Eskualdeak Txistularien Egunaren 60. urteurrena ospatuko du asteburuan

Ekitaldi aipagarrien artean igandean jai honen aitzindari izan den Amaia Aromaren omenaldia ospatuko da

arg
Bihar eta etzi egun garrantzitsuak izango dira eskualderako. Urtero bezala inguruko herriek Txistularien Eguna ospatuko dute baina aurten berezitasun batekin, 60 urte betetzen direlako Durangaldeko txistulariek eskualde guztiko herrietan kontzertuak eskaintzen hasi zirenenetik.

“Urtero urtero, San Jose egunean batu izan dira huts egin barik, 1971tik 1978ra izan ezik baimenik ezagatik. Hasieratik hainbat aldakuntza izan ditu egun hori ospatzeko erak”, azaldu zuten antolatzaileek. “Lehenengotan txistulariak bakarrik batzen ziren, meza abesten zuten eta bazkari bategaz amaitutzat ematen zuten eguna. Gaur egun, kontzertuetan, txistulariez gain, abeslariek dantzariek eta beste motatako hainbat musikok hartzen dute parte”, aipatu zuten atzo.

Aurten, Durango aukeratu dute egun hori ospatzeko eta data borobila izanez, 60. urteurrena, hiru egunetan ospatzea erabaki dute. Lehen ekitaldiak atzo hasi ziren, kalejira batek iragarri zuen jaiaren hasiera eta gero Durangoko Kurutzesantu museoan, txistu, perkuzio eta gitarra ikuskizuna izan zen.

Ala eta guztiz ere ekitaldirik aipagarrienak bihar ospatuko dira, ahaztu gabe gaur, larunbata, Andra Mariko elizpean eta egun guztian zehar, argazki zaharren erakusketa izango dela. Biharko egunak berriz protagonista ugari izango ditu, izatez Amaia Aroma omenduko da arratsaldean ospatuko den kontzertuan. “Emakume hau Bizkaiko eta Euskal Herriko aitzindarietako bat eta gaur egun herrian daukagun txistularirik nagusiena da”, azpimarratu zuten. Baina ekitaldia ospatu orduko, lehenengo ordutik ekitaldiak izango dira Durangon zehar. Goizeko 9:30etan kalejira bat ospatuko da herriko kaleetan zehar, eta larunbateko erakusketa ikusteko aukera galdu zutenek beste egun bat izango dute Txistularien Egunaren argazki zaharrak ikusteko.

Eguerdiko 13:00etan berriz, leku berean eta Fernando Urain eta Eleder Iturrietaren zuzendaritzapean kontzertu bat izango da. Parte-har-tzaileak: Txistulariak, Durangoko Orfeoia, bandako metalak, dultzainajoleak, alboka eta pandero joleak, gitarrajolea eta Durangoko dantzariak izano dira. Ikuskizun honetan Durangoko, Bizkaiko zein Euskal Herriko piezak entzuteko aukera izango da, esaterako Benito Letxundiren Bizkaia Maitea edota Eusebio Bilbao durangarraren Herri Maite abestia. Kontzertu denporan omenaldi bat egingo zaio Amaia Aromari. Jaia amaitzeko, Xabier Etxeita eta Miriam Uria txistulariek, Durangaldeko erregelak dantzatuko dituzte, elizpean bertan, Karmelo Barruetabeña txistulariaren doinura. Antolatzaileen esanetan kontzertuan ehun bat partaide izango dira, musiko abeslari eta dantzarien artean. - Alain Salterain

http://www.deia.com/2015/03/14/bizkaia/duranguesado/eskualdeak-txistula…

Deia