'Dantza Plazetan' programeak Castellers eta euskal jantzak ekarriko ditu Bilbora

Bizkaie! 2026-06-24

Bagilaren 27an, Santiago Plazan, 20:00etan.

Dantza Plazetan programeak erromeriak, kalejirak, jantza-alardeak eta erraldoien kalejirak Bilboko hainbat barrutitako plaza eta kaleetan atontzen ditu. Bilboko Udalak atondutako programeak hitzordu berezia eskainiko dau datorren zapatuan, bagilaren 27, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, 40 urte bete barri dituan Salbatzaile Dantza Taldeak eta Colla Joves Xiquets de Valls Kultur Alkarteak giza gazteluen eta euskal jantzen erakustaldia, hain zuzen be, Santiago Plazan. Talde bien ikuskizunaren ondoren, ohiko erromeria hasiko da, 22:00ak arte.

Hitzordua Colla Joves Xiquets de Valls talde Katalanaren ikuskizunagaz hasiko da, casteller munduko talde historikoetako bat, eta Salbatzaile Dantza Taldearen jantzakaz aurrerago. Ondoren, talde biek saio bateratua eskainiko dabe eta, azkenik, erromeria egingo da, topaketeari amaierea emoteko.

Colla Joves Xiquets de Valls Casteller munduko talde historikoetako bat da. Valls uriko casteller arloko tradizinoan dau jatorria, castellls sorterritzat hartzen dana. 1970ean eratua, XIX. mendeko colles vallenques historikoen tradizinoa oinordetzan hartuz, Kataluniako casteller panoramako talde nabarmenetako bat bihurtu da, eta aldizka parte hartzen dau diada eta jaialdi nagusietan. Taldearen gaitasun teknikoagaitik eta bere jarduketen osogai komunitario sendoagaitik nabarmentzen da, eta atontzen dituen gizatorreetan edade guztietako personek parte hartzen dabe, baita goiko lekuetan kokatzen diran ume asko be.

Colla casteller persona talde bat da, castellers izenekoa, eta castells, sei eta hamar pisu arteko altuerea izan leiken giza torreak eregiteko atontzen dira. Colla bakotxak taldean lan egiten dau egitura horreek lortzeko, eta koordinazinoa, indarra eta orekea oinarrizkoak dira bere jardueran.

Salbatzaile Dantza Taldea Bilboko Castaños auzoari lotutako jantza tradizionalen taldea da. Sortu zanetik, taldeak euskal folklorea berreskuratzen, erakusten eta zabaltzen lan egiten dau, eta jai herrikoietan, erromerietan eta kultur ospakizunetan parte hartzen dau, bai Bilbon, bai beste udalerri batzuetan. Taldearen jarduerea euskal jantza tradizionalen interpretazinoan oinarritzen da, herri musikeagazz batera eta tradizino horreek publikoari hurbiltzea helburu dauen parte hartzeko bokazino sendoagaz. Ohiko jardueren artean, uriko espazio publikoetan erromeriak eta saioak atontzea nabarmentzen da.

Dantza Plazetan programeak garagarril osoan jarraituko dau bere programazinoa eskaintzen, eta irailaren 13an ekingo deutse barriro Bilboko auzoetako emonaldiei. Programazino osoa kulturabarrutik.eus webgunean dago eskuragarri.

Udal ekimen honen helburua tokiko kulturea sustatzea da, Bilboko auzoetako guneetara hurbilduz, herritarren parte-hartzea eta gizarte-kohesinoa sustatzeko, kulturea elementu bateratzaile lez erabiliz. Hori dala eta, Bilboko 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoaren jarduetan kokatzen da.

https://bizkaie.biz/1782210230720

bizkaie.biz