hor Ginen! DEIA egunkariaren deira X. edizioan.

Nik jasotako saria … ez nator apalkerietan! Sari hau nire inguruarena da. Inguruari zor diot. Familiari, auzoari, herriari, alboko herri-herritarrei. Eurok barik ni ez nindaikeen ezer. Bai, aitak erakutsi zidan dantzan baina nik dantzariak herriko jaietan ikusten nituen sanmigeletan. Eta istorioak entzuten nituen gu trabajadorietan ginela be hemengo jaietan dantzariak etzuazen faltau, erreketiek ein jabian. Eta hasi nintzen konturatzen tirabirak tirabira, herriotako dantza taldeetan, koruetan, kirol-elkarteetan GU anitz bat, plural bat bizi zela, bizi dela. Ez GU uniforme bat. GU honeri esker jaso dut saria. Saritua izan naiz, baina ez ni, GU baizik.

GU honetan 37ko erreketeak aitatu ditut, baina 36ko gerra aurreko eta osteko bizkattar eta ondorengo ezkertiar iraultzaileak eta halako videotan PPko kargu bat Aurresku dotore bat dantzatzen eta … memoria lausotu eta arindu ohi zaigu eta egun zein kalibreekin neurtuko genituzkeen Zamakola eta Juan Inazio Iztueta afrantzesatuak? Iztuetak, Europan folklorista aitzindarietakoa eta Dantza-maisua bera, duela 200 urte EUSKERAZ argitaratu zuen Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia beren soñu zar, eta itz neurtu edo versoaquin. Baita berac ongui dantzatzeco iracaste edo instruccioac ere. Bere obrara, bere musikara aztertzera, ikastera jotzen dugu. Afrantzesatua zen. GUrea zen, ez?


X. Dantza Tradizionalaren Esker Onak

Ekitaldia Bilboko Euskalduna Jauregian, Sala 0B, izango da hurrengo irailaren 24an, osteguna, 19:00an. Atea irekiera 18,30ean izango da.

Aipamen berezia egingo zaie aurreko edizioetako “Esker Onak” –ei, Filmazioen bitartez.

Hasieran “photocall”a eta amaieran “coctel”a egongo dira.

  1. Garaiko Dantza Taldea “Durangaldeko dantza tradizionalak lantzen eta zaintzen egindako ibilbideagatik”
  2. 60. urteurrenetako dantza taldeak: “Euskal Herriko dantza tradizionalak 60 urte lantzen eta zaintzen egindako ibilbideagatik” Danetarako Danok, Durundi Barri, Erreka Ortu, Gorantzaileak, Ibarrakaldu, Udabarri, Zerutxu.
  3. 75. urteurrenagatik: Gaztedi
  4. Roberto Etxebarria musikari bezala. “Musika tradizionalaren arloan egindako lanagatik”
  5. Anton Mari Aldekoa-Otalora Zamalloa - “Bere dedikazio eta konpromezu erabatekoa euskal dantza tradizionala eta folklorearekin”
  6. Juan Sainz eta "Muga Taldea". "Jota de Tudela" o "Viva La Pepa" lanagatik.
  7. Calzados Bizkarguenaga - Euskal dantza tradizionalerako jantziekin egindako lanagatik.
  8. Danbolin Txistu Elkartea - bere lanagatik.

Pertsona-kopuru mugatua. Konfirmazioa eskatzen da:   bdbekitaldiak@gmail.com