BEGOÑAKO EZPATA DANTZA ETA AURRESKUA

Beti Jai Alai Taldearekin

Begoñako ezpata dantza

1997an Begoñako elizaren barruan, presbiterioan, horretarako bereziki sortutako ezpata-dantza hasi ziren egiten, Ama Birjinaren gorazarre-kantan oinarrituta. Urtean birritan egiten dute: abuztuaren 15ean, Ama Birjinaren egunean, eta urriaren 11n, elizak Begoñako amaren jai-egun izendatutako datan. Abuztuaren 15ean, oro har Elizbarrutiko apezpiku batek ematen du meza, Bilboko agintariak bertan direla. Ezpata-dantza ezin hobeto eta txalo artean hartu dute ikusleek lehen egunetik, eta guztien onespena lortu du bete-betean. Ekainaren 15ean, udalaren fundazioaren urteurrenean, Diego López de Haroren estatuaren aurrean dantzatzen dute. Beti Jai Alai dantzari-taldeak sortutako ekimen horrek luzaroan irautea nahi genuke, eta gaur egun talde horretako lagunek bezala, etorkizunean dantzari bilbotarrek ere dantzatzen jarraitu dezatela.


Bilboko Erraldoiak

Bilboko Erraldoiak

Bilboko Erraldoiak Euskal Museora itzuliko dira uda honetan, museoa eraberritze integralaren ondoren berriro ireki ostean. Bilboko herri-kulturako irudi enblematiko horiei eskainitako ohiko erakusketa gaurtik, uztailaren 1etik, irailaren 6ra arte bisitatu ahal izango da.

Aurten, gainera, erakusketa bi gunetan izango da: Euskal Museoko klaustroan eta Bihotz Sakratuaren Plazako Aztarnategian. Bi egoitza horiei esker, Bilboko Erraldoien belaunaldi desberdinak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Izan ere, irudi horiek hiriaren iruditeria kolektiboaren parte dira, eta urtero milaka lagunentzat Aste Nagusiaren etorrera iragartzen dute.

Aztarnategia itxita egongo da uztailaren 25ean eta 31n, eta abuztuaren 15ean, jaiegunak direla eta.

Euskal Museoan Aste Nagusiko ospakizunetan gaur egun parte hartzen duten erraldoiak egongo dira ikusgai; Aztarnategian, berriz, jaietako kalejiratan jada ateratzen ez diren beste belaunaldi batzuetako erraldoiak erakutsiko dira.