Sari bat jasotzeko izendatzen zaituenean eta adinean aitzina zoazelarik periferian sartzen zara eta dudamuretan sentitzen duzu zure errotako garaunak eho ezinik. Halan ei zebilen “Lauaxeta” periodista-olerkaria ingurukoen lausengu merkeen astunkeriaz etsita, baina bere lagun Lizardi poeta bikainak, lepoko hautsak astinduz, bideratu omen zuen esanez ieupadok lagunengandik datozenean aintzakotzat jaso behar dira.

Pasadizo hau gogoan, Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko buru den Jose Mari Oiartzabalek ekitaldi eta sarien berri eman zidanean Baietza eman nion. Lagun arteko elkartze gozo eta pozgarria delakoan hainbesteren artean jaso, erein, trukatu, … banaka-banaka,taldeka, erakusle, biltzaile, musika, puntu-zuzentzaile, talde-arduradun, soineko-josle, kopla-kantari, atabal tarrrrrapataria … Hor nintzen, hor Ginen! DEIA egunkariaren deira X. edizioan.
Nik jasotako saria … ez nator apalkerietan! Sari hau nire inguruarena da. Inguruari zor diot. Familiari, auzoari, herriari, alboko herri-herritarrei. Eurok barik ni ez nindaikeen ezer. Bai, aitak erakutsi zidan dantzan baina nik dantzariak herriko jaietan ikusten nituen sanmigeletan. Eta istorioak entzuten nituen gu trabajadorietan ginela be hemengo jaietan dantzariak etzuazen faltau, erreketiek ein jabian. Eta hasi nintzen konturatzen tirabirak tirabira, herriotako dantza taldeetan, koruetan, kirol-elkarteetan GU anitz bat, plural bat bizi zela, bizi dela. Ez GU uniforme bat. GU honeri esker jaso dut saria. Saritua izan naiz, baina ez ni, GU baizik.
GU honetan 37ko erreketeak aitatu ditut, baina 36ko gerra aurreko eta osteko bizkattar eta ondorengo ezkertiar iraultzaileak eta halako videotan PPko kargu bat Aurresku dotore bat dantzatzen eta … memoria lausotu eta arindu ohi zaigu eta egun zein kalibreekin neurtuko genituzkeen Zamakola eta Juan Inazio Iztueta afrantzesatuak? Iztuetak, Europan folklorista aitzindarietakoa eta Dantza-maisua bera, duela 200 urte EUSKERAZ argitaratu zuen Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia beren soñu zar, eta itz neurtu edo versoaquin. Baita berac ongui dantzatzeco iracaste edo instruccioac ere. Bere obrara, bere musikara aztertzera, ikastera jotzen dugu. Afrantzesatua zen. GUrea zen, ez?
Orain Emakumeak sartu dira, sartu zaizkigu dantza-talde gehienetan. Feministek aurrea hartu digute. Mutil dantzariak falta omen dira … garai bateko moral-zuzen-garbiaren gidariek ondorio pobre-ilunetara bultzatu gintuzten. Gure gurasoen gurasoak, gu eta … Ondo bidean , agian. 1950ko hamarkadan oraindik herritxoetako erromerietan fraideak “agarrauan” dantzan zebiltzen parejak banatzen-apartatzen zituzten, herri-agintarien begirunez. Trikitixa euskal musika instrumentu peto-petotzat daukagu. Dudie ala! Bada, gerra ostean, 60. urteetaraino inpernuko-auspoa izan dugu eta trikitilariek pazkoazkoaz kunplitzeko arazoak ohi zituzten euren herrietan. Baina … Emakumia, emakumea beti izan dugu hor, urrin barik. Perkusioa. Panderoa, botilak, koilarak, kriskitiñak, koplak … eta musika instrumenturik onena eta osoena giza-ahotsa da eta gure artazuriketetan, gure sabai-mandioetan, gure auzoetan, gure ermita-arboladietan zenbat erromeria ez ete dira egin emakumearen ahots eta perkusioz lagunduta!
Gerraostea. Ihurretako Amatza-errota baserriko larrinean mutil dantzari gazteak Juan Errotari Maisu-erakuslearen esanetara Dantzari-dantzan. Mutilen batek huts. Errotariren alaba Miren Bikandi Areitio han, postu horretan, eta hurrengoan bestean, Banangoa eta Ezpata Nagusiak eta Launangoa … 1967an gure herrian Erregelak ez ziren dantzatzen jada. Mikel eta Tiliño Errotarigana. Maisua hankak moztuta, elbarri. Errotarik kantatu, Miren alabak dantzatu eta hari so Tiliñok eta Mikelek ikasi eta Ihurretan Soka-dantza berreskuratu. Miren Bikandi Areitiok plazan Dantzari-Dantzan ez zuen sekula egin. Nik jasotako saria GUrea da. Miren hor dut, hemen duGU!
Berrehun eta hogeitaka urte dira Humboldt doixtarra gure Euskera hizkuntzaz liluraturik iritsi zela gure herrietara eta bere Egunerokoan Euskera goraltzen du, eta horrez gainera gure musiken, dantzen, ohituren berri jaso eta publikatzen du. Egunotan, Donostiako Zinemaldian Herzog aleman zinegile sarituak … harro nago zuen kulturarekin egon naitekeelako, hizkuntzarik harrigarriena dutenekin …, alegia, Euskara jalgi hadi plazara, dantzara, egunerokoan gure ezpainetara. GU ditugu Humboldt eta Herzog, zelan ez!
Voltaire filosofo iraultzailearen aburuz euskaldunok herri-dantzaria ginen, dantzariak gara. Ditxosozko futbolarekin alderatuz, badira lehen mailako dantzariak, baina horra igotzeko zain dezagun harrobia. Inor gutxietsi gabe. Dantzan dabilena bere pozean dabil. Dantzan ezin da izan, ezin da eman suspentsorik.
Aurtongo saridunetan gure alboherrikoak, Garaikoak ere izan dira. Garaiko dantzariak. Duela ehun urte inguru, Ihurretan maiatzeko San Isidroetan ERREGELEN, Aurresku-Atzeskuen lehiaketa izan ei zen. 50 urtetik gorakoentzat. Aurreskuan irabazle Pedro Martin Aldekoa-Otalora, gure attitte, Yurretaburu baserrikoa izan zen eta Atzeskuaren loria Garaiko Antonio Duñabeitia, Duñabeiti baserrikoak jaso zuen. Oraintsu zendu den Jabi Etxeita Duñabeitia, garaitar dantzari dotorearen attitte zen Antonio Duñabeiti. Nik jaso dudan sariaren gomutan berriz ere GU datorkit bada...
Euskaldunako aretoan egun horretan sarituak izan ginenok, izendatu ez zaituztedan individuo-norbanako eta talde guztietakook badakizue nire gogoko eta bihotzeko agendan zaudetela, eta hor nauzuela zeuenean.
Aunitz Esker!, Eskerrik asko! … eta zuen kantu-tonadan… betilorie paparrienda/grabilleta dotorie/agure zaharra jantzan ein guran/hor dabil otalorie… dantzatu duGU. Ordainetan bihoaz ni-GUre ESKER ONAK!!!
Anttonmari Aldekoa-Otalora Zamalloak
Ijorretan,San Migel egunez



