Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna 2026

Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna 2026Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna Amorebieta-Etxanon ospatuko dute apirilaren 25ean
Eskualdeko dantza taldeak Amorebieta-Etxanon elkartuko dira apirilaren 25ean, Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna ospatzeko. Dantzariekin batera Gerediaga elkarteak koordinatzen du jaialdia, eta udalaren laguntza ere badute. Erakustaldia egiteaz gainera, dantzaren sustapenean eragiten jarraitzea da ekimenaren helburua. 18:00etan dantza saioa eskainiko dute herriko plazan, eta 20:30ean jai-giroak Kittu taldearekin izango du segida, tabernarik taberna.

Amorebieta-Etxanok lehenengoz hartuko du Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna. Horregatik, pozik azaldu da Ainhoa Salterain alkatea prentsaurrekoan. "Lehen aldiz, Amorebieta-Etxanon Ezpatadantzari Eguna ospatuko dugu, gure sustraiak eta euskal kulturaren aberastasuna balioan jartzen dituen hitzordu berezia. Harro gaude gure tradizioak bizirik mantentzen direla eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen direla ikusteaz. Topaketa honek aukera paregabea eskaintzen digu elkarrekin partekatzeko, sentitzeko eta herri gisa dugun nortasuna indartzeko", adierazi du alkateak.

Jaialdia eguneratzen, dantza taldeak indartzeko

Gaur egungo joerak eta egoera soziala kontuan hartuta, jaialdia bera eguneratzen dihardute azken urteotan. Horri esker, anitzagoa eta zabalagoa da, ereduari zein lurraldeari dagokionez. Lehenago merinaldeari lotutako ekimena zena, gaur egun eskualde mailakoa bihurtu da. Izan ere, lehen merinaldeko ezpatadantzari taldeen erakustaldia izan ohi zen, baina, oraingo helburua ez da erakustaldia egitea soilik, sustapen lan aktiboa egitea ere bada. Dantza taldeek indar horren bultzada behar dute, lehengo indarra berreskuratu dezaten. Dantza taldeek sustapen horretan laguntzeko eskatuz jo zuten Gerediaga elkartera duela zenbait urte, eta harremana mantentzeko batzorde iraunkor bat eratuta dute. Plazara ahalik eta dantza talde gehien ateratzeko lana egiten dute, bakoitzaren eredua errespetatuz.


Dantza Plazetan 2026

Dantza Plazetan 2026

Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak eta Bilboko Udalak abian jarriko dute  “Dantza Plazetan” programaren beste edizio bat.

“Dantza Plazetan” programaren helburu nagusia euskal folklorea indartzea eta hari balioa ematea da, erromeriak, dantza-alardeak eta kalejirak eginez plaza publikoetan. Horrela, dantzaldi tradizionalen izaera parte-hartzailea berreskuratu nahi da, non dantzariek festan parte hartzeko gonbita egiten dieten ikusleei.

“Dantza Plazetan” programan Bilboko dantza-talde hauek parte hartuko dute: Batasuna Arraizbide Dantza taldea, Beti Jai Alai Dantzari Taldea, Bihotz Alai Dantza Taldea, Bizkaiko Dantzarien Biltzarra, Deustuko Folklore Taldeak, Gaztedi Dantzari Taldea, Goi-Herri Dantza Taldea, Ibai-Arte Dantza Taldea, Irutasun Dantzari Taldea, Ondalan Erraldoien Konpartsa, y Salbatzaile Dantza Taldea.

Egutaraua

Icono PDF Egitaraua