Eskualdeko 150 dantzari ingururen topagunea

Zapatu honetan [azaroak 8], Nagusien Busturialdeko Dantzari Egunaren 37. ekitaldia hartuko du Gautegiz Arteagako pilotalekuak, 18:30ean hasita.

Alex Uriarte Atxikallende Gautegiz Arteaga  2025/11/05
Busturialdeko nahiz inguruko dantzariek bateragune berezi batez gozatzeko hitzordua dute zapatu honetarako [azaroak 8]: 37. Nagusien Busturialdeko Dantzari Eguna ate joka da. Arratsaldetik gauera bitarteko egitarauagaz, Gautegiz Arteaga izango da aurtengo ekitaldiaren kokagune, eta euskal dantzen maitale oro bertaratzera deitua dago.

Herriko talde eta aurtengo antolatzaile Artie Dantza Taldeaz gain, inguruko herrietakoak gonbidatuta daude: Bermeoko Alkartasuna, Busturiko Irrintzi Alai, Foruko Urdaibai, Gernika-Lumoko Elai Alai, Ibarruriko Baso Txoritxu eta Bakioko Itxas Alde. Guztira, 150 lagun inguru elkartzea aurreikusten dute. Herriko pilotalekua izango da dantza saioen eta bestelakoen epizentro, antolatzaileek argitu duten modura: “Eguraldi onagaz, gustatuko litzaiguke frontoiaren kanpoaldean, plazan, egin ahal izatea, baina badirudi guztia barnealdean egin beharko dugula; edozelan ere, giro ederra bermatuta egongo da”.

18:30erako ipini dute hitzordua, orduantxe abiatuko baitute hasiera ekitaldia. Talde denak aurkeztuta, dantzan hasterakoan, lehendabiziko guztiek batera egingo dituzte hiru dantza: “Lehenik eta behin, alarde modura, guztiok batera ariko gara, eta ostean banatuko gara taldeka”. Gizonezkoek Dantzari Dantzagaz ekingo diote dantzaldiari: Agintariena, Banakoa, Makil Jokoa eta Txotxongilo dantzak egingo dituzte. Ondoren, emakumezkoek Bizkaitik Gipuzkoara jauzia egingo dute: Agurra, Makil Txiki eta Uztai Handi dantzatuko dituzte. Sardinerekin biribilduko dute ekitaldiaren lehenengo zatia.

Ondoren, dantza taldeka banatuta, bakoitzak dantza bat egiteko ardura edukiko du. Etxeko taldeak Kate Dantza egingo du; Baso Txoritxuk, Ikurrin Dantza, Elai Alaik, Kortes; Urdaibaik, Tuterako San Joan Paloteado dantza; Irrintzi Alaik, Araba; Alkartasunak, Lapurdiko dantzak; eta, azkenik, Itxas Aldek, Makil Dantza (Sorkuntza). Dantzaldiaren azken txanparako, talde guztiak bildu egingo dira berriro, eta Larrain Dantza egingo dute: “Gainera, ikusleetako norbaitek baldin badaki, aukera edukiko du multzora batzeko eta dantza egiteko”. Guztira, “ordu eta erditik gora” iraungo du ekitaldi nagusiak.

Gaualdiaz.
Dantza saioa biribilduta ere, oraindik gozatzeko tartea edukiko dute. Izan ere, dantzalekua bera, frontoia, jantoki bilakatuko da: talde afari herrikoia egingo dute, 21:3oean hasita. Egitaraua zuzeneko musikaz burutuko dute, 23:00etatik 02:00etara: Lotxo taldeak erromeria kontzertua emango du.

Gautegiz Arteagaren antolakuntza lekukoak, ohikoa den legez, txandapasa egingo du hurrengo urtean: “Bermeon egingo dira bai Nagusien Busturialdeko Dantzari Eguna, bai Busturialdeko Dantzari Txikien Eguna; biak ala biak Alkartasuna taldeak antolatuko ditu”.

https://busturialdea.hitza.eus/2025/11/05/eskualdeko-150-dantzari-inguru...

busturialdea.hitza.eus
5 Noviembre 2025