Gure 60. urteurrenaren lehen ekitaldia, martxoaren 7an izango da, 19:00etan, Bagatzako plazan: IRRADAKA.
Emakumeak, borobilean, elkarri eskutik heldu, kantuan eta dantzan. Batasun eta dantza irudi eder bezain indartsua. Borobila forma sinple bezain boteretsua da.
Taldetasuna, batasuna, elkartasuna pizten da zirkuluan. Zer esanik ez borobil hori elkarri eskuak emanda sendotzen denean. Eskua eskuarekin, azala azalarekin, bakoitzak bere albokoekin ukitze fisiko horrekin, gorputzen kontaktuaren berotasunarekin, keinu sinple horrekin borobil osoa lotu eta norbanakoak konektatuta taldearen batasuna gailentzen da. Elkarri begira, guztion aurpegiak, begiak eta begiradak barruan dira, eta eskuen sareak ixten du zirkulua, babes eremua, espazio propioa, gure gunea.




