Etendako sokari heldu diote

Urteetan plazatik kanpo egon ostean, Elizateko aurreskua izenekoa berreskuratu dute Barakaldon. Domekan dantzatu zuten. Herriko jaietan eta erromerietan ohikoa izan zen dantza hori mendeetan. Hala ere, XX. mendeko hirugarren hamarkadan galdu egin zen, 1936ko gerrak kultur adierazpenetan ekarri zuen aldaketaren eraginez. Hala azaldu dute aurreskua berreskuratu duen Laguntasuna elkartekoek. "Arrazoi ugari izan ziren; nabarmenenak, diktadura, industrializazioa eta emigrazio masiboa", Joseba Altube elkarteko presidentearen esanetan.

Azken aldiz gerra aurretik plazaratu zuten dantza hori. Hain zuzen, dantza interpretatu zuten azken dantzarietako bat elkarrizketatuta eskuratu duten informazioa baliatu dute berreskuratze lanerako. Beurko auzoan jaio zen gizon hori, 1922an, eta JLA inizialak ditu. Ez dute haren izenik eman gura, "haren intimitatea errespetatzeko".

Ibilbidea luzeagoa izan da, dena den. "Lehenik eta behin, informazio idatziaren biltze prozesuari ekin genion". Barakaldoko historia eta ondare kulturalari buruzko liburu mordoa erabili zuten horretarako. Elizateko aurreskuari buruzko XVIII. eta XIX. mendeetako erreferentziak aurkitu zituzten. XX. mendearen hasieran dantzari izandako gizon horrek emandako zehaztasunekin, Josu Larrinaga soziologo eta folkloristaren laguntzarekin eta Fran Muñoz elkarteko zuzendari teknikoaren lanari esker lortu zuten dantza zelakoa zen irudikatu eta berreskuratzea.

Ospakizun garrantzitsuetan dantzatzen zen aurreskua; "batez ere, ospakizun erlijiosoetan, mezaren ostean". Garai hartako dantza askoren antzera, gazteak sozializatzeko modu bat zen. Izan ere, eskutik oratuta dantzatzen da. "Gaur egun arraroa iruditu dezakeen arren, XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan hala sozializatzen ziren neska-mutilak".

Elkarren artean ezberdinak diren zenbait atalek osatzen dute Elizateko aurreskua: eskuz esku, kontrapasa, banango zaharra, zortzikoa, fandangoa, arin-arina eta biribilketa. Bi dantzari trebek gidatzen dute sokadantza: aurreskulariak eta atzeskulariak. Dantzaren zati, pauso eta dantzatzeko erari buruz zenbait argibide jaso ostean, Laguntasuna elkartekoek beren kabuz osatu dituzte pausoak eta koreografia. Fran Muñozen laguntza izan dute horretarako.

Ohiturari jarraituz

Barakaldoko jai garrantzitsuenetan interpretatuko dute aurrerantzean, usadioa errespetatuz. "Batez ere, San Bizenteren eta Karmengo Amaren jaietan, eta baita Santa Luzia auzoko erromerian ere". Santa Luzia auzoan egin zuten lehenengoz berreskuratutako dantzaren aurkezpena, joan den ekainean.

Lehenengo aldi hartan emakumeek egin zituzten gidari lanak. "Euskal Herriko aurresku edo sokadantza guztiak mistoak dira: gizonek zein emakumeek dantzatzen dituzte. Dantza nork gidatzen duen da ezberdintasun bakarra. Barakaldon, gizonezkoek gidatzen zuten. Hala ere, guk orain bi eratan plazaratzea erabaki dugu. Egunaren arabera, batzuetan emakumeek gidatuko dute, eta, beste batzuetan, gizonezkoek".

Joan den domekako ikuskizunean gizonei egokitu zitzaien. Arrakasta handia izan zuten dantzariek. "San Bizente Barakaldoko zaindaria da, eta oso jai jendetsu eta parte hartzaileak ospatzen dira haren omenez. Interes handia sortua zen, batez ere, adineko pertsonen artean. Eta, aurreskua mezaren ostean aurkeztu genuenez, harrera ezin hobea izan zuen". Emakumeen lehenengo erakustaldian ere "txalo zaparradak" eskaini zizkieten ikusleek "dantzaren zati bakoitza amaitzean".

Historiako bitxikeriak

Laguntasuna elkarteak, besteak beste, Barakaldoko usadioak eta kultur adierazpenak berreskuratzen ditu. Hala ere, "elkartearen ardatza, betidanik, dantza tradizionala izan denez", Elizateko aurreskua berreskuratu izana "hunkigarria" izan da eurentzat.

Sokadantza berreskuratzeko egindako ikerketan informazio interesgarri mordoa bildu dute, gainera. "Askok uste dutenaren kontra, Barakaldon euskal kulturak beti izan du presentzia eta pisu handia. Esaterako, jakin dugu azken euskaldun zaharretako bat Hilaria Kareaga izan zela, eta 1940an hil zela".

http://bizkaia.hitza.info/2015/01/30/etendako-sokari-heldu-diote/

bizkaia.hitza.info