Jon Irazabal omenduko dute larunbatean Gerediagan izango den Ezpatadantzari Egunean

Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna ospatuko da larunbatean, uztailak 11, Gerediagako foru zelaian eta ekitaldira gerturatzen diren bederatzi talde eta ikusleek Gerediaga elkarteko Jon Irazabal omenduko dute. Eguneko egitaraua Abadiñoko paraje horretan hasiko bada ere, prestatutako ekitaldiak Garain izango den afaria eta erromeriarekin osatuko dira.

arg
Abadiñoko Gerediagako ermita aurreko foru zelaian egingo den Durangaldeko Ezpatadantzari Egunean Durango, Izurtza, Garai, Iurreta eta Berrizko bederatzi talde izango dira.

Ekitaldia arratsaldeko 18.00etan hasiko da Matienako Laubideta kaletik abiatuko den kalejirarekin. Dantzariek eta txistulariek Gerediagako ermitarainoko ibilbidea egin ondoren Dantzari dantzari ekingo diote eta ondoren Soka dantza eskainiko dute.

Dantza agerraldia amaitu orduko omenaldia egingo diote Jon Irazabal Gerediaga Elkarteko kideari, “hamarkada  luzez ekitaldiaren antolatzailea eta koordinatzailea” izan delako. Antolatzaileek “Durangaldeko dantzen aldeko lanak sustatu” egin ditu ere azpimarratu dute.

Eguneko ospakizunak Garain jarraituko dute, bertako plazan lagun arteko afaria egingo delako eta ondoren Ansorregi taldearen erromeria egongo da. 

Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna “egun garrantzitsua da Bizkaiko eta Euskal Herriko folklore zaleen artean”, antolatzaileen esanetan. “Kontuan hartzekoa da, ‘Dantzari dantza’ edota ‘Bizkaiko Ezpatadantza’ izenarekin ezaguna den dantza multzoa, Durangaldeko sei elizateetan iraun duela mendeetan zehar (Mañaria, Izurtza, Abadiño, Iurreta, Berriz eta Garain)”. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran berriz, Bizkaia osora zabaldu zen.

Gerediaga elkarteak Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren laguntzarekin antolatzen duen egun honek, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila, Abadiño  eta Garaiko Udalen kolaborazioa du.

durangon.com