Bonifazio Arandia Fasio musikariaren omenez egindako lana Interneten eskegi du Aiko Taldeak

Bonifazio Arandia Fasio musikariaren omenez egindako bere lana Interneten eskegi du Aiko Taldeak, eskusoinuaren historian murgiltzen den argitalpena

arg

Musika-tresnaren historia, soinulari baten bizipenak, mendean zehar Euskal Herrian bizitakoa edo soinuarekin hobetzeko gako batzuk. Aiko Taldeak Fasioren Mendea disko-liburu eta DVDa Interneten eskegi du berriki, Bonifazio Arandia Fasio musikariaren ondarean eta instrumentuaren historian interesa duten guztien eskura izan dadin.

Lan honek eskusoinuaren “azterketa orokorra” egiten du pertsonaia baten ibilibideari erreparatuz eta bere garaian, ingurunean eta kulturan ere sakonduz. Musikariei bereziki zuzenduta badago ere (partiturak ere badaude), hainbat arratiarrentzat interesgarri izango da inguru honetako azken mendeko historia islatzen baitu argitalpen honek.

Lan honek 2009an Bonifazio Arandia Uriarteri (1909-1987) egindako omenaldietan du bere jatorria. Orain sei urte ospatu zen, hain zuzen ere, musikari arratiar ospatsuaren jaiotzaren mendeurrena eta zenbait ekimen antolatu ziren Igorren. Lehen mailako musikari eta dantza-maisuez osatuta dagoen Aiko Taldeak ere omenaldi horretan parte hartzea erabaki zuen.

Ez zuen, alabaina, edozein modutan lagundu eta disko-liburu formatuan argitaratu zuen Fasioren Mendea lana; testuak, argazkiak, CD bat, partiturak eta hainbat filmaketa zituen DVDa bilduz. Lanak oihartzuna izan zuen bere momentuan, batik bat musika herrikoian diharduten lagunen artean, eta orain, sei urte geroago, lana osatu dute eta beste bultzada bat ere eman diote. Ekimen honen emaitza aikotaldea.eus web-gunean topa daiteke, musika herrikoiaran inguruko beste hainbat informazioarekin batera.

Proiektuaren bultzatzaile Aiko Taldeko partaide den Sabin Bikandi proiektu honen bultzatzaile nagusietako bat izan da: “Musika ikasle edo maisuentzat lagungarri eta intesgarri izan daitekeelakoan, Interneten eskegitzea erabaki genuen. Lan inportantea egin zen eta merezi duela uste dugu”, azpimarratzen dute. Izan ere, lanak ikuspegi zabala du eta Anandiaren ondarea aztertzeaz baino harago doa. “Material horrek ezin hobeto islatzen ditu Fasio-ren bizitzaren eta musika-ibilbidearen nondik norakoak. Aldi berean, sakonean aztertzen ditu eskusoinuaren eta euskal musika tradizionalaren arteko harremanak, baita Arratiako berezko ezaugarri kultural eta musikalak ere”, adierazi dute Aiko Taldetik.

Protagonistaren historia eta testuinguari erreparatuz, gertakizun politikoen eragina aipatzen da (Gerra Zibilaren ostean erromeriaren gainbehera hasi zen, esate baterako) eta, bestalde, pertsonaia alai, “energia handiko” eta maitagarria azaltzen da. Argitalpen honen atal interesgarrienetakoa ikus-entzunezko materialarena da. Arlo bideografikoari dagokionez, Igorreko musikariak bere bizitzaren amaieran, 1982an eta 1986an egindako bi ekitalditan interpretatu zituen 29 doinu bildu dira. Atal honen osagarri gisa, 1988ko azaroan, Fasio hil eta urtebete geroago, jaioterrian egin zioten omenaldiaren irudiak sartu dira. Horrekin guztiarekin, 81 orrialdeko liburu bat, partiturak eta kantak batu dituzte lan honetan. Azkenik, maiatzaren 9an Dantzan Fasiogaz ikastaroa antolatu zen Bilboko Bizkaia Aretoan, Kulturbasque-UPV/EHUren laguntzarekin batera.

Deia