Valentin Maria Zubiaurre Garaiko semearen heriotzaren mendeurrena gogoratzeko, Gorulariak erakusketa dago ikusgai Durangoko Arte eta Historia Museoan. Durangogaz zeukan harremanean jarri dute arreta erakusketa antolatu dutenek: Ander Berrojalbiz musikari eta adituak eta Khantoria musika taldeak. Zehazki, euskal jai batzuetarako konposatu zuen Gorulariak abestiak eman dio izenburua erakusketari.
Durango eta Zubiaurre lotu zituen ekitaldirik garrantzitsuenak 1886ko euskal jaiak izan ziren. Bi musika lan konposatu zituen jaialdi hartarako: "Bata enkarguz egin zuen: Pablo Pedro Astarloa euskaltzalea omentzeko ereserki bat konoposatu zuen. Bestea izan zen, ostera, urteetarako ospea emango ziona: Gorulariak izeneko kanta".
Erakusketa hainbat elementuk osatzen dute. "Zubiaurreren busto batek zabaltzen du, orain artean erakutsi ez den busto batek. Handik aurrera, 22 agiri daude: haren eskuizkribu musikalak, gutun pertsonalak, egunkarietatik ateratako albisteak, euskal jaietako egitarauak, argazkiak eta grabaturen bat edo beste".
Elementu horien bitartez, Zubiaurrek euskal jaietan izan zuen parte hartzea eta Gorulariak abestiaren historia eta bilakaera gogora ekartzea dute helburu. Gorularien abestiaren inguruan bi bitxikeria daude: batetik, nahiz eta Zubiaurre Madrilgo Errege Kaperako maisua eta bere garaian Espainiako erresuman zegoen konpositorerik garrantzitsuena izan, lan guztietatik gerora gehien interpretatu den kanta Gorulariak abestia da. "Eta lan mardula izan du".
Peru Abarkaren liburu batetik jasotako kantuaren hitzei jarri zien musika. "Durangoko euskal jaietan antzeztu egin zuten kanta hura. Durangoko konpartsako gizon-emakumeek egin zuten, bakoitzak lihoa lantzeko lanabes bat hartuta. Kanta abestu ahala, lihoa zelan lantzen zen antzezten zuten".
Antzezpen hura ekitaldi hartarako berreskuratu ziren beste bi dantzagaz batera egin zuten: arku dantza eta Domingillo. Durangoko bi dantza tradizional dira. Osotasun hori da gaur egun oraindik Gorulariak legez ezagutzen dena. Dantza bi horiek eta Gorularien estanpa".
Koreografia hori XX. mendean zehar askotan interpretatu da, leku askotan. Beste dantza talde batzuek ezagutzeko koreografia osoaren musika eta hitzak jaso zituzten hainbat argitalpen ere ikus daitezke erakusketan.
"Iurretako dantza taldeak, urtero, herriko jaietan interpretatzen ditu Gorulariak abestia eta, ostean, arku dantza eta Domingillo". Durangoko Kriskitinek ere badauka bere errepertorioan Zubiaurreren estanpa.
Herri kantu moduan hedatua
"Gorulariak 1886an sortu zen, herriko tradizioei lotuta, eta hala eutsi dio urteetan zehar". Dena den, erakusketak agerian uzten du Zubiaurreren konposizioa izan arren urte askoan, ia XX. mende osoan zehar, herri abestia zela uste izan zela. "Ahaztu egin zen Valentin Maria Zubiaurrek konposatutako musika zela, eta herri kantu moduan hedatu zen, ahoz aho". Herri musika gisa garatu zen, gainera. "Izan ere, egilea ezaguna duen abesti bat ez du inork aldatzen; herrikoia dena, ostera, bai. Eta kanta honegaz horixe gertatu da".
Bitxikeriaz betetako erakusketa hau martitzenetik domekara dago zabalik, eta urtarrilaren 13ra arte izango da bisitatzeko aukera. Egun horretan beteko da, hain zuzen, Garaiko konpositorearen heriotzaren mendeurrena.
http://bizkaia.hitza.info/2014/11/28/lihoa-iruten-zutenei-buruzko-kanta…



