Euskal dantzak, musika, arte eszenikoak, umeentzako joko tradizionalak, zesta-punta eta esku-pilota partidak eta bestelako hainbat jarduera izango dira Durangon gaur hasi eta datorren ekainaren 20ra bitartean: XVIII. Euskal Astea ospatuko dute egun horietan.
Intxaurre kultur elkarteak ekainaren 13an egingo duen maskarada da aurtengo berritasunik aipagarriena. Kalejiraz gain, bost lekutan interpretatuko dituzte barrikadak egun horretan, 11:30etik aurrera.
Dena den, ordura arte nahi beste ekitaldi aurkituko dituzte durangarrek eta bisitariek. Asteburuan, kirol eta dantza saioak izango dira protagonista bakarrak. Pilotak emango dio hasiera kultur asteari. Durangoko Pilotazale elkarteak izango du ekitaldiei hasiera emateko ohore hori. Hala, 18:00etan izango da 25. Esku Pilotaren Eskolako Haurren Txapelketa. 19:30ean, bestalde, Peter Memorialeko VI. Esku Pilotaren Jaialdiko finalerdiak jokatuko dira; biak ala biak Ezkurdi frontoian.
Bihar, zesta-puntaren txanda iritsiko da, XIV. txapelketan. Horren ostean, Tronperri dantza taldeak jarriko dio kolorea zapatuari, Euskal Dantzen 33. Jaialdiaren lehenengo atala aurkeztuta. Zuberoako eta Bizkaiko errepertorioek osatutako saioa 19:40an hasiko da, Andre Mariako elizpean.
Domekan egingo dute saio horren bigarren atala. Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Lapurdiko dantzak taularatuko dituzte. 12:45ean izango da, agertoki berean. Lehenago, 11:00etan, Esku Pilotaren Eskolako Haurren 25. txapelketa da.
Eta datorren astetik aurrera, irrati tailerrak, Amerikako Estatu Batuetako jatorrizko hizkuntzei buruzko Beltzean mintzo dokumentala, kontzertuak eta Asiako zeruetatik izeneko mendiari buruzko erreportajea izango dira. Asteburukoa hasiera besterik ez da izango, beraz.
Herriko 25 elkarte eta gizarte eragilek hartuko dute parte jarduera horietan guztietan. Kirol, musika, mendi, arte plastiko eta gastronomia alorreko elkarteak izango dira. Horiez gain, bost ikastetxek ere ikasleentzako jarduerak prestatu dituzte. Zinemagaz, antzerkiagaz, kirolagaz eta historiagaz lotutako ekitaldiak izango dira horiek.
Aurten, Garabide elkarteak eta Nevers ikastetxeak hartuko dute parte lehenengoz. Eta Kriskitin dantza taldeak bost urtean behin interpretatzen duen antzinako euskal ezkontza baten erakustaldia ere egingo du ekainean.
Kulturaren erakusleihoa
1998an sortu zen kulturaren hainbat adierazpen elkartzen dituen kultur aste hori. Hasiera hartan, Durangoko zenbait elkartek hainbat jarduera aurkeztu zituzten, denek batera. Hala, euskal kulturari beste erakusleiho bat zabaldu zioten.
Hemezortzi urtean egindako ibilbidean, hainbat elkartek hartu dute parte, egitarau sendo bat finkatuz. Urtez urte handiagoa izan da elkarte eta parte hartzaileen kopurua. Aurkezten diren kultur adierazpen motak ere ugarituz joan dira. Horretan datza proiektuaren arrakasta.
Dozenaka kultur adierazpen
Asteburuan kirol probak eta dantzen erakustaldiak izango dira Durangon.
http://bizkaia.hitza.info/2015/05/22/hilabeteko-kultur-astea/



