Bost hamarkada euskal dantza eta kultura sustatzen, Basauritar Dantza Taldeko kideek taldearen bilakaera, bizi izandako une kritikoak eta urteurren borobil hau ospatzeko prestatu duten egitaraua aurkeztu digute
2026/06/10 Maider Ibañez Espinosa
Basauritar Dantza Taldeak 50 urte beteko ditu aurten, frankismo osteko garaian jaiotako proiektua gaur arte sendotuz. Zortzi neska eta txistulari pare batekin hasi zena, gaur egun adin guztietako 60 pertsona inguru biltzen dituen talde aktiboa da. Mende erdi honetako ibilbidea ospatzeko, Mertxe Astigarraga Ereño (Arrigorriaga, 1967), Nerea Gonzalez Nanclares (Basauri, 1991), Olatz Barañano Ardanza (Basauri, 1979) eta Itzi Fernandez Moran (Basauri, 1970) Basauritar Dantza Taldeko kideekin berba egin dugu. Taldearen historiako mugarriak gogora ekartzeaz gain, belaunaldien arteko erreleboaren garrantziaz, mutilen faltaren erronkaz eta herrian antolatu dituzten erakusketa, erromeria eta ekitaldi bereziez aritu gara eurekin.
Lehenik eta behin, zorionak Basauritar! 50 urte beteko dituzue aurten. Talde bezala 50 urte betetzeak zer suposatzen du zuetako bakoitzarentzat? Mertxe Astigarraga: Ardura handia da, gure herriko kulturari orain arteko gogo berdinekin ekarpenak egiten jarraitu behar da.
Nerea Gonzalez: Eskerrik asko Geuria! Ardura handia da, bai. Gainera, niretzat beste emakume batzuek duela 50 urte hasitako bideari jarraipena ematea harro egoteko modukoa da. Horregatik belaunaldien arteko erreleboa izatea garrantzitsua da, gure historia galdu ez dadin.
Olatz Barañano: Taldeak 50 urte bete izanak harrotasun handia suposatzen du niretzat. Taldetik pasatu garenok ahaleginak egin genituen gure dantzak eta kultura bizirik jarraitzeko. Erreleboa hartu dutenak primeran egiten ari dira!
Apirilaren 26an 50. urteurrena ospatzeko hainbat ekintza antolatu zituzten // Geuria
Franco hil ondorengo urtean jaio zen Basauritar. M.A.: Bai. Basauriko Batzokiaren eskutik Garbiñe Mezok sortu zuen taldea eta bera izan zen taldearen buru ikusgarria. Kareagako lokal batean egindako tailer batean hasi zen dena.
Ordutik gaur egunera, gauzak asko aldatuko ziren. Itzi Fernandez: Taldeak garaiekin batera eboluzionatu du. Instalazio, materia eta baliabide hobeagoak ditugu gaur egun.
Lehenengo urtean zenbat dantzari eta musikari zeuden taldean eta gaur egun zenbat zarete? I.F.: Hasieran 8 neska eta txistulari pare bat hasi ginen. Beti izan ditugu neska gehiago mutilak baino.
N.G.: Orain adin ezberdinetako 4 eta 78 urte bitarteko 60 pertsona inguru gara taldean. Eta oraindik ere neskak gehiago gara mutilak baino. Hori bai ez dela aldatu.
Zein une edo mugarri nabarmenduko zenituzkete bost hamarkada hauetako ibilbidean? M.A.: Hainbat fase bereiziko nituzke nik. Lehena, Garbiñeren lehenengo etapa Batzokiari lotuta. Bigarrena, Batzokitik aldendu ginenean. Une hori kritikoa izan zen, baina taldeak aurrera jarraitu zuen. Orduan zaharragoak ginenok erreleboa hartu genuen. Gero hurrengo belaunaldia etorri zen eta gero beste bat eta beste bat, gaurko egunera arte.
Garbiñek utzitako ondarea uste dut polita dela, eta fase bakoitzean lekukoa hartuko zukeen pertsonik gabe taldeak ezingo zukeela jarraitu. Eta begira, 50 urte hauetara iritsi da! Talde handi bat izatera pasatu gara, eta antolaketa horrekin beste 50 urte mantentzea nahiago nuke!
N.G.: Garbiñeri buruz ari garela, niretzat talde barruan bizi izan dudan unerik berezienetako bat gure 45. urteurrenaren ospakizunean izan zen: Garbiñe Mezo eta bere familia gonbidatu genituen ekitaldi nagusira. Eta horrek aukera eman zigun frankismo ostean eta errebeldia garaian Basauritar Dantza Taldea bultzatu eta sortu zuen pertsona aurrez aurre ezagutzeko. Belaunaldien arteko lotura une bat izan zen ere. Gazteok ez genuen berarekin bat egin taldean, baina hala ere, harrotasuna, ilusioa eta miresmen handia sentitu nuen Garbiñerekin.
O.B.: Mutil gabe gelditzean, aurrera begiratu eta erronka bila jarri ginen: nesken dantzak topatu eta ikasi, gero gure herrian dantzatzeko. Gogora datorkit ere bai, gurekin jotzen zuten musikariek txistuaz aparte beste musika tresnak erabili zituztela, banda txiki bat eginez. Haiek gure dantzak asko dotoretzen zituzten. Ikusgarria izan zen. Seriotasunez eta kemenez pixkanaka indartu zen taldea eta mutilen talde ere sortu zen. Dantza mistoak egitea lortu genuen eta baita mutilenak soilik ere.
“Garbiñe Mezok utzitako ondarea polita da, eta fase bakoitzean lekukoa hartuko zukeen pertsonik gabe taldeak ezingo zukeen jarraitu”
Izan al da aldi bereziki zailik taldearen historian? I.F.: Batzokitik banandu ginenean izan zen lehen une kritiko bat, lehen Mertxek aipatu duen bezala. Taldeak Kareaga eskolako harrobiari edo Basauri ikastetxeari esker aurrera jarraitu zuen. Garai hartan heldu batzuk geunden arduradun gisa eta jarraitu genuen taldearekin. Gizonezko dantzarien falta ohikoa izan da, bain ahal izan dugun bezala gaindituz joan gara.
N.G.: Nik ere azpimarratuko nuke Basauritar Dantza Taldearen puntu ahulenetako bat mutilen falta dela, batez ere beste diziplina edo eskolaz kanpoko ekintzak nahiago dituztelako. Arazo honi aurre egiteko ikastetxeetara bereziki jotzea da gure asmoa, hor hasten baita dena.
O.B.: Momentu txarrenak, dudarik gabe, taldekideak eta musikaria galtzea izan dira. Honetaz aparte, momentu txarrenetariko bat mutil gabe gelditu ginenekoa. Orain neskok mutilen dantzak egin ahal ditugu, baina une horretan ezin zen. Beraz, dantza gutxi egin ahal genuen. Hala ere, aurrera egin dugu!
Zein rol jokatu du taldeak Basauriko bizitza kulturalean urte hauetan? I.F.: Basauriko gainerako euskal dantza taldeekin batera San Fausto jaietan parte hartzen dugu, baita auzoetako jaietan edo Euskal Astean ere.
N.G.: Horrek berdin jarraitzen du gaur egun. Gure ekitaldiez gain (ikasturte amaiera edo Gabonak), dantzan jarraitzen dugu Basauriko jaietan, auzoetako jaietan, inauterietan, edota kulturaren edo euskararen aldeko ekintzetan parte hartuz.
O.B.: Bai, guztiz aktiboa da Basauritar Dantza Taldea herrian. Aipatu direnez gain, San Juan gauan, Korrikan edota Euskal Herriko Dantza Agerketan.
Nola transmititzen da dantza tradizionalen ezagutza belaunaldien artean taldearen barruan? M.A.: Betidanik beteranoek beren ezagutzak helarazi izan dizkiete kide berriei. Hasieran memoriagaz. Orain teknologia berriak daude eta dantza eta doinuen dokumentazioan laguntzen digute.
O.B.: Bai. Euskal dantzak maitatzen irakasten diegu belaunaldi berriei.
Zer garrantzi du gaur egun euskal dantza tradizionalak gazteentzat? O.B.: Euskal dantzak ez daude momentu onenean, izan ere, ez dituzte gazteak erakartzen. Hori pena handia da.
“50. urteurreneko ekitaldiekin euskal kulturari garrantzia eman nahi diogu, giro abegitsua, alaia eta parte-hartzailea sortuz, herritarrak ere ospakizunaren parte senti daitezen eta zergatik ez, euskal dantzarekiko interesa piztu eta gurekin batera dantza egin dezaten”
50. urteurren hau jardueraz beteta dator. Apirilaren 26an hamaika ekintza antolatu zenituzten. N.G.: Bai. Guztira hiru ekitaldi berezi egingo ditugu aurten gure 50. urteurrena ospatzeko. Eta lehenengoa apirilaren 26an izan zen. San Jose ikastetxeko patioan bi erakusketa prestatu genituen: Euskal Herriko jantziena batetik, eta taldearen argazki eta bideo historikoen erakusketa bestetik. Gainera, tailer eta jolas ezberdinak egin genituen, txosna txiki batekin talo eta edari dastaketarekin. Oso ekitaldi berezia izan zen, taldeko beteranoak, dantzari ohiak eta dantzari gazteagoak hurbildu zirelako, baita beste talde batzuetako dantzarekiko interesa zuten pertsonak ere.
Besteak beste, zapiak, abarkak eta gerrikoak jartzeko tailerrak antolatu zenituzten. Zergatik da garrantzitsua zapiak, abarkak edo gerrikoak bezalako elementuak dantzatik haratago irakastea? N.G.: Estetikaz harago, jendeak zapi bat ondo janzten, abarka ondo lotzen edo gerrikoa jartzen jakitea interesgarria da tradizioaren eta kulturaren parte baita. Osagarri honetako bakoitza ez da edonola jartzen, bere esanahia du, eta aldatu egin daitezke gunearen edo dantza motaren arabera. Azken finean, euskal kulturarekin konektatzeko modu bat dira. Dantzaz gain, Basaurin jaietako kuadrillen hainbat jantzi ditugulako interesgarria iruditzen zitzaigun nola lotu abarken lokarriak edota gerrikoa eror ez dadin erakustea eta hala hobeto jantzita joatea.
Nola diseinatu duzue 50. urteurreneko programa eta zer bilatzen duzue? N.G.: Programa dinamiko eta dibertigarri bat diseinatu nahi izan dugu, eta ez data bakar batean soilik. Kontuan izan ditugu taldearen adin ezberdinak, eta txikiei dantzaren inguruko espazio bat eskaini nahi genien, baita beteranoei omenaldia egin eta haiengandik ikastea ere. Azken finean, Basauritar Dantza Taldean parte izan den jende guztiari garrantzia eta espazioa ematea da asmoa. Gure helburuen artean, gure historia eta inguratzen gaituen guztia ezagutaraztea da, Basauritar Dantza Taldeari balioa ematea eta Basauriko parte ere bagarela erakustea. Eta, nola ez, gu elkartzea eta ondo pasatzea ere! (barreak)
Ekainaren 14an dantzaldia eta erromeria antolatu dituzue. N.G.: Hala da. Ekainaren 14a izango da egutegiko egunik garrantzitsuena. 11:30ean kalejira batekin hasiko dugu eguna, eta Solobarria plazan, 12:00etan, euskal dantzen erakustaldi bat egingo dugu. Oso berezia izango da taldeko pertsona guztiak dantzatuko dugulako eta dantza oso desberdinak egingo ditugulako. Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, Luhartz erromeria izango dugu Solabarria plazan. Honekin, euskal kulturari garrantzia eman nahi diogu, giro abegitsua, alaia eta parte-hartzailea sortu nahi dugu, herritarrak ere ospakizunaren parte senti daitezen eta zergatik ez, euskal dantzarekiko interesa piztu eta gurekin dantzak ikasteko interesa.
Eta, azaroan jarraituko duzue ospakizunekin. N.G.: Bai, txistupoteoren idea urteurrenari amaiera emateko modukoa izango da, ekitaldia guztiz informala izango da, tentsioa arintzeko (barreak). Poteoa gure kulturan oso errotuta dago eta oso eskuragarria da; beraz, horrek plan hurbila, erraza eta gustagarria bihurtzen du mundu guztiarentzat. Gainera, kaletik musikarekin joango gara. Espero dugu jendea gerturatzea eta gurekin bat egotea, ibilbidearen tarte batean bada ere. Basauri eta inguruetako jendea erakartzeko, sare sozialen bidez egingo dugu deialdia, baita dantzaren lagun eta lankideen arteko ahoz-ahokoaren bidez ere, horrelako ekimenetan giltzarri onak izan dira beti.
Atzera begiratuta, ba al dago Basauritarrak Dantza Taldearen espiritua edo arima ondo irudikatzen duen pasadizorik edo oroitzapen bitxirik? M.A.: Bai, asko! Gogoratzen dudan lehen dantza taberna sozialean izan zen, EAJren mitin batean, eta Rosa Maria Mateo kazetaria ekitaldira etorri zen lanera. Gainera gogoratzen dut guraso batek taldearen logoa egin zigunean. Bereizgarri bat genuen lehen aldia izan zen. Zelako ilusioa egin zigun horrek!
Taldea hiru hitzekin definitu beharko bazenute, zeintzuk lirateke? N.G.: Konpromisoa, kultura eta familia esango nuke. Asko deskribatzen dute gure iragana, gaurkotasuna eta etorkizuna.
M.A.: Nik bi esango ditut: kultura eta taldea.
Nola irudikatzen duzue taldea beste 50 urte barru? I.F.: Ziur Adimen Artifizialak entseguak antolatzen lagunduko digula! (barreak). Bromak aparte, orain daramaten pertsonek erakusten duten gogo berarekin irudikatzen dut Basauritar Dantza Taldea. Legatuak jarraitzen duela ikustea gozamena da!
N.G.: Zein zaila den gure eskuetatik ihes egiten digun zerbait imajinatzea! (barreak) Hemendik 50 urtera taldea neska-mutilen belaunaldi berrien errelebo bat izatea, betiko esentzia mantenduz, baina garai berrietara egokitutako taldea ikustea gustatuko litzaidake. Era berean, taldea eskualdean oraindik ere aktiboa izatea, eta Basauri herriaren bizitzan are gehiago parte hartzen jarraitzea. Ondo legoke euskal dantza eskolaz kanpoko ekintzetan lehenengo aukeratutako bat izatea.
Eta, azkenik, zer mezu helarazi nahiko zeniekete Basauriko herritarrei urteurren hau zuekin ospatzeko? N.G.: Lehenik eta behin, historiako uneren batean Basauritar Dantza Taldeko kide izan diren pertsona guztiei, baita gurekin egon diren erakunde, elkarte eta udal guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu. Haiek gabe, ez zen horrelakorik gertatuko. Eta Basauriko herritarrei jakinarazi nahi genieke gure taldea ere Basauriko historiaren parte dela. Bestalde, lotsa kendu eta gurekin parte hartzera eta dantzatzera animatzea esango nieke. Horrelako urteurren bat benetan berezi egiten duena ez da egitaraua bera, sortzen den giroa baizik. Beraz, animatu eta etorri gurekin dantzan!
https://geuria.eus/herriak/basauri/basauri-basauritar-dantza-taldea-50-…



