Urteurren borobila bete du aurten Lezamako Kurtze dantza taldeak. 35 urte dira taldea abian jarri zutela, eta, ospakizun berezi horretarako, jarduera ugariz betetako egitaraua antolatu dute.
Gaur arratsaldean ikastaroak egingo dituzte. Hain zuzen, zapiak janzten eta abarkak eta gerrikoak lotzen irakatsiko diete hala gura dutenei, 18:00etatik aurrera. Antton Altube taldeko kideak azaldu duenez, "sekretu handirik ez dago horretan, kontu handiz egitea baino". Hala ere, esan du gaur egun ez dagoela era bakarra elementu bat edo beste janzteko garaian. "Beraz, ikastaroaren asmoa da dantza taldeko guztiok modu berean egitea".
Gaurko ikastaroaren seriotasuna berehala desagertuko da bihar goizetik aurrera: herri osoan jai giroa nagusituko da gaueko ordu txikietara bitartean. Dantzari txikien kalejiragaz abiatuko dituzte ospakizunak. 11:00etan aterako dira bertako eta inguruetako taldeetako txikienak, herriko kaleetan zehar. Ordubete geroago, Txorierriko dantzari txikien alardea plazaratuko dute. Eskualdeko dantzariek erakustaldia egingo dute, beraz.
Dultzaina joleek lagunduta, lagunarteko giroa kalera atera eta ondo pasatzeko gogoa suspertze aldera, Kurtze dantza taldeko kideak festa giroan ariko dira kaleetan. 13:00ean aterako dira, 15:00etako herri bazkariaren ordua iritsi bitartean.
Bazkalondo luze baten ostean, 18:00etan egingo dute dantza erakustaldi nagusia Lezamakoek zein ingurukoek. Bertakoek agintariena, agurra, ezpata joko txikia, esku dantza, kontrapasa eta xoxo dantza taularatuko dituzte, besteak beste. Erakustaldia amaitzeko, fandangoa eta arin-arina dantzatuko dituzte. Horrez gain, gonbidatutako dantza talde bakoitzak berak aukeratutako dantza erakutsiko du.
Lezamako Astrapala proiektuak gidatutako erromeriak emango die amaiera ospakizunei. Frontoian izango da azken ekitaldi hori. Ogitartekoak ere eskuragarri izango dituzte hara joaten direnek, "indarberritu ahal izateko".
Lau urtetik gorako laurogei dantzari inguruk osatzen dute egun Lezamako Kurtze dantza taldea, nagusien talde batean eta txiki eta ertainen bost taldetan banatuta. Dantza entsegu eta saioez gain, erromeria dantzen ikastaro bat ere badaukate, eta 30 lagun inguruk eman dute izena.
Kurtze ez da izan herrian egon den dantza talde bakarra, Altubek azaldu duenez:Odol Gaztea izeneko beste bat izan zuen aitzindari. Hark utzitako lekua hartu zuen eurenak.
Denetariko dantzak egiten dituzte egun: "Gizonei dagokienez, Bizkaiko dantzari dantza eta makil txikia egiten ditugu. Nesken errepertorioa zabalagoa da nagusien zein txiki eta ertainen taldeetan: zinta dantza, arku dantza, sagar dantza, kaxkarot, kontrapasa, agurra, xoxo dantza, eusko dantza eta, jakina, baita dantza jokoak ere, besteak beste". Emakumeak eta gizonak elkarregaz aritzen diren gorulariak ere dantzatzen dute.
Gaur, ikastaroa egingo dute. Bihar, berriz, ospakizunen txanda iritsiko da: dantza alardea eta erromeria egingo dituzte. Jai giroa nagusituko da egun osoan.
http://bizkaia.hitza.info/2014/11/21/35-urtez-oinei-eragiten/



