
Antzarak izango dira Markina-Xemeingo aratusteen protagonista nagusiak. Martxoaren 2an, goiz goizetik jai giroa egongo da herrian. Mozorroak gora eta behera, kalejira, umeentzako jolasak… Baina guztien protagonista: antzara-jokoa.
Goizeko 12:30etan hasiko da jokoa. 8 parte hartzaile, bakoitzak bere zaldiarekin, hartuko dute parte jokoan. Antzarak lotu eta gorputza koipetu ondoren, soka batetik zintzilikatzen dituzte. Orduan, animaliaren kokota apurtzen ahaleginduko dira zaldunak. Tradizio handiko jokoa da honako hau. Nahiz eta betidanik egon herrian, 60ko hamarkadan galdu egin zen. 1979. urtean berreskuratu zen berriro, eta harrez gero urtero ospatu izan da.
Antzar-jokoaren ondoren, herriko bazkariaren txanda izango da, 14:30etan frontoi handian. Ludoteka hezitzaileekin, tailerrak eta euskal karaokea ere egongo dira.



