Euskal musikan ohikoa den hiru zuloko flautak era askotako kontzertuak eskaini ditzake, baina aretoetara gazteak erakartzea da bere erronketako bat

Musika modernoko kontzertua entzun zen astelehenean Euskalduna jauregian eta joan den asteartean, aldiz, tradizionala zen beste bat BBK aretoan. Eskaintza musikal guztiz desberdinak dira, baina biek eduki zuten txistua izendatzaile komuntzat. Gehienetan pentsatzen denaren aurka, antzinatik herriko erromerietan ohikoa den tresna honek gaur egungo ikuskizunetan ere badu parte hartzerik. "Martxoaren 24an txistuaren soinu soila eta Euskal Herriko dantzak uztartu ziren sarritan ikusitako formatu batean. Asteleheneko entzunaldia, ordea, saio oso ezberdina zen: perkusioa, pianoa, kontrabaxua eta txistua bera musika komertzialagoa izan daitekeen emanaldi batean batu ziren", adierazten du Garikoitz Mendizabalek, Bilboko Udal Txistulari Bandaren zuzendari eta txistulari profesionalak. "Garai hauetara egokitu behar gara".
Hiru zuloko flautek milaka urtetako antzinatasuna dute, lehenak hezurrez egindakoak izanez. Gizaldietan hainbat gorabehera izan ondoren, orain arte ailegatu den metalezko ahoko txistua daukagu. "Erdi Aroan izugarrizko gorakada eduki zuen eta nobleziari loturik ere egon zen Europako gorteetan musika-tresna nagusi bihurturik. XVI. mendean bibolinaren agerpenaren ondorioz, ordea, flauta folklorera baztertua izan zen. Hala ere, herri soilaren dantza eta festa giroan jaun eta jabe izaten jarraitu zuen danbolinarekin batera". XVIII.ak ekarritako ilustrazio mugimenduak tresnan sekulako eragina eduki zuen txistularien errepertorioan genero berriak sartuz: fandangoa, kontradantza, mazurkak, baltsa eta boleroa besteak beste. Euskal Herrian, Xabier Munibe musikagilea eta garaiko beste ilustratu batzuk, Azkoitiako Zalduntxoak bezala ezagunak direnak, izan ziren adibide aipagarrienak. Horrela, pixkanaka-pixkanaka Erdi Aroko izaera berreskuratu zen. Gero silbotea batu zen eta hirukotea laukote bihurtu zen.
"Hurrengo ehun urteetan txistua euskal nortasunaren sinbolo bilakatu zen. Horrek txistuari gauza onak ekarri zizkion, baina baita gauza okerrak ere: jotzeko modua aldatu egin zen eta afinazioari eta musikaltasunari ez zitzaion arretarik jarri. Txistulariek erabiltzen zuten erregistroa ere aldatu zen", azaltzen du Mendizabalek. 1927an Eibarren Euskal Herriko Txistulari Elkartea sortu eta, honekin batera, Txistulari aldizkaria argitaratzeak gauzak biratu zituen. "Garaiko musikari handiek txisturako idazteko ohitura zabaldu zuten".
Instrumentuaren istoriako beste gertakari garrantzitsua kontserbatorioan 1978-79 ikasturtetik aurrera ikasgai ofizial bihurtzea izan zen. "XX. mendearen azken laurdenean Jose Ignazio Ansorenak eginiko lana aipatu eta goraipatu behar da, txisturako hainbat musika-lan idatzi eta difusio lan egiteaz gain, txistua musika-tresna ofiziala izatea lortu baitzuen. Gainera, txistulari profesionalaren agerpena izan zuen ondorio eta honek aldi berean ate berriak ireki zituen", onartzen du Gasteizko Txistularien Udal Bandako zuzendari ohiak.
Gaur egungo erronka
Mendizabalek baikortasunez ikusten du txistuaren gaur egungo egoera kontserbatorioetan. "Eskolaz kanpoko ekintza ugari daude; askok tresna hau ikasteko zaletasuna erakusten dute. Gehienek beharbada ez dute profesional izateko nahian burutzen, dantza edota txistulari taldeetan parte hartzeko baizik, baina belaunaldiaren berrikuntza ziurtatua dago".
Dena den, txistua entzutera joaten direnak helduak dira batez ere, "garai bateko soinuak gogoratzen dizkielako edota folklorea gustatzen zaielako". Beraz, gazteetara iristea da gaur egungo erronka. "Gustatuko litzaidake jende gaztearen arreta erakartzea eta horretarako gauza ezberdinak egiten ditugu, Euskalduna jauregian eskainitako saioa adibidez, baina lortzea ez da obsesio bat". Mendizabalen ustez, tresna hau herriko erromerietan hain ohikoa denez, jendea ez da emanaldi bat entzutera aretoetan sartzen. "Baina etortzen denak errepikatzen du", azpimarratzen du.
Antzinatik datorren hiru zuloko tresna honen etorkizunaren jomugak esparru ezberdinetan kokatzen dira. "Alde batetik, diskografia ugaldu behar da estilo desberdinak landuz dagoena galdu barik, erromerietan, solista moduan, hau da, era askotako programazio eta ekintzak emanez. Bestetik, zirkuitu musikalean sar dadin garai hauetara egokitu. Trikitilariak, bertsolariak eta txalapartariak oso sartuta daude jada eta gustatuko litzaidake txistuak ere bere lekua edukitzea. Azkenik, arlo profesionalean txukun jotzea, soinu ona eta atsegina lor dadin".
http://www.elcorreo.com/bizkaia/culturas/201504/03/txistua-erromeria-tr…



