Bihar ospatuko da Ezpatadantzari eguna Gerediagan

Urteetan antolatzaile izan den eta elkarteko kidean den Jon Irazabali omenaldia egingo zaio

Ezpatadantzari eguna

abadiño -Bihar, uztailaren hamaikan, ospatuko da Durangaldeko Ezpatadantzarien Eguna Gerediagako foru zelaian. Bertan dantza erakustaldia egingo da lehenengo eta aurten Jon Irazabal Gerediaga Elkarteko kideari egingo zaio omenaldia. Durangaldeko bederatzi taldek parte hartuko dute aurtengo jaian, Durango, Izurtza, Garai, Iurreta eta Berrizko taldeak besteak beste.

Larunbateko ekitaldia arratsaldekoseiretan hasiko da Matienako Laubideta kalean, kalejira batekin. Gerediagako ermitara igo eta Dantzari dantza egingo dute taldeek Soka dantzarekin amaitzeko. Ondoren Jon Irazabal, “Kata”, Gerediaga Elkarteko kideari egingo zaio omenaldia. Hamarkada luzez ekitaldiaren antolatzailea eta koordinatzailea izan da, eta Durangaldeko dantzen aldeko lanak sustatu eta partaidea izan da. Eguneko ospakizunak, Garaiko plazan lagun arteko afariarekin eta Ansorregi taldearen erromeriarekin amaituko dira.

Egun garrantzitsua da Bizkaiko eta Euskal Herriko foklorezaleen artean Durangaldeko hitzordua. Kontuan hartzekoa da, “Dantzari dantza” edota “Bizkaiko Ezpatadantza” izenarekin ezaguna den dantza multzoa, Durangaldeko sei elizateetan iraun duela mendeetan zehar (Mañaria, Izurtza, Abadiño, Iurreta, Berriz eta Garain). Gero, XIX. Mendearen amaieran eta XX. Mendearen hasieran Bizkai osora zabaldu zen.

Hau Gerediagaren 50. urteurreneko ospakizunen egitaraua osotzeko ekitaldia izango da. Laguntzaileak ere hainbat izan dira antolaketan: parte hartuko duten dantza taldeak, Abadiñoko eta Garaiko Udalak, Bizkaiko Dantzarien Biltzarra eta Bizkaiko Foru Aldundia.

Benetan larunbateko ekitaldian, momentu hunkigarriak bizi izango dira, Jon Irazabal “Kata”, Gerediaga elkarteko kidea izateaz gain, euskal kulturan oso ezaguna den pertsona bat delako, eta jende askok maite duelako.

Beraz bakarrik falta da datorren asteburuan eguraldia lagun izatea eta honenbestez larunbata borobila izango dute antolatzaileek.

Deia