Hiru egunean zehar arituko dira jaian eta igandean ehun bat partaide egongo diren kontzertu nagusian Amaia Aroma aintzindari durangarra omenduko dute.

Txistuaren doinua inoiz baino ozenkiago entzungo da asteburu honetan. Aurten betetzen dira 60 urte Durangaldeko txistulariek eskualde guztiko herrietan kontzertuak eskaintzen hasi zirenetik. Urtero, San Jose egunean batu izan dira huts egin barik Txistulari Eguna ospatzeko, 1971tik 1978ra izan ezik baimenik ezagatik. Hasieratik hainbat aldakuntza izan ditu egun hori garatzeko erak. Lehenengotan txistulariak bakarrik batzen ziren, meza abesten zuten eta bazkari bategaz amaitutzat ematen zuten eguna. Gaur egun, kontzertuetan, txistulariez gain, abeslariek, dantzariek eta beste motatako hainbat musikarik hartzen dute parte. Aurten, Durango aukeratu dute egun hori ospatzeko eta data borobila izanez, 60. urteurrena, hiru egunetan ospatzea erabaki dute, datorren ostiralean, larunbata eta igandean, alegia.
Lehendabiziko Txistulari Eguna 1953ko martxoaren 19an egin zen. Guztira zortzi txistulari bildu ziren Abadiñon, Juan Aldizuk zuzenduta. Era honetan, txistua eskualde mailan sustatzeko ospakizun ibiltari bat urtean behin jorratzeko lehenengo pausoak eman zituzten. "Durangaldeko biztanleek txistuaren alde kultoa ezagutu zezaten jatorrizko helburua izan zen. Dantzatzeko musikaz gain, beste motako obrak landuagoak ere txistuarekin jotzea posiblea zela jakinarazi nahi zuten", azaldu du Joanan Aroma, ospakizunaren antolatzaile batek.
Euri asko egin du ordutik eta oroimenean gordetzen dira jadanik egitasmoak galarazpen ugari jasan behar izan zituen urteak. "1972tik 1974ra, biak barne, Gobernadoreak ez zigun baimenik eman. Une hartan hiru baimen lortu behar genituen. Lehenengo udaletxekoa, gero Bilboko Informazio eta Turismo bulegokoa eta azkenik, Gobernu Zibilarena. Nahiz eta beste aurreko biak izanda, Gobernadorearen baiezkoa lortzea beharrezkoa zen. Bestela, ezin genuen ospakizuna aurrera eraman. Urte zailak izan ziren erabat", gogoratu du.
Hurrengo urteetan, 1975etik 1978ra, ez zuten baimenik eskatu. "Alferrik zela ikusi genuen. Gogoak ez zitzaizkigun falta, baina politika egoera zabala eta demokratikoa heldu arte ez ginen berriz saiatu", zehaztu du Aromak. 1979an berriro hasi ziren Mañarian. "1971an Mañarian ospatu nahi izan genuen, baina 5.000 pezeta ordaindu behar genuela agindu ziguten eta orduan, Izurtzan egin genuen. Hori dela eta, arantza bat genuen Mañaria herriarekin eta 1979an, berriz bueltatu ginenean, han ospatzea erabaki genuen", aitortu du antolatzaileak.
"Ilusio itzela"
Aurten, 60. urteurrena ospatzeko programa oparo bat antolatu dute. Egun bakar batean ez ezik, hiru egunean zehar ospatuko dute jaia. "Hasieran ez genuen espero hainbeste urte irautea. Ilusio itzela da guretzat. Tantaz tanta lortu dugu ekimena luzaroan bizirik egotea eta indartzen joatea", adierazi du Aromak.
Bihar hasiko da Txistulari Egunaren egitaraua. Iluntzeko 19:00etan Durangaldeko Txistulariek kalejira baten bidez iragarriko dute jaiaren hasiera. Ordu bat geroago, Kurutzasantu Museoan Arozena anai gipuzkoarrak -Aitor (txistua), Xanet (gitarra) eta Urko (perkusioa)- 'Arozenatarren Ttunttuna' ikuskizunari ekingo diote.
Ospakizunaren ibilbidea gogoratzeko, argazki erakusketa bat antolatu dute Andra Mari elizpean larunbatean, goizeko 11:00etatik iluntzeko 20:00ak arte. Guztira, bederatzi panel aurkeztuko dira eta irudi, datu istoriko eta partitura ugari eskainiko dira bertan.
Egun bereziena igandea izango da. Hasteko, goizeko 9:30ean hiru taldek kalejiran arituko dira herri guztian zehar. Kontzertu nagusia eguerdiko 13:00ean hasiko da Andra Mari elizpean eta ehun bat partaide egongo dira, musiko, abeslari eta dantzarien artean. Hain zuzen ere, berrogei txistularik, Durangoko Orfeoiak, metalek, dultzainajoleek, alboka eta pandero joleek eta Durangoko dantzariek parte hartuko dute.
Aromaren esanetan, Kontzertuak "nahiko zapore durangarra izango du". Carlos Sánchez tronpetalariak moldatutako 'Durangoko Alkate Soiñua'rekin hasiko da emanaldia eta Andrés Granadosen 'Herri Maite' eta 'Kaixo Durango' abestiek, azken honek Marisa Barrenak idatzitako hitzak dituela, amaiera jarriko dute. Fernando Urainek eta Eleder Iturrietak zuzenduko dute.
Kontzertu denporan, omenaldi bat egingo zaio Amaia Aroma txistulari durangarrari, bera izen baitzen Bizkaiko eta Euskal Herriko aitzindarietako bat, eta gaur egun herrian dagoen txistularirik nagusiena baita. Jaia amaitzeko, Xabier Etxeita eta Miriam Uria txistulariek Durangaldeko Erregalak dantzatuko dituzte, elizpean bertan, Karmelo Barruetabeña txistulariaren doinuarekin.



