EUSKAL HERRIKO DANTZA AGERKETA - Basauri

'EUSKAL HERRIKO DANTZA AGERKETA':

Euskal Herriko Dantza Agerketaren ezaugarri nagusia honako hau da: dantza-talde autoktonoek soilik hartzen dute parte, hots, euren herrietako edota eskualdeetako dantzak gorde dituzten taldeek. Talde autoktonoek bertako herritarrentzat esanguratsuak diren egunetan egiten dituzte dantzak (herriko jaiak, inauteriak, etab.), herri bakoitzeko ohituraren arabera. Basaurin erakusten diren hainbat dantza jatorrizko lekuetan eta egun berezietan soilik ikus daitezke. Hala ere, jatorrizko herrietan dantza egiteari utzi baldin badiote, dantza horiek egiten dituzten taldeak ere gonbidatu izan ditugu inoiz edo behin.

Ikuskizuna aire zabalean egiten da, izan ere, jatorrian dantza horiek herrietako kale eta plazetan, elizako arkupean eta abarretan egiten baitira. Basaurin, gonbidatutako talde autoktonoen dantzak eta erritoen tradizioak nahastu egingo ditugu, gaur egungo formatu dinamikoan, argiztapen eta jatorrizko lekuen proiekzioekin, ikusleei ohitura horien testuingurua hobeto ezagutzen laguntzeko asmoz. Horrek guztiak 'Euskal Herriko Dantza Agerketa' ikuskizun paregabe eta erakargarri bihurtzen du.

Euskal Herriko Dantza Agerketa 1972an sortu zen, duela 54 urte, euskal folklorea bere horretan mantentzen duten taldeak suspertzeko eta ezagutzera emateko asmoz. Beroriek ezagutzeko aukera paregabea da, egun horietan haien herrietara joan beharrik gabe. Gaur egun, ikuskizun honetan parte hartzea pizgarria da talde askorentzat, harrotasunerako arrazoi bat, egindako lana aitortu egiten zaiela ikusten baitute.

EH Dantza Agerketak 54. edizio bete ditu dagoeneko eta dantza-talde autoktonoen erakusleiho izaten segitzen du. Hori pozgarria da bai Basauriko udalerriarentzat eta baita antolatzen duten bertoko dantza taldeentzat ere. Bere ibilbideari esker, 'Euskal Herriko Dantza Agerketa' euskal folklore tradizionalaren erreferentzia-puntuetako bat bihurtu da.

ANTOLAKUNTZARI BURUZKO DATUAK:

Euskal Herriko Dantza Agerketa Basauriko hiru dantza-taldeek (Agintzari, Basauritar eta Edurre) antolatutako ikuskizuna da, Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza eta babesarekin, BBKren, Social Antzokiaren, StarLan-en eta herriko hainbat kolektiboren laguntzarekin (txokoak, Herriko Taldeak, Danbolin Txistulari Elkartea, San Jose Ikastetxea, Bizkotxalde Ikastetxea, Babes Zibila), baita Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eta Bizkaiko Gaiteroak elkartearen laguntzarekin.

Normalean, edizio bakoitza antolatzeko lanek 100 boluntario baino gehiago inplikatzen dituzte. Horiei, aurten ere, geure esker ona adierazi nahi diegu, eta espero dugu hurrengo edizioetan ere laguntza horiek guztiak izatea.

Kolaborazio ugarien artean, Etor Basabe Basauriko diseinatzaile eta ilustratzailearena nabarmendu nahi dugu berriz ere. Izan ere, duela 15 urtetik hona edizio bakoitzeko kartela eta esku-programa diseinatzen ditu. Basauriko 'Euskal Herriko Dantza Agerketa'ren LIV. edizio honetarako, parte hartzen duen talde bakoitzeko kartel bana egin du; horrela, bilduma bat egingo da, euskal dantza-talde autoktono guztien ondare historiko gisa. Bereak dira, halaber, 'Euskal Herriko Dantza Agerketa' ekimenarekin batera 'ikono' gisa agertzen diren 'dantzariak', baita prentsa-ohar honek goiburuan duen logotipoa ere, urtero antolakuntzaren agiri guztietan agertzen dena.