Durangaldeko Txistulariek eskualdean ospatu zuten lehenengo Txistulari Egunaren 60. urteurrena betetzen dela eta, hiru egunetan zehar gauzatuko diren ekitaldiak prestatu ditu Jaizale-Durangaldeko Txistulari Elkarteak. Ohiko kontzertu nagusiaz gain, kalejirak, erakusketak eta ikus-entzunezko baten emanaldiak tartekatuko dira martxoaren 13tik 15era bitartean.
Urtero urtero martxoaren 19an ospatu bada Durangaldeko Txistulari Eguna, San Jose egunez hain zuzen, aurten martxoaren 15ean izango dute urteko jaiegun nagusia. Gainera, eskualde guztiko herrietan aldizka egiten den jaia Durangon ospatuko da aurten.
Prestatutako egitarauaren lehen ekitaldia martxoaren 13an izango da iluntzeko 19.00etan abiatuko den kalejirarekin. Ordu bete geroago txistu, perkusio eta gitarrarekin eskainiko den ‘Arozenatarren ttunttuna’ ikuskizuna hasiko da Kurutzesantu museoan eta bertaratzeko sarrera doakoa da.
Larunbatean, egun guztian, argazki zaharren erakusketa jarriko da ikusgai Andra Mari elizpean. Argazki bilduma hori ikusgai izango da igande goizean ere.
Martxoaren 15ean ospatuko den 60. Txistulari Eguneko ekitaldiak goizeko 9.30etan abiatuko den kalejirarekin hasiko dira. Eguerdiko 13.00etan Andra Mariko elizpean izango den kontzertuko zuzendariak Fernando Urain eta Eleder Iturrieta izango dira eta beraien aginduetan 100 lagun inguru izango da, Durangoko txistulariez gain, Durangoko Orfeoia, metal, dultzaina, alboka eta pandero joleak eta Durangoko dantzariak izango baitira.
Agerraldia Carlos Sanchez zaldibartarrak moldatutako ‘Durangaldeko alkate soinua’ eta ‘Dantzari Dantza’ piezekin hasiko da. Jarraian ‘Baltsen potpourria’, ‘Herrimin’, Federico Corto durangarrak konposatutako ‘Baltsa barioazioekin’, ‘Martxa baten lehen notak’, Bizkaia maite’, ‘Kalejiren potpourria’ eta ‘Leonena’ lanak eskainiko dituzte. Durangoko sortzaileen lanak izango dira kontzertu amaierako protagonistak, ekitaldia Eusebio Bilbaok sortu eta Andres Granadosek moldatutako ‘Herri maite’ obrarekin eta Granadosek berak konposatu eta Marisa Barrenak idatzitako hitzak batzen dituen ‘Kaixo Durango’ osatuko baita.
Amaia Aroma
Kontzertu denboran, omenaldia egingo diote Durangoko Amaia Aroma txistulariari, bera izan baitzen Bizkaiko eta Euskal Herriko aitzindarietako bat eta gaur egun Durangon dagoen txistularirik nagusiena delako.
Jaia amaitzeko, Xabier Etxeita eta Miriam Uria txistulariek, Durangaldeko ‘Erregelak’ dantzatuko dituzte, elizpean bertan, Karmelo Barruetabeña txistulariaren doinura
Durangaldeko lehen Txistulari Eguna Abadiñon ospatu zen 1956an. Harrezkero urtero ospatu da, 1971tik 1978ra izan ezik, urte horretan ez zutelako lortu garaiko agintarien baimena. Ospatzeko erak hainbat aldakuntza izan ditu, “lehenengotan txistulariak bakarrik batzen ziren, meza abesten zuten eta bazkariarekin amaitutzat ematen zuten eguna”, Jaizalekoek diotenez. Gaur egun berriz, kontzertuetan, txistulariez gain, abeslariek dantzariek eta beste motatako hainbat musikok hartzen dute parte.
http://www.durangon.com/hiru-eguneko-ekitaldiekin-ospatuko-dute-duranga…



