60 urteko ibilbidea duten zazpi talde historikori omenaldia egingo zaie irailaren 24an Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eta DEIAren eskutik egingo den X. Dantza Tradizionalaren Esker Oneko ekitaldian
Eguzkiñe Salterain | 23·09·26 | 09:30

Zein da sekretua?. Horixe da, hain zuzen ere, jakin nahiko genukeena: nola lortzen duen dantza tradizionaleko talde batek 60 urtez bizirautea. Eta Bizkaian zazpi dantza talde ditugu, aurten sei hamarkadako ibilbidea ospatzen dutenak.
Argi dago Bizkaiko euskal dantza tradizionala ez dala historiako orrialdeetan idatzitako ondare geldia; astero astero entsegu-lekuetan, plazetan eta auzoetako jaiei bizia emanez aritzen den bihotz bizia da. Sei hamarkada igaro dira Bizkaiko hainbat txokotan herri kulturari eta euskarari doinu eta pauso propioa jartzeko konpromisoa hartu zuten hainbat talde sortu zirenetik. Ibilbide etenbako eta aberats hori aitortzeko asmoz, Euskal Dantzarien Biltzarrak eta DEIA egunkariak 60 urteko historia betetzen duten zazpi talde historiko sarituko ditu Dantza Tradizionalaren Esker Oneko ekitaldian bihar, irailak 24, Euskalduna Jauregian. Tartean dira herri eta auzoen nortasunaren bilakaera hurbiletik bizi izan duten elkarteak: Lemoako Durundi Barri, Markina-Xemeingo Zerutxu, Barakaldoko Erreka- Ortu eta Ibarra-kaldu, Sondikako Gorantzaileak, Trapagarango Danetarako Danok eta Zornotzako Udabarri. Guztiek ere, zailtasunak zailtasun, belaunaldien arteko zubia eraikitzen jarraitzen dute.
Garai desberdinek erronka desberdinak dakarzkiete kultur elkarteei, eta horren lekuko da Durundi Barri taldea. Urte askotan zehar dantzari ugariren harrobia izan ondoren, gaur egun taldea 20 bat umek osatzen dute, 5 eta 11 urte bitartekoak. “Oso zaila egiten zaigu gaur egun gazteentzako dagoen kirol eta kultura eskaintza guztien artean jendeak euskal dantzak aukeratzea”, azaldu dute taldetik. Gainera, azken 15 urteotan zuzendaritza kargak umeen guraso ezberdinek eraman dituzte, eta irakasleak aurkitzea ere ez da eginkizun erraza izaten ari. Halere, sorrerako indarrak eta sorrarazitako tradizioari esker, herrian dantzatzeko ohiturak bizirik dirau. Sarien xamurtasunean, urriaren 17an ospatuko den Bizkaiko Erromeri Egunean Korrontziren Mundua Dantzan birako kontzertuan parte hartuko du Durundi Barrik, non gaur egungo haurrez gain, 35 dantzari ohik baino gehiagok izena eman duten oholtza gainera berriz ere gogotsu igotzeko.
Markina-Xemeingo Zerutxu taldeak ere argi du zein den sei hamarkadaz zutik mantentzeko gakoa. “Ez dago sekretu handirik, lanean jarraitzeko gogoa euskal kultura eta dantza gozatzetik dator. Euskal dantza tradizionalen transmisioa belaunaldiz belaunaldi eman da, beti ere euskara erdigunean jarrita”, adierazi dute. 5.000 biztanle inguruko udalerria izanda, Zerutxuk osasun bikaina erakusten du gaur egun: 70 lagun inguruk osatzen dute elkartea, haur, gazte eta helduen 7 taldetan banatuta. Eta azpimarratzen dute horrelako aitortza batek balioa ematen diola eguneroko ahaleginari, aurrera indarrez jarraitzeko motibazio erantsiarekin.
Barakaldoko Erreka-Ortu taldearentzat ere sari hau ez da uneko kideen meritua bakarrik, auzoan euskal dantzaren alde lan egin duten belaunaldi guztiena baizik. “Sekretua pazientzia handia izatea eta, batez ere, familia handi bat izatea da. Egiten dugunarekiko pasioa dugu, eta gure tradizioak bizirik mantentzeko gogoa, baita tradizio berriak sortzeko ere”, nabarmendu dute. Gaur egun 100 lagun inguruk osatzen dute Erreka-Ortu, txikienetatik hasi eta helduetaraino, asteazkenero elkartu eta ikasitakoa hurrengoei erakusteko helburu berarekin.
Eta Ibarra-kaldu taldeak komunitatearen indarra dauka bere bizkarrezur gisa. “Jarrai dezagun auzoari loturik besarka dantzan” da beren 60. urteurrenaren leloa, eta beren filosofiarekin bat dator erabat: “Urte hauetan guztietan jendeari entzuten jakin izan dugu, inguruko beharrei eta aldaketei adi egon gara, eta, batez ere, ilusioa mantendu dugu. Auzotik sortutako proiektua gara, eta auzoarentzat lan egiten dugu”. Ibarra-kalduk ehun bat dantzari ditu hainbat taldetan banatuta (Txingurriak, txikiak, ertainak, nagusiak eta erromeria taldea), baina ez dituzte ahaztu nahi elkartearen doinua jartzen duten musikariak. Hamar bat laguneko musika talde sendoa dute, txistulari, soinu-jole, gaitero eta perkusio-jotzaileekin, eta proiektu berezietan bertsolari zein gitarra-jotzaileak ere batzen zaizkie, dantzaren eta musikaren arteko lotura ezinbestekoa dela erakutsiz.
Gorantzaileak taldearen kasuan, 60 urte betetzea ez da iraupen kontu hutsa izan, herriak taldea bere egitearen ondorio baizik. “Sekretua belaunaldiz belaunaldi transmititu den ilusioan dago. Gorantzaileak ez da inoiz dantza talde hutsa izan; herriko familia handi bat bezala ulertu izan dugu”, azaldu dute. Gaur egun 125 dantzari biltzen ditu taldeak, 4 urtetik 70 urtera bitartekoak, 6 adin-tarte ezberdinetan antolatuta. Aniztasun horrek eta haur zein gazteen kopuru altuak etorkizunari baikortasunez begiratzeko oinarri sendoa ematen die.
Bestalde, Danetarako Danok taldeak transmisio familiarraren garrantzia azpimarratu du: “Sekretu nagusia belaunaldien arteko transmisioa da, non haurtzaroan dantzan hasi zirenek ere geroago beren seme-alabak eta baita bilobak ere ekarri dituzten”. Gaur egun 250 kide baino gehiago ditu elkarteak, eta horietatik 100 inguru jardunean daude txiki, ertain, gazte, nagusi, erromeria, musikari zein Erraldoien Konpartsa historian zehar eraikitako egitura zabalean.
Azkenik, Udabarri taldeak gogoratu du bere garaian, duela 60 urte, “euskal nortasuna eta euskara dantza bide dela gordetzea” zela helburu nagusia. Urteak igaro ahala, dantzarekiko maitasunak bultzatu ditu transmisioarekin jarraitzera, jantziak egokituz eta dantzaren historia ikasiz. Aitortza hau egindako lanari gizarteak emandako onarpena dela adierazi dute; izan ere, beren 60. urteurreneko ekitaldi nagusian 150 dantzari igo ziren taula gainera, umeetatik hasi eta 70 urtera arteko kideekin.
Sei hamarkadako bide honek erakusten du euskal dantza ez dela atzera begiratzeko ariketa bat, etorkizuna komunitatean eta euskaratik eraikitzeko tresna boteretsua baizik.
https://www.deia.eus/bizkaia/2026/09/23/60-urte-dantzan-tradizioa-bizir…



