San Fausto jaiak amaitu eta hurrengo igandean ospatuko da ohikoa denez Durangoko Umeen Euskal Jaia. Tronperri eta Txoritxu Alai dantza talde durangarrek antolatutako 49. edizioak hamaika taldetako 400 haur eta gazte eta 70 arduradun bilduko ditu hiribilduko kaleetan.
Eguneko egitaraua Durangoko talde biek gonbidatutako taldeei egingo dieten harrerarekin hasiko da. Aurten Tronperri eta Txoritxu Alai-ko dantzariekin batera Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo taldeak, Abadiñoko Talde Batua, Matienako Iluntze, Zornotzako Udabarri, Ermuko Txindurri, Elorrioko Besaide, Sestaoko Salleko eta Legazpiko Korosti-koak parte hartuko dute.
Goizeko 11.30ean kalejirari hasiera emango diote partaide guztiak eta hainbat dantza eskainiko dituzte kalez-kale.
Arratsaldeko agerraldi nagusia, 17.00etan hasiko da Ezkurdi plaza, edo Landako Gunean euria eginez gero. Ekitaldian Agintariena, Zortzikoa, Ezpata txikia, Banangoa eta Txotxongilo dantzatuko dute mutilek eta neskak berriz, Arku dantza, Zinta dantza, Kontrapas eta Sagar dantza eskainiko dituzte.
Ondoren ume txikien saioari ekingo diote, Esku dantza, San Petrike, Txulalai eta Zapatain dantza eskainiz eta egitarauari amaiera emateko Fandangoa eta Arin-arina dantzatuko dituzte partaide guztiak.
http://www.durangon.com/umeen-euskal-jaiak-400-haur-eta-gazte-bilduko-d…



