Euskal Herri osoko dantza tradizionalen aldaera eta ikusgarritasuna agertze aldera, Euskal Herria Sokan ikuskizuna antolatu du Beti Jai Alai Basurtuko dantza taldeak, domekarako. Bilboko Arriaga antzokian egingo dute agerraldia hainbat herritako dantzariek, 19:00etatik aurrera.
Euskal Herri osoan gehien orokortutako dantza mota batek jarri ditu ikuskizun horretarako oinarriak. Sokadantza da herri gehienetan izen bategaz edo besteren bategaz egiten den dantzetako bat: dantzariek, eskuak elkartuta, katea osatzen dute, gizonezkoak eta emakumezkoak tartekatuta. Dantzaren egitura hori hari nagusitzat hartuta, lurralde bakoitzeko dantza esanguratsuenak aurkeztuko dituzte. Hala, lurralde bakoitzeko hainbat herritako dantza zatiak elkartuta, sorta bat egitea da asmoa.
Beti Jai Alai taldeak berak iragarri duenez, helburua da euskal folklorearen aberastasunaren ikuspen bat eskaintzea. Eremu bakoitzak bere berezitasunak islatuko dituen pasarteak gehituko dizkio ikuskizunari, eta, azkenean, bildutako dantzari guztien artean, sokadantza berezi bat osatuko dute. Hala, talde bakar bat eratuz, lurralde guztietako dantzariek amaierako sokadantza edo esku dantza osatuko dute. Euskal Herri osoa soka handi eta bakar batean elkartuta irudikatuko dute modu horretan, talde anfitrioi eta antolatzaileak azaldu duenez.
47 urteko ibilbidea
Historia luzeko taldea da Basurtuko Beti Jai Alai. 47 urte beteko ditu aurten. 150 pertsona inguruk osatzen dute, eta, denen artean, Euskal Herri osoko dantzak interpretatzen dituzte. Hain zuzen, Zuberoa, Lapurdi, Nafarroa, Araba, Gipuzkoa zein Bizkaiko dantza, doinu, soinu, kantu eta jantzi zaharrak ageri dira euren emankizunetan. Betiere, agerian izaten da taldearen kutsu bizkaitarra. Basurtuko auzotar batzuek euskal kulturarekiko zeukaten grinatik sortutako dantza taldea da. Euskal dantzekin zerikusia duen guztia ikasi eta irakastea dute helburu. Eta lan horretan buru-belarri aritzen dira taldeko kideak. 80 pertsona inguruk osatzen dute helduen taldea, dantzariak eta soinulariak zenbatuta. Astean hiru egunetan elkartzen dira entseguak egiteko, jaialdiak prestatu eta dantza teknikak hobetze aldera.
Belaunaldi erreleboa
Gaztetxoen taldea 70 neska-mutiko inguruk osatzen dute. Entseguez gain, haientzako bereziki antolatutako hainbat jaialdi eta erromeriatan ere hartzen dute parte. Ume eta gaztetxo horiei gaur egunera arte irakasteak bermatu du belaunaldi berrien erreleboa.
Domekan, entsegu horietako guztietako emaitzetako bat ikusteko aukera izango dute Arriagara biltzen direnek. Emanaldia ikusteko sarrerak zazpi eta hamasei eurotan eskura ditzakete interesa dutenek. Internet bidez eta antzokian bertan daude eskura.
Domekan, 19:00etan, Arriaga antzokian. Sarrerak zazpi eta hamasei eurotan eskura daitezke.
http://bizkaia.hitza.info/2015/01/16/dantzak-lotutako-herria/



