Areatzak Euskal Jaia ospatuko du asteburuan

Kantuzaleen Topaketa eta bazkaria izango dira bihar, eta Dantza Alardeaz gozatu ahal izango da igandean

arg

Herritarrak eta beren ohiturak eraldatuko dira asteburu honetan Areatzan. Arratiako herri honek bere Euskal Jaia ospatuko du dantza, musika eta bazkarien artean. Bihar, herri bazkaria izango da, hain zuzen ere, hitzordu nagusia, Bizkaiko Kantuzaleen Topaketarekin batera. Igandean, ordea, dantzen eguna izango da, eta Alardeaz gozatu ahal izango dute arratiarrek eguerditik aurrera.

Sona handia hartu du hitzordu honek eta herritarren parte-har-tzea nabarmena izaten da Euskal Jaian. Bihar izango da egun handia eta Gorbeialdeko ekoizleen azokarekin hasiko da jardunaldia, goizeko 11:00etan. Ordu erdi beranduago, Arratiako Musika Eskolaren kalejirak herriko txokoak alaituko ditu, Maurizia, Leon eta Fasioen txotxongilo erraldoien laguntzarekin. Eguerdirako, giroa puri-purian egongo da eta Bizkaiko Kantuzaleen Topaketa hasiko da. Gernika, Plentzia, Erandio eta Santutxuko taldeak dira aurtengo gonbidatuak eta kantu-bira egingo dute herrian zehar.

Bazkaldu baino arinago, herritarren arteko brindisa egingo da eta pintxoak zerbitzatuko dira herriko plazan. Arratsaldeko 15:00etan hasiko da frontoian herri bazkaria eta Areatzako txistulariak bazkalostea luzatzeaz arduratuko dira.

Egunari amaiera emateko, Erdizka Lauetan taldearen erromeria izango da eta taldea herritarrak dantzarazten saiatuko da. Amaitzean, berakatz zopa eskainiko da herrian, batzuek jaia jarraitzeko aukera izango badute ere.

Igandeari dagokienez, Dantza Alardearekin hasiko da eguna eta beste garai bateko euskal jaiak gogora ekartzen saiatuko dira antolatzaileak. Eguerdian hasiko da ekitaldia eta parketik abiatuko da kalejiran, Herriko Plazaraino. Horren ostean, dantza ikuskizuna izango da Galdakao, Erandio eta Arratiatik etorritako taldeekin.

Azkenik, taldeak eta herritarrak batuko dira dantza egiteko eta amaiera ezinhobea emateko aurtengo Euskal Jai honen egitarauari.

Deia